Kiroletako sexu jazarpena jomugan

Eusko Jaurlaritzak eta Basque Teamek kirol arloko sexu gehiegikeriari eta jazarpenei aurre egiteko arreta zerbitzua jarri dute martxan

Olatz Legarza, Bingen Zupiria eta Izaskun Landaida, zerbitzuaren aurkezpenean, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kirolean izaten diren sexu gehiegikeria eta jazarpenei aurre egiteko zerbitzua aurkeztu zuten atzo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team fundazioak. Arreta zerbitzuarekin batera, kanpaina bat ere jarri dute martxan, Zure taldekoak gara izenarekin. Kirol arloko pertsona ororentzat da zerbitzua; kirolarientzat, entrenatzaileentzat, epaileentzat, teknikarientzat eta zuzendarientzat, besteak beste. Batez ere, adin txikikoentzat, gazteentzat eta emakumeentzat den arren, kirol arloko edozein profesionalek jo dezake bertara.

Hainbat bidetatik artatuko dituzte biktimak: telefonoz edo Whatsappez, 688 671 000 telefonoan, edo posta elektronikoz, [email protected] helbidera idatzita. Astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:30era eskainiko dute arreta berdintasuneko gaien inguruko profesionalek. Zenbait kasutan, komenigarria dela uste izanez gero, aurrez aurreko aholkularitza eskainiko zaie biktimei. Zerbitzu presentzial horren helburua da babesa eta sostengua ematea. Xehetasun eta informazio gehiago ere emango dute horrelako saioetan. Beharrezkoa bada, arazoa beste esparru batera bideratuko dute, kontsulta egiten duen pertsonarentzat edo erakundearentzat egokiagoa bada.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren ustez, «beharrezko zerbitzua» da. Sexu gehiegikeriak eta jazarpenek gizarte osoari eragiten dietela azaldu du. «Eskainitako zerbitzua arazoari aurre egiteko lehen urratsa da». Gogoratu du sexu gehiegikeriaren eta jazarpenen biktima gehienak emakumezkoak izaten direla, baina badaudela horrelako egoerak jasaten dituzten beste batzuk ere; hala nola LGTB kolektiboko kirolariak edo aniztasun funtzionala dutenak.

Zupiriak azpimarratu du lortu nahi dela biktimak bakarrik ez sentitzea. Horrez gain, balioko du erasotzaileek jakin dezaten «kontrolatuta» daudela. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak dioenez, biktimei arreta emateaz gain, gizartea «sentsibilizatu» nahi dute kanpