Pilota

Kastaz eta distiraz

Ezkurdiak eta Martijak erakustaldia eman dute finalerdietako ligaxkako lehen partidan, eta 22-16 garaitu dituzte Jaka eta Zabaleta. Azken txanpan tentsioa hobeto kudeatu dute garaileek

jon eskudero
2020ko martxoaren 7a
22:00
Entzun

Sumatzen zuten Iruñeko Labritera gerturatuko pilotazaleek egun egokia zela txapelketako partida bat ikusteko, eta dira erratu. Ez horixe. Besteak beste, jarraitzaile dezente geratu diren pilotalekura sartu ezinik, sarrera guztiak salduta zeudelako, baina sartu direnek zorte ederra izan dute. Izan ere, neurketa ikusgarria izan da finalerdietako ligaxkako lehenengoa. Denetarik izan du: gogortasuna, kalitatea, distira, tenplea… Eta pronostikoak hautsiz, Ezkurdiak eta Martijak irabazi diete Jakari eta Zabaletari: 22-16. Azken horiei txapelketa guztian ez bezalako egoera bizitzea tokatu zaie, ligaxkan hamalau partidatatik hamabi irabazi ondoren, ibili dira aurrenekoz estu eta larri. Partida ona jokatu dute, baina bi aurkari bikainekin egin dute topo. Ezkurdiak erakustaldia eman zdu lehen zatian, eta Martijak atzelari batek egin dezakeen lanik onena egin du bigarrenean. Hala, ligaxka sasoi onarekin hasi dute bi nafarrek.

Lehen tantoetan aurkarien neurrian egotea oso garrantzitsua zela bazekiten irabazleek, besteak beste, pilotek distira gehien daukatenean zabaltzen baititu tarte handienak Zabaletak. Ordea, bilatu ditu  neurriko zapatak Etxarrengo atzelariak. Martijak hasiera ona egin du eta piloteoari eutsi ez ezik, tarteka bizkarra erakutsi  dio Zabaletari. Ondorioz, atzeko koadroetako oreka horri Ezkurdiak atera dio etekinik handiena. Beste behin, izar baten pare aritu da, berak hartu du partidaren zama, eta erasoan trebe jokatu du etengabe. Erritmo handia ezarri du kantxan, eta Jaka defentsan aritzera behartu. Ezker airea nahi bezala baliatzerik ez du izan lizartzarrak. Aurrean eginiko lehen tantoa 8-6koa izan du.

Ordura arte oreka izan da nagusi, baina 8-6kotik 13 eta 8ra igaro da norgehiagoka. Bost tantoko alde garrantzitsua eskuratu dute gorriek. Batez ere, kastari esker. Lan erdiak arte pilota bana besterik ez zituzten galduak Jakak eta Zabaletak, baina Ezkurdiaren inspirazioa apartekoa izan da. Gogoangarria izan da 11-8an egin zuen tantoa. Lehenbizi, zabalean ezinezkoa zirudien pilota altxatu du, eta gero hark bukatu du tantoa. Pilotazaleak zutik jarri ditu lau t’erdiko txapeldunak. Laineza hartuta zegoen, eta Jaka eta Zabaleta, berriz, egoera zail bat kudeatu beharrean. Tentsioak gain hartuta, akaso.

Bazirudien garaileek alde polita zutela partidaren bigarren zatiari aurre egiteko, baina urdinak ez zeuden amore emateko. Pilotak pixkanaka gastatuz joan dira, eta horrek mesede egin die Jaka eta Zabaletari. Atzelariak gehiagotan erakutsi dio bizkarra Martijari, eta Jakak ere asmatu du tantoak bukatzen. Aldea a murriztuz joan  dira: 15-10, 15-13 eta 17-16. Tanto soil batera ere hurbildu dira. Baina hortxe bukatu da haien itxaropena. Fisikoki apur bat behera egin du Martijak, baina kasta izugarria duela erakutsi, eta azken txanpari berria bezala ekin dio. Berriz ere partida irabazteko aukera eskura jartzean, beldurra sartu zaie urdinei, eta ez dute asmatu egoera kudeatzen. Horretan ondoen egon zena Ezkurdia izan da. Aspaldiko mamuetatik urrun, aurpegia eman du Arbizukoak, eta azken tantoetan burutsu aritu da Taktikoki ongi, eta jokoz ere bai.

Besteak beste, une erabakigarrienean jokoan asko sartzea erabaki du Ezkurdiak. Boleaz ordura arte baino gehiago lagundu dio  Martijari, eta ezkerrez ere ezin hobeto asmatu du pilota zabaltzen. Jakak bi bider huts egin du pilota ezker hormara biltzerako garaian. Beste martxa bat sartuta, gorriak zuzenean heldu dira 22ra, eta oso puntu garrantzitsua eskuratu dute. Teorian, ligaxkako bikote faboritoari irabazita, finala gertuago dute. Jakak eta Zabaletak, bestalde, ezingo dute ia hutsik egin geratzen zaizkien bi partidetan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.