Arkitektoa

Miren Vives: «Kirol instalazioen funtzionaltasuna definitzeko orduan, ez da kontuan hartzen genero ikuspegia»

Vivesek adierazi du hainbat kontu ez direla aintzat hartzen kirol azpiegituretan, eta haien diseinuaren inguruan hausnartu du. Azaldu duenez, kiroldegi asko herriguneetatik kanpo daude, eta segurtasun pertzepzioan eragina du horrek.

JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Zarautz
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Projekta Urbes hiri aholkularitzako proiektuaren sortzailea eta kidea da Miren Vives arkitektoa (Mendaro, Gipuzkoa, 1973). Zarautzen dute bulegoa, eta «gizartea helburu hartuta» egiten dute lan. Halaxe diote: «Erakunde publikoei ingurune osasungarri eta inklusiboak irudikatzen eta gauzatzen laguntzea da gure xedea». Lehen kolpean askok ez lituzkete lotuko kirola eta arkitektura, baina hor ere badago zer hausnartua eta zer kontatua. Donostian egindako Emakumeak eta Kirola kongresuan hitz egin zuen joan den astean, eta bertan, besteak beste, formazioaren beharra azpimarratu zuen.

Eraldaketarako ezinbestekoa da kontzientzia hartzea?

Bai, eta genero ikuspegitik formakuntza asko falta da. Askotan, azalean gelditzen gara, eta dezente dago sakontzeko.

Aipatu zenuen kiroldegiak askotan erdiguneetatik urrun egoten direla, hirien eta herrien kanpoaldean. Zer eragin du horrek?

Joaneko leku batzuk bihurtzen dira, baina ez pasaleku batzuk. Segurtasun pertzepzioan eragin handiena duen faktorea, gure ustez, inguruan jendea egotea da. Eta ordutegiek ere badute zerikusia. Azkenean, posible da kiroldegi bat edo kirol esparru bat herritik kanpo egotea eta arratsaldean joan-etorrian jende asko egotea, baina eguneko azken txandetan jada ez da hainbeste jende ibiliko, eta, horren eraginez, asko apaltzen da segurtasun pertzepzioa.

Hori aldatu beharra dago?

Bai. Kontuan edukita kirol eremuak handiak izan ohi direla, ez da erraza hiriko trama horretan sartzea, baina interesgarria izango litzateke ibilbide zirkular bat egotea, edo joan-etorria ez egitea leku bakarretik. Hala, lotura aberasgarriagoa sortzen da leku horrekiko.

Oro har, nola esango zenuke daudela diseinatuta kirol instalazioak? Genero ikuspegia aintzat hartzea falta da?

Normalean, gure ustez, esaten da gauza bat funtzionala dela eta objektiboki dela funtzionala. Eta funtzionaltasun hori definitzeko orduan, ez da kontuan hartzen genero ikuspegia, ezta beste ikuspegi batzuk ere. Erabaki da zer den funtzionaltasuna, eta funtzionaltasun horretan gauza asko falta dira. Beste gauza askotan bezala, pertsona autonomo batek erabili ahal izateko moduko lekuak dira, eta kiroldegi batean ez dira kontuan hartzen, adibidez, zaintza lanak. Ni ez naiz kirolaria, eta sufritu dut hori ama gisa. Kiroldegietan askotan ez dago zain egoteko lekurik. Batzuk lan erreproduktiboak joaten gara hara, zaintza lanetara, eta hori ere kontuan izan behar da. Denok ez dugu kafetegian edo tabernan egon nahi: aukera eman beharko litzateke denbora horretan beste zerbait egiteko. Oso eredu onak dira, adibidez, Gasteizko zentro zibikoak. Dena den, hori ez da soluzio bakarra. Kontrakoa ere egin daiteke: kiroldegi handi bat eduki beharrean, gauzak zatituta jarri. Hainbat erantzun eman daitezke, baina kontuan izan behar da kasuistika asko daudela.

Inklusiboagoa izatea helburu, ezta?

Hori da, bai. Irisgarritasun legea dago, eta bete egin behar da. Baina zer gertatzen da araudirik ez dagoen kontuekin? Adibidez, desgaitasun kognitiboa ez da kontuan hartzen.

Bestalde, adibide bat jarri zenuen kongresuan: kiroldegira sartu eta lehenengo gauza gizonezkoak crossfit egiten ikusita, askori atzeraka eragingo diela horrek.

Bai, hor adierazgarritasunean sartuko ginateke. Zer da kirola? Gutako bakoitzari zerbait desberdina etorriko zaio burura. Garrantzitsua da aintzat hartzea zer den kiroldegira iristean ikusiko duzun lehenengo gauza. Adibidez, Zarautzen, halterofiliako talde bat dago, eta nik inoiz ez nuke pentsatuko halterofilian hainbeste emakume zeudenik, hainbeste neska gazte. Gela batean egiten dute, eta gela hori kanpora irekia dago, beirate handi bat dauka. Ikusgai izateak bihurtzen du gauza bat erakargarria. Iruditzen zait hori oso garrantzitsua dela. Begi bistan daukazun hori ez izatea beti futbola, gizonezkoen futbola, eta ez izatea beti crossfit-a. Kirol esparruan ongizatea bultzatu nahi baldin baduzu, ez zaizu interesatuko kiroldegira joango dela badakizun jendea, baizik eta orain arte animatu ez dena.

