Umezurtz geratzeko arriskuan dago aizkora mundua. Uda garaian herrietako festak han eta hemen izaki, herri kirolen erakustaldiak ere izango dira makina bat, baina baliteke egurrak usteltzen hastea udazkenetik aurrera. Besteak beste, hogei urtetik gora egin ditu aizkora txapelketak antolatzen Egur Sport enpresak, Luis Mari Bengoaren gidaritzapean, baina, hark erretiroa hartu zuenetik, inor ez dago prest ibilbide horrekin jarraitzeko. Urte osoko egutegian toki zabala hartzen zuten Bengoaren txapelketek, guztira lau lehiaketa antolatzen baitzituen. Orain, udako erakustaldiak alde batera utzita, soilik lurraldeko eta Euskal Herriko txapelketak dituzte jomugan aizkolariek, Donostiako Urrezko Kopaz eta Ramon Latasaren oroimenezkoaz gain —egun bakarreko lehiak dira azken bi horiek—. Hortaz, aizkorak plazara ateratzeko aukera gutxi izango dute aizkolariek aurrerantzean, eta, gauzak aldatzen ez badira, litekeena da ondorioak larri samarrak izatea. Egoera dela eta, kezkaturik dago herri kirolen mundua.
Gaiari buruz hitz egin dute BERRIArekin Karmele Gisasolak (Mallabia, Bizkaia, 1994) eta Julen Alberdi Txikia-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1991). Aitortu dute hutsune nabarmena sortuko dela behin uda sasoia pasatuta, baina Gisasolak uste du oraindik ez direla jabetu egoeraren larriaz. «Udako plazek salbatuko gaituzte asko eta asko, baina gerora ez dakigu zer gertatuko den. Ezjakintasun handia dago. Bengoaren txapelketek azarotik maiatzera bitarteko egutegia betetzen zuten ia osorik, eta, hori berreskuratzen ez badugu, aizkolariok etxean geratzeko arriskuan egongo gara». Bat dator Alberdi. «Bengoak lau txapelketa antolatzen zituen, eta oso egoki gainera. Beti hartzen zuen kontuan aizkolariok sasoi horretan genuen jarduna, eta horretan oinarritzen zituen bere probak. Urteen poderioz ikasiz joan zen, eta orain faltan sumatuko dugu. Negua hotz joateko arriskua dago».
«Bengoaren txapelketek azarotik maiatzera bitarteko egutegia betetzen zuten ia osorik, eta, hori berreskuratzen ez badugu, aizkolariok etxean geratzeko arriskuan egongo gara»
KARMELE GISASOLAHerri kirolaria
Aizkoraren modalitatea izango da kaltetuena. Gaur-gaurkoz, harri jasotzeak baditu hainbat lehiaketa, aizkorak baino askoz gehiago. Gisasola: «Harri txikien txapelketa, Igeldoko harria, Harri Herri… Orain, osasunez ongi dago harri jasotzea, ez baita falta lehiaketarik. Ikusi dugu azken urteetan zer-nolako gorakada izan duen partaidetza kopuruak». Ordea, aizkorak sufrituko du gehien, Alberdiren esanetan. «Beterano garenok jada egina daukagu gure ibilbidea, baina gazteen artean ikusten dut hutsune nagusia. Bengoak antolatzen zituen txapelketetan beti hartzen ziren aintzat gazteak, 23 urtez azpiko edo hemeretzi urtez azpikoentzako lehiaketak egiten baitzituen. Erakargarria zen aizkolari berrientzat, plazara atera zitezen eta euren burua ikusaraz zezaten».
Aizkolari gazterik ez badago, ez dago etorkizunik, eta telebistarik ez baldin badago ere ez. «Kasik igandero izaten ziren aizkora emanaldiak ETBn, eta gehientsuenetan Bengoak antolaturiko txapelketek izaten zuten tokia. Telebistan agertzen den produktuak badakigu zer onura dituen: jendea erakartzen du, babesleen bultzada lortzea errazagoa da, udalena ere bai… Gainera, emakumeoi asko lagundu digu telebistak. Lagundu digu existitzen garela aldarrikatzen, eta horri esker plaza gehiago lor ditzakegu urtean zehar, herriko jaietan edo bestelako ekitaldietan», adierazi du Gisasolak. Telebistaren presentzia funtsezkoa dela uste du Alberdik ere. «Dena gurpil bat da. Badakigu ETBk ateak zabalik dituela eta interesa baduela aizkora emititzen jarraitzeko, baina produktua falta zaigu. Eta produktu hori antolatuko duen norbait».
Zein da irtenbidea?
Aurrera begira daude aizkolariak, baina badakite ez dela erraza izango irtenbide egoki bat topatzea. Baliteke telebistak aizkora txapelketa bat antolatzea, harri jasotzearekin Harri Herri antolatzen duen moduan, baina urte osoko egutegia betetzeko askoz gehiago beharko da. Alberdi: «Egitura zabal bat behar da. Enpresa baten atzean gauza asko daude: udalekin dituen harremanak, babesleekin egindako hitzarmenak, telebistarekin duen lotura… Dena den, zailena egurrak jartzea da. Lan konplikatua da, eta garestia. Oso zaila da hutsetik hastea, ia ezinezkoa. Aizkolariok gure lanbidea dugu, eta ez dut inor prest ikusten zezenari adarretatik eusteko». Gisasolaren esanetan, funtzionatzeko modua aldatzea izan daiteke soluzioetako bat. «Enpresa bat bere horretan zabaltzea ia ezinezkoa iruditzen zait. Saltsa handia da, eta gainera lan honek asteburuero lanean jardutea eskatzen du. Gaur egun jende gutxi dago horretarako prest. Herri kirolen munduan beti izan dira kritikak, eta akaso ordua heldu zaigu ohartzeko gehiago lagundu behar geniokeela elkarri, kritikatu beharrean».
«Bengoak antolatzen zituen txapelketetan beti hartzen ziren aintzat gazteak, 23 urtez azpiko edo hemeretzi urtez azpikoentzako lehiaketak egiten baitzituen» JULEN ALBERDI 'TXIKIA'Herri kirolaria
Urrutira joan gabe, udaberri honetan hiru aizkora apustu jokatu dira, aspaldiko gehien. Baliteke luze gabe apustu gehiago sortzea, aizkolari asko plazara ateratzeko desiratzen egongo baitira. «Entrenatzen jarraitzeko motibazioren bat bilatu nahiko dute askok». Dena den, apustu batean soilik bi kirolari lehiatzen dira, eta hori ez da soluzioa. Txapelketak antolatzen jarraitzea da irtenbidea. «Jende asko eta asko dago arazo honen atzean, eta espero dugu norbait edo zerbait mugituko dela», dio Gisasolak. Telebistaren babesa ez ezik, instituzio publikoen bultzada ere eskertzekoa litzateke. Alberdi: «Aizkora, kirola izateaz gain, gure kulturaren ondare da».