Kezka baino gehiago

Jorge Lorenzok lortu du 'pole'-a Italiako Sari Nagusian, MotoGP mailan, eta laugarren izan da Valentino Rossi

Erredakzioa
Donostia
2009ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Etxean ere oilartu zaio. Valentino Rossi italiarrak (Yamaha) irabazi du azken zazpi denboraldietan Italiako Sari Nagusia, eta bera da gaur ere proba irabazteko faboritoetako bat. Baina italiarra ez da lasai egongo. Jorge Lorenzo taldekideak Munduko Txapelketako lehen postua kendu zion orain bi aste Frantziako Sari Nagusia irabazita, eta atzo ere berak lortu zuen pole-a MotoGP mailan. Inoizko sasoirik onenean dago Lorenzo, eta Yamaha motoari neurria hartu diola dirudi. Atzoko entrenamendu saioa da adibiderik argiena. Loris Capirossi italiarrak (Suzuki) ezustea eman eta denborarik onena lortu zuen entrenamenduak amaitzeko bi minutu eskas falta zirenean (1.49,121). Casey Stonerrek (Ducati) huts, Rossik ere huts... Bazirudien Suzukikoak lortuko zuela pole-a. Baina 1.49 minutuko langa apurtuta, kataluniarrak egin zuen denborarik onena saioa amaitzeko hamar segundo falta zirenean (1.48,987).

Iraunkortasuna falta izan zaio lasterketa batzuetan Lorenzori, baina itzuli bakarreko saioan oso azkarra dela erakutsi zuen atzo, beste behin ere. Munduko Txapelketako lehen postuan dago, psikologikoki indartzen ari da, eta motoa ere onenaren parekoa dauka. Lorenzo, Stoner eta Capirossi. Hiru pilotu horiek irtengo dira gaur lehen lerrotik. Ezustean, laugarren postuan irtengo da Rossi, bigarren lerroan. Dani Pedrosa (Honda), berriz, Munduko Txapelketako laugarren sailkatua, zortzigarren irtengo da. Kataluniarrak arazoak izan zituen atzo ezkerreko belaunean eta eskuineko ipurmasailean.

Entrenamenduetako denborak gorabehera, Mugelloko zirkuituak badu beste ezaugarri bat: azken zuzengune luzea. Ia kilometro eta erdiko zuzengunea dauka Italiako zirkuituak, eta azken itzulira lauzpabost pilotu elkarrekin iritsiz gero, ikusgarria izango da azken bihurgunea. Zaleak izango ditu alde Rossik, eta azken zazpi denboraldietako garaipenak ere bai. Lorenzo, ordea, hazita dabil. Horien itzalean, isil antzean dabil Stoner. Berak irabazi zuen txapelketako lehen proba, Qatarren, eta Lorenzorengandik puntu bakarrera dago sailkapen nagusian, Rossirekin berdinduta.

250 cc-koan, Bautista

Alvaro Bautista (Aprilia). Besterik ez da entzuten 250 cc-ko mailan. Espainiarra dago lider Munduko Txapelketan, eta atzo ere berak lortu zuen denborarik onena entrenamendu ofizialetan. Apriliakoak Marco Simoncelli italiarra (Galera) -egungo munduko txapelduna- eta Hector Barbera kataluniarra (Honda) utzi zituen atzean atzo. Frantziako Sari Nagusian ere Bautistak lortu zuen pole-a, eta bera ari da izaten erregularrena litro laurdenean.

Eta 125 cc-koan bi britainiar izan ziren azkarrenak atzo: Bradley Smith (Aprilia) eta Scott Redding (Aprilia). Julito Simon (Aprilia) dago lehen postuan Munduko Txapelketan, baina espainiarrak hirugarren postuarekin etsi behar izan zuen atzo. Oso pilotu azkarra da Smith, eta aurreko denboraldiarekin alderatuta askoz ere sendoago ari da orain. Beti muga-mugan ibili zalea da britainiarra, eta horregatik galdu zituen aurreko denboraldian puntu asko. Denboraldi honetan, ordea, Espainiako Sari Nagusia irabazita dago jada, eta Simonengandik sei puntura dago sailkapen nagusian. Efren Vazquez bilbotarra (Derbi), berriz, 15. postuan irtengo da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.