Uste duzu perspektiba aldatu behar dela?

Bai, eta uste dut horretarako formakuntza behar dela. Gai bakoitzean dago sakontzeko asko, eta galdera asko daude egiteko. Gizartea askotan legeak baino aurreratuago dago, edo agintzen dutenak baino aurreratuago. Beste gauza batzuk eskatzen ditu gizarteak. Adibidez, genero gaiei dagokienez. Orain dela urtebete lan bat egin genuen komunen inguruan. Legeak esaten du sexuka banatu behar direla; zergatik? Hor badago traba bat. Udal asko ari dira lanketa egiten, eta kendu egin dituzte generoaren adierazle diren kartelak. Erabiltzaile gisa, niri zer interesatzen zait? Jakitea ate horren bestaldean zer dagoen, zer aurkituko dudan. Jakin nahi dut hor komunontzi bat egongo den, harraska daukan edo ez daukan... Adibidez, kopa garbitu edo aldatu behar badut. Berdin du zein den sexua.

«Kirol esparruan ongizatea bultzatu nahi baldin baduzu, ez zaizu interesatuko kiroldegira joango dela badakizun jendea, baizik eta orain arte animatu ez dena»

Aldagelak ere sexuaren arabera banatuta daude, modu binarioan. Zer eragin du horrek?

Kiroldegi baten proiektuan, genero aholkularitzan egin dugu lan, eta galdera hau egin genuen: zer egingo da aldagelekin? Proposatu ziren irtenbideetako bat hauxe zen: orain arte bezala, gizonezkoen eta emakumezkoen aldagelak jartzea, ohikoak, eta, gero, egon dadila bi horietatik beste leku batera sartzeko aukera, non banakako aldagelak-edo dauden. Herri askotan ari dira saiatzen soluzioak bilatzen, eta bakoitza bere hausnarketa propioa egiten ari da. Baina hor daukagu berriro legea. Oraintxe, aldagelek ez diete erantzuten herritarren beharrei. Alde batetik, genero kontuengatik, begi bistan dago. Aukeratu behar duzu nora joan, neskenera edo mutilenera joan. Hemen definitu behar dut neure burua? Baina, aparte, aldagelek ere erantzun beharko liekete bestelako beharrei: zaintza kontuei, adibidez. Pixkanaka landuko ditugu bide horiek. Hausnartu egin behar da, ikusi zer behar dauden, eta erabiltzaileekin hitz egin. Betiere naturaltasun baten barruan eta genero ikuspegia kontuan edukita.

Eskaintzen dituzuen zerbitzuetan, atal batean, osasunari eta ongizateari egiten diozue erreferentzia, hauxe jasota: «Jolaserako eta kirolerako berariazko guneen eta ekipamenduen inguruko planak eta proiektuak egiten ditugu, eta, gainera, jolas eta jarduera fisiko inklusiboaren sustapena txertatzen dugu plan eta proiektu guztietan».

Patxi aritu zen gehiago proiektu horietan. Bergaran, adibidez, aztertu genuen zer leku zeuden jolaserako eta kirolerako, eta horiek aberasteko proposamenak egin genituen, herri aktibo bat helburu hartuta. Eta, gero, Oñatin jolaslekuekin egin genuen lan. Ekipamenduei dagokienez, izan daitezke jolas parkeak, edo parkeetan jartzen diren elementuak, baita kiroldegiak ere. Kalean kirolerako jartzen diren ekipamenduetan, kalisteniakoetan adibidez, normalean gizonezkoak ikusten dira. Ondo dago horiek jartzea, baina ondo egongo litzake horiek indartzea, adibidez, ikastaroekin edo formakuntza bereziekin. Edo begiraleren bat jartzea horiek nola erabili azaltzeko. Erabilera egokia bultzatu behar da.

Badago beste gai ere: estadioena, batez ere futbol estadioena. Jende asko biltzen da bertan, eta gizonezkoen partidetan sortzen den giroak eta trafiko pilaketak eragina du herritar askorengan. Nola eutsi horri?

Iruditzen zait astakeria hutsa dela futbol partida bat dagoelako herri oso bat gelditu behar izatea. Ez dauka inongo zentzurik, eta uste dut gizarte bezala begiratu beharko genukeela kirol arloko horrelako makroegiturek zer ematen diguten eta zer kentzen diguten. Gure lanean ez dugu gai hori aztertu, baina gizarte aurreratu batek hori ez luke onartu beharko. Guk ezin dugu gure bizitza gelditu horregatik. Gainera, teorian, aisialdia da. Kirola 22 lagunek egingo dute, eta beste guztiak begira ari dira. Hori ez da ongizatea. Neurri batean, bai, zerbaiten parte izateak ematen dizulako ongizatea, baina zerbaiten parte horrela izateak ongizatea ematen dizu benetan? Kirolak zerikusia eduki behar du ongizatearekin, ongizate propioarekin eta taldearenarekin, baina hori beste gauza bat da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.