Askok dute inguruan iktusa izan duen norbait. Eta datuek ere hori baieztatzen dute: lau lagunetik batek izango du iktusen bat, eta Euskal Herrian emakumeetan heriotza gehien eragiten duen gaixotasuna da. Baina, nork daki nola prebenitu? Nola detektatu? Iktus bat izatean zer egin? Horixe ezagutarazteko asmoz, FAST 112 Ictus Team proiektua abiatu du Iñigo Uriartek. Etzi Domusa Teknik mendi lasterketa korrituko du Lourdes Oiarbide txirrindulari ohiarekin batera, Azpeitian (Gipuzkoa): 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positibo dituen ibilbidea osatu beharko dute, eta 112 dortsala eramango dute soinean.
Ez dute lehiatzeko asmorik; proban parte hartu nahi dute, eta kontzientziak piztu. Izan ere, iktusaren inguruan informazio gutxi dagoela adierazi du Uriartek, Azpeitian emandako Bizitza (a)normala harrezkero hitzaldian. Hark daki inork baino hobeto, iktusa jasandakoa baita, 2022ko azaroan.
Nola gertatu zen kontatu du: «Aurrez korri asko egiten nuen: asteburuetan, oporretan... eta hainbat lasterketa nituen eginak, baita ehun kilometrokoak ere. Egun batean, arratsaldez etxetik egin nezakeen lana, eta lauretan bilera bat nuen. Etxera iritsi, ordenagailua hartu, eta izugarrizko txistua entzuten hasi nintzen. Entzungailuak nituela uste nuen, baina ez zen hala. Eta jarraian, egundoko buruko mina hasi zitzaidan, inoiz baino handiagoa. Zarata handia entzuten nuen neure buruan».
Haren iktusa oso mingarria izan zela azaldu du, eta, «komatxo artean», zortea izan zuela horregatik, azkar erreakzionatu zuelako. Bere burua lurrera bota, eta, ahal bezala, ohe aldera jo zuen. Beso batek huts egin zion, eta konbultsioak izan zituen. Orduan, ahal moduan, telefonoa hartu eta 112ra deitu zuen. Ospitalean jakin zuen iktusa izan zuela.
«Alde batetik, gustura nengoen, ez nintzelako hil. Proba mordoxka bat egin zizkidaten, eta hor konturatu nintzen bizitza berri bati ekin beharko niola». Kontatu duenez, ospitaletik irtetean, zazpi orriko osasun txosten bat eman zioten, eta hartan ariketa fisikoa egiteko, ez erretzeko eta elikadura zaintzeko jartzen zuen. Horrek, ordea, ez zuen ase: «Hori aurrez ere egiten nuen. Gainera, esan zidaten kausa zein zen ez zekitenez badaezpada korri ez egiteko».
Errehabilitazioan hasi zen, eta gorputzak ondo erantzun zion. Fisikoki ez du sekuelarik, baina baditu, hark deitu bezala, «ondorio ikusezin» batzuk: «Badirudi bizitza normala dudala, baina, adibidez, hitzaldi hau emateko, goizean lasai egon behar izan dut, bestela orain erdia ahaztu egingo zitzaidan. Batzuetan ez dakit egoera jakin batzuetan nola erreakzionatuko dudan, gauzak ahazten zaizkit... iktusak kognitiboki ere erasaten du».
Gaixotasunaren inguruan gehiago jakin nahi zuen Uriartek, eta informazio bila hasi zen. «Iktusa detektatu eta bizitza salbatu zidaten, baina, hortik aurrera, zeuk atera behar duzu bizimodua».
«Iktusa detektatu eta bizitza salbatu zidaten, baina, hortik aurrera, zeuk atera behar duzu bizimodua»
IÑIGO URIARTE Mendi korrikalaria
Paseoan ibiltzeko eta esfortzua neurtzeko agindu zioten. Hori dela eta, ez zuen uste mendian korri egitera itzuliko zenik, kardiologo batek zera esan zion arte: «Inoiz ez zaizu korrika ari zinela ezer gertatu; lanean ari zinela izan zenuen iktusa». Egun hartan bertan egin zuen proba, eta, aitortu duenez, dena aldatu zitzaion: «Ondo lo egiten hasi nintzen, hobeto sentitzen nintzen, medikazioa utzi nuen...».
Eta halaxe hasi zen, apurka-apurka, gaur arte. «Entrenamenduak, elikadura eta abar planifikatzen dizkidan aplikazio bat erabiltzen dut, eta, hala, hori guztia burutik kentzen dut. Esfortzu hori beste zerbaiti eskaintzen diot». Uriarteri on egiten dio kirola egiteak, bai fisikoki eta bai psikologikoki: «Ezagutzen dut neure burua, eta, gaizki sentitzen banaiz, buelta ematen dut».
Horiek horrela, lasterketak baliatuz, gertatu zitzaiona kontatzen hasi zen, eta, bide batez, iktusari buruzko informazioa zabaltzen. Webgune bat sortu zuen, eta orain FAST 112 Ictus Team proiektua jarri du martxan. Aurrerantzean mendi lasterketak jende ezagunarekin egin asmo ditu, eta Domusa izango da aurrenekoa: Lourdes Oiarbide txirrindulari ohiarekin korrituko du.
Denbora da gakoa
«Iktusen %90 prebeni daitezke, eta oso garrantzitsua da dibulgazioa», esan du Uriartek. Zergatik? Funtsezkoa delako azkar atzematea: «Lehen sintomak agertzen hasi, eta hurrengo lau orduak funtsezkoak dira». Eta hortik dator FAST 112 egitasmoa. Arreta jarri beharreko faktoreak biltzen ditu siglak: Face (aurpegia), Arm (besoa), Speech (hizketa) eta Time (denbora). Eta horri 112 erantsi dio, larrialdietako zenbakia delako.
«Aurpegiari dagokionez, irri egiteko eskatu behar da. Aurpegia oker badu, zati bat paralizatuta, baliteke iktusa izan. Besoei dagokienez, eskatu besoak jasotzeko, adibidez, begiak itxita. Eskuetatik gauzak erortzea ere sintoma bat izaten da batzuetan, baita hitz egiterakoan ez ahoskatzea, hizketaldian arrastan aritzea, edo galdera errazei erantzuteko kapaz ez izatea ere».
Eta, batez ere, azkar jardutea da gakoa: «112ra deitu behar da, eta gertatzen ari dena esplikatu. Hobe da deitzea, ospitalera joatea baino; haiek badakite nora eraman behar zaituzten. Iktusaren protokoloa aktibatzen da, eta azkar eta ondo erantzuten dute. Funtzionatzeko, jendeak honen berri izatea falta da».
Mendi lasterketa batean ezagutu zuten elkar Oiarbidek eta Uriartek, eta txirrindulari ohiak lagundu egin nahi izan dio: «Hasieran nik ere ez nekien ezer iktusari buruz». Horiek horrela, kirolaren bidez, gaixotasuna ezagutarazi nahi dute, eta haien aletxoa jarri. «Gehiago ikertu beharko litzateke», esan du Uriartek. Bide horretan egingo dituzte etziko urrats guztiak.