Kirolaren Arbitraje Auzitegiak (KAA) behin-behinean eten du Facundo Garces Alaveseko jokalariaren aurkako zigorra, eta horri buruzko behin betiko erabakia hartu bitartean Alavesekin jokatu ahal izango du. Garces beste sei jokalarirekin zigortu zuten, Malaysiako selekzioarekin jokatzeko dokumentuak faltsutzea egotzita. Hala, jokalaria berriro hasiko da lanean taldearekin, eta datorren jardunalditik aurrera berriz jokatzeko aukera izango du. Alavesek ostiralean jokatuko du ligako neurketa, Espanyolen zelaian (21:00).
Eduardo Coudet arabarren entrenatzailearentzat Garces funtsezko jokalaria zen erdiko atzelari postuan. FIFAren Diziplina Batzordeak irailaren 26an zigortu zuen, urtebeterako, eta apelazio batzordeak azaroaren 3an berretsi zuen erabakia.
Hain zuzen ere, azken bi hilabeteetan bolada txarrean izan da Alaves. Bi partida baino ez ditu irabazi ligan. Bigarrena, atzo, Betisen aurka: 2-1. Horri esker, jaitsiera postuetatik atera zen. Orain, KAAk behin betiko erabakia hartu bitartean, Garcesek Alavesen atzealdea indartuko du.