Kanporaketaren zain

Peñagarikano eta Azurmendi finalerdietan sartu dira, izerdia aterata

2006ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Finalerdietan sartzeko kanporaketa bat geratzen da soilik Binakako Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finalerdiak erabakitzeko. Kanporaketa hori igandean jokatuko dute Dulantzin, honoko hiru bikook: Nazabal-Erdozia, Barberena-Lopez eta Olasagasti-Etxebestek. Bistan da, norgehiagoka erakargarria izango dela.

Ligaxkako azken saioa herenegun jokatu zuten, Lesakan. Bezperan jakinarazi zuen Nazabalek ezin izango zuela esku hartu saioan, tripetako arazoengatik. Ondorioz, Bengoa antolatzaileak Xabier Orbegozo Arria V.ari deitu zion.Bazirudien aise gailenduko zirela Peñagarikano eta Azurmendi; besteak beste, Arria V.a gutxi prestatuta dagoelako; horrela aitortu zuen. Gauza da, ordea, lehen bi probetan Erdozia eta Arria V.a nagusitu zirela.Hirugarren proban hasi ziren segundoak jaten Peñagarikano eta Azurmendi, ligaxkakoan, hiru txandatan irabazi ondoren. Halere, soilik 13 segundoko aldea jan zuten. Hortaz, azken probari 53 segundoko aldea zutela ekin zioten Erdoziak eta Arria V.ak (puntuetan: 3-5).Azken proban agertu zen bi bikoen arteko aldea. Azkenean, bi minutu eta 24 segundoko aldea atera zuten Peñagarikanok eta Azurmendik. Hauek izan ziren azken denborak: Peñagarikano-Azurmendik 27.42; Erdozia-Arria V.ak 29.28. Beraz, minutu bat eta 56 segundoko aldea.

Peñagarikanok aitortu du errazegi ikusi zutela garaipena, eta kalte egin ziela, egurretan agerturiko adabegiez gain. Beizamakoa urteko helburuez mintzo da: «Egur gogorretan asko jaisten naiz, baina iazkoaren antzera nabil. Euskadiko Txapelketan ez nuen esku hartzeko asmorik izan, baina ongi aritu nintzen. Aurtengoari begira, udan nolako gorputzaldiarekin amaitzen dudan erabakiko dut. Bestalde, urtetik urtera nabaritu dut beheraldia bai iraupenean bai nerbioan; denak du eragina».22 urtez azpikoan, Unai Aldapek eta Aitzol Atutxak 58 segundoko aldea atera zieten Xabier Mindegia eta Oihan Larretxeari, puntuetara galtzaileak nagusitu arren (6-11). Azken denborak: Aldape-Atutxa 23.13; Mindegia-Larretxea 24.11.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.