Ez dago bere sasoi puntu onenean, baina baliabide asko ditu, eta horiek erabiltzen daki. Baskoniak ez zuen bideoan gordetzeko partidarik jokatu Malagan, baina final-laurdenetako sailkapena askoz gertuago dago gaur, atzo baino. Partida hausteko aukera onak utzi zituen bide bazterrean. Unicajari arnasa eman zion, haiek itota zeudenean. Jokalari zenbaitzuk kritikatzeko moduko erabaki okerrak hartu zituzten, baina garaipenarekin bueltatu da. Gauza gehiago egin zituelako txukun, trakets baino.
Azken laurdeneko defentsa bikaina, adibidez. Batista eta Pau Ribasen eskutik, hazi egin zen taldea. Garrantzitsuak izan ziren, era berean, Baskoniak saskiratutako 13 hirukoak, asko, 34 jaurti bazituen ere. Unicajak behartu zuen horretara, zonakako defentsa zorrotz baten bitartez. Malagakoek ondo itxi zien bidea lehen zatian Barac eta Batistari, eta haien ezina ikusita, urruneko jaurtiketetatik bizi behar izan zuen Ivanovicen taldeak. 10 hiruko saskiratu zituen denera, horietako hiru David Loganek.
Gasteizko taldeak %47 asmatu zuen hirukoetan lehen zatian, eta neurri handi batean, horri esker eutsi zion aurreari markagailuan: 35-41. Bikoetan ez zen hain ondo ibili, baina Unicaja ere bada horren errudun, ez zituelako saskiraketa errazak baimendu saskitik gertu. Bistakoa zen hirukoen portzentaje hori ez zela antzera mantenduko bigarren zatian, ia ezinezkoa delako %50 asmatzea, eta eraldatu egin zen erabat Baskonia. Kanpotik lehen zatian, eta barrutik bigarrenean.
Batistaren eskutik, gainera. Tokiz kanpo ibili zen lehen zatian uruguaiarra, ezinean Joel Freelanden gorpuzkera zabalarekin. Ernegatuta. Bigarren zatian, ordea, saskiraketa pare bat lortu zituen errebote biren ondoren, eta piztu egin zen. Saski batean eta bestean, nagusi egin zen, eta asmatzen hasi zen. Huertasekin egindako blokeo eta jarraipenak fruituak ematen hasi zen, eta Batistak 10 puntu eta 14 erreboterekin bukatu zuen norgehiagoka.
Egin behar ez zuen kirolaren aurkako falta batekin bukatu zen bere lana, baina balantza bere kemenari esker desorekatzeak ematen duen lasaitasunarekin. Pibotaren balorazioa 18 punturaino igo zen, baina Baskoniako onena Batista berari jaten ematen dion buru adimentsua izan zen: Marcelinho Huertas. Brasildarrak 19 puntu saskiratu zituen, lau errebote hartu, beste hainbeste asistentzia eman, eta zazpi falta behartu. Lau baloi eman zituen, baina puntu asko egin eta sortu ere bai.
Nabarmentzeko modukoa da Loganen punteri ona, partida hasieran. Pau Ribasek Unicajako Roderik Blakneyri egin zion defentsa bikaina. Bjelicaren minutu onak, errebotean lagunduz, eta Teletovic eta San Emeterioren unean uneko laguntza. Bosniarrak 13 hiruko ahalegin egin zituen, eta hiru bakarrik sartu, Batzuk modu traketsean. Bere alde, bereganatutako zortzi erreboteak. San Emeteriok arazoak izan zituen faltekin, baina 14 puntu pilatu zituen bukaeran, horietatik bost azken laurdenean. Lasaitasuna, konfiantza eta indarra ematen duten puntuak.
Kanpotik eta barrutik
Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Malagan; erabakigarriak izan dira Batistaren bigarren zatia eta Huertasen gidaritza ona13 hiruko sartu ditu Baskoniak, baina ez da partida biribila izan, gorabeheratsua baizik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu