Eibarren kapitainetako bat da Sergio Alvarez (Aviles, Espainia, 1992), eta ondotxo daki zer den Lehen Mailara igotzeko kanporaketetan sartzeko lehia bete-betean egotea. Zortzigarren denboraldia du Eibarren, eta berriki 2028ra arte luzatu du kontratua: «Etxean bezala sentitzen naiz hemen». Abenduan Eibar jaitsiera postuetan bazegoen ere, egoera iraultzea lortu dute. Bigarren itzulian partida bakarra galdu dute, eta orain zazpigarren dira, Burgos —kanporaketetarako sailkatuko litzakeen azken taldea— seigarren sailkatuarekin puntuetan berdinduta. Atzean talde «sendoagoa» direla uste du Alvarezek, eta aurrean «eraginkorragoak». Baikor eta konfiantzaz daude azken txanpa erabakigarriari heltzeko. Gaur aurkari zuzen baten kontra jokatuko dute, Ipuruan: Malagaren aurka (21:00, La Liga).
Liga amaitzeko bost partida falta zaizkizue. Nola zaudete?
Bolada onean gaude. Partida garrantzitsua dugu larunbatean [gaur], eta gogotsu gaude Ipuruan jokatzeko. Oso indartsu eta eroso sentitzen gara gure zaleen aurrean.
Abenduan jaitsiera postuetan zeundeten; orain, ordea, Lehen Mailara igotzeko kanporaketen sartzeko lehia betean. Zaila bazirudien ere, egoerari buelta eman diozue. Nola lortu duzue hori?
Egoera txar horren ondotik, uste dut askoz gehiago baloratzen ari garela taldea egiten ari den guztia. Bolada zail batetik gentozen, ez ginen ondo sentitzen zelaian, eta ez ginen ondo lehiatzen ari. Orain, ordea, lehiakor izatea eta jokatzerakoan segida edukitzea lortu dugu. Talde sendoa izateaz gain, eraginkorragoak ere bagara ate aurrean. Multzo oso ona eta sanoa dugu: hori da gure indargune nagusia. Mundu profesionalean nekez topa daiteke gurea bezalako multzorik. Entrenatzaile multzoa ere oso ona da. Taldeari zukua ateratzen ari dira, eta orain nabaritzen ari da egindako lana.
«Multzo oso ona eta sanoa dugu: hori da gure indargune nagusia. Mundu profesionalean nekez topa daiteke gurea bezalako multzorik»
Bigarren itzuliko hamasei partidetatik bakarra galdu duzue. Gainera, sei gol sartu dizkizuete soilik. Jokatzeko garaian aurrerapauso handia eman du taldeak. Baina zertan zehazki?
Bai, nahiz eta lehen itzulia emaitzen aldetik kaskarra izan, zelaian bertan ez ginen gaizki sentitzen. Dena den, oso erraz sartzen zizkiguten golak. Gainera, sailkapenaren behealdean zaudenean, ematen du aurkariaren atea txikiagoa dela, eta nahiko kostatu zitzaigun golak sartzea. Orain, egoera irauli dugu. Atzean sendo ari gara, eta, pixkanaka, taldea askoz hobeto moldatzen ari da baloia duenean. Aurrean maila handiko jokalariak ditugu, eta orain ikusten ari gara taldeak nolako gaitasuna duen. Partidako gidoia edozein dela ere, egokitzeko gaitasuna dugu. Gozatzen ari gara partidetan. Garai oso onean gaude, eta orain disfrutatu behar dugu, ez baita oso ohikoa futbolean horrelako momentu gozoak izatea.
Lehen sailkatuaren eta zortzigarrenaren artean bederatzi punturen aldea besterik ez dago. Nola ikusten duzu kanporaketetan egoteko lehia?
Azken boladan lehiakor ari gara, eta horri eutsi behar diogu. Ezin gara urduri jarri partida bat galtzen badugu, ezta bat irabazten badugu ere. Esperientzia handiko zenbait jokalari gaude taldean, denboraldi asko daramatzagu Bigarren Mailan jokatzen, eta badakigu azken partidako azken minutura arte borrokatu beharko dugula. Ez gara zoratuko, ezta epe luzerako helbururik jarriko ere. Partida bakoitza mimoz eta ilusioz prestatuko dugu, eta, noski, kanporaketetan sartzeko helburua dugu buruan, baina zoratu gabe.
Kanporaketak jokatzeko sailkatuz gero, zer aukera duzue Lehen Mailara igotzeko?
Esperientzia nahikoa dut kanporaketetan [barrez]. Denboraldi honetan sailkatuz gero, seigarren aldiz jokatuko ditut. Beste sasoi batzuetan, taldearen helburua zuzenean igotzea zen, eta orain egoera desberdina da. Taldea fresko iritsiko da azken txanpara. Bolada oso onean gaude, eta, sailkatuz gero, uste dut taldeak lan handia egingo duela. Denok dakigu gainerako taldeek ere maila handia dutela, baina ilusioz nago falta zaizkigun bost partidetan egin dezakegun lanarekin. Kanporaketetan sartzen saiatuko gara, eta, horretarako, lehiatzeko erakusten ari garen gaitasunari eutsi behar diogu. Horrela iritsiz gero, aurkari zaila izango gara mendean hartzeko.
Bost partida horietako bat gaur jokatuko duzue, Malagaren kontra. Aurkari zuzena izanda, non uste duzu egongo dela lehia irabazteko gakoa?
Malaga talde handia da, eta aurrean jokalari gazteak dituzte, kalitate handikoak. Etxean jokatzen dugu, ordea. Konfiantzaz gainezka gaude Ipuruan jokatzen dugun bakoitzean; oso ondo lehiatzen ari gara. Zaleak bete-betean daude taldearekin, eta larunbatean [gaur] Ipuruara etortzeko deia egingo nioke jendeari. Irabazten saiatuko gara, ahalik lehiakorrenak izaten, jakinda partida garrantzitsua dela, zuzeneko aurkari baten aurka.
Oraintxe berritu duzu kontratua taldearekin, 2028ra arte. Zortzigarren denboraldia duzu Eibarren. Dagoeneko etxekoa zara.
Lehen kontratua sinatu nuenean, ez nuen uste zortzi denboraldi eta gero hemen egongo nintzenik. Izugarri ondo tratatu naute: etxean bezala sentiarazi naute. Beraz, kontratua berritzeko aukera eman didatenean, nahiko erraza izan da erabakia hartzea. Oso gustura nago hemen, eta uste dut futbolari moduan ere hazten jarraitzen dudala. Klubaren aldetik, maitatua eta baloratua sentitzen naiz. Klub xumea izan arren, anbiziotsuak gara, eta gehiago nahi dugu.
«Oso gustura nago hemen, eta uste dut futbolari moduan ere hazten jarraitzen dudala. Klubaren aldetik, maitatua eta baloratua sentitzen naiz»
Funtsezko jokalaria zara Beñat San Joseren hamaikakoan. 32 partida jokatu dituzu, horietatik hamasei hasieratik. Zein izan da horretarako gakoa?
Fisikoki oso garai onean nago. Gainera, pilatu dudan esperientziari esker, ondo jokatzen ari naiz. Zelaian asko gozatzen ari naiz; baita egunerokoan ere, taldekideekin batera. Denboraldia oso azkar pasatzen ari da, asko disfrutatzen ari bainaiz. Ahalik eta hobekien bukatu nahi dut, nire bertsiorik onena emanez.