Arrauna

Kinka larrian daudela jokatuko dituzte etxeko estropadak

Denboraldi honetan lehen aldiz, Galizian jokatuko dituzte estropadak Eusko Label eta Euskotren ligetako ontziek. Gaur, A Pobra do Caramiñalen ariko dira; bihar, Boiron. Cabo azken postuan dago, puntu gutxirekin eta estu; zaila izango du mailari eustea.

Cabo, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Cabo, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) estropadan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko abuztuaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iago Davila Caboko entrenatzaileak argi esan zuen: «Helburua salbatzea da. Ezin dugu amestu hori baino gehiago lortzea». Eta galiziarrentzat hau ez da, ez, amestutako denboraldia. Sasoi erdia eginda, azken postuan daude, hemezortzi punturekin. Koxka bat gorago dute 11. sailkatua: Kaiku, 25 punturekin. Eta zer esanik ez mailari eustea bermatuko liokeen hamargarren postua: Ondarroa, 42 punturekin.

Beraz, kinka larrian dago Cabo. «Espero baino apur bat hobeto hasi genuen denboraldia, eta, orain, alderantziz. Uste genuen hasierako mailari eutsi ahalko geniola, eta azken hiru estropadetan azken postuan bukatu dugu», horrelaxe esan du, zorrotz, Cosme Sampedro Galiziako taldeko arraunlariak. Hamar estropadetatik lautan izan da Cabo ontzirik makalena, beste lautan azken-aurreko postuan amaitu du, eta bitan, hamargarren. Azkenekoetan, gainera, dezenteko aldeaz izan da trainerurik txarrena.

Ez da erraza halako egoerak kudeatzea: «Mentalki batzuei gehiago kostatuko zaie, eta beste batzuei gutxiago; batzuek hobeto egingo diote aurre, eta beste batzuek, okerrago. Baina gogorra da».

Borrokan segitzeko indarra badute, ordea. «Saiatuko gara kanporaketetarako sailkatzen eta zuzeneko jaitsiera saihesten. Oraintxe, azken postuan gaude, eta puntu dezentetara dugu Kaiku. Zaila izango da, baina matematikoki posible da oraindik». 2014tik dago Cabo Eusko Label ligan, eta mailari eutsi nahi dio, nola edo hala. Ordutik, gorabeheratsu ibili arren, inoiz ez ditu jokatu kanporaketak.

Oraingoan, ez dago haien esku; ez behintzat erabat. Entrenamenduetan lan ona egin eta majo saiatuta ere, beste 11 ontzi dituzte parean, haiek ere jo eta su, eta, dirudienez, sendoago. Aurkariei erreparatuta, honelaxe esan du Sampedrok: «Gure aurkari zuzena Kaiku izan daiteke; gaizki aritutako batzuetan baita Ondarroa ere. Baina gainerakoak esperientzia handiagoa dute edo indartsuagoak dira. Dezenteko diferentzia dago, egia esan». 

Kontua da haien aurkari Kaikuk izan dituela egun hobeak: Orioko estropadan lehen txanda irabazi zuen, eta aurreneko estropadan —Bilbokoan— eta azken-aurrekoan ere —Hondarribikoan— bederatzigarren amaitu zuen. Hortxe koxka, eta hortxe bi taldeen arteko puntu aldearen arrazoia.

«Saiatuko gara kanporaketetarako sailkatzen eta zuzeneko jaitsiera saihesten. Zaila izango da, baina matematikoki posible da oraindik»

COSME SAMPEDRO Caboko arraunlaria

Helburua lortzekotan, lehenbailehen irauli beharko du Cabok orain arteko joera, gaurtik hasita. Hain zuzen, estropada bereziak jokatuko dituzte asteburuan, etxean arituko baitira, Galizian: gaur, A Pobra do Caramiñalen (18:20, ETB1), eta bihar, Boiron. Estropada eremuak aztertu ditu: «A Pobrako estropada oso fisikoa izango dela uste dut. Estropada eremua babesean dago, eta, gainera, sei luze egingo ditugu; horrek frenarazi egiten du ontzia. Biharkoa, berriz, ustez eremu neutroa da. Hori ere gogorra izango da, agian Euskal Herriko itsasokoa baino zertxobait gehiago».

Badu azken saioetan baino hobeto aritzeko esperantza. Izan ere, normalean kontra dutena alde izango dute orain: ez dute bidaiatuko. Eta, gainera, zale gehiagoren bultzada izango dute. Sampedrok kontatu duenez, taldekide askok lehen urtea dute goi mailan, eta familia gertu izateak motibatzen ditu: «Bi estropada hauetan jende ezagun asko izango dugu inguruan, eta gogoz gaude maila hobexeagoa erakusteko, ahal bada». 

Talde gaztea du Cabok. Eskarmentu handiko batzuek utzi egin dute trainerua, eta, hortaz, aldaketa asko eta garrantzitsuak izan dituzte ontzian. «Talde guztiek dituzte belaunaldi aldaketak, baina agian ez hain bat-batean eta hain hutsune garrantzitsuekin. Cabok hala izan du», azaldu du galiziarrak. Hala ere, hori ez da aitzakia: «Saiatuko gara borrokatzen eta eman dezakegun maila ematen».

Maniobra gehiago

Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziek ez dute ohiko lan saioa izango gaur. Emakumezkoek hiru luze eta bi ziaboga egingo dituzte (17:25, ETB1); normalean, bi luze eta ziaboga bat izaten dira. Gizonezkoek, berriz, sei luze eta bost ziaboga egingo dituzte; normalean, lau luze eta hiru ziaboga izaten dira. Ohi baino maniobra gehiago egin beharko dituzte, beraz. Ikusi beharko da zer talde moldatzen den horretan ondoen. Euskotren ligako ontzi guztiek bidaiatu beharko dute, ez baitago Galiziako talderik. Eusko Label ligan, berriz, bi daude: Ares eta Cabo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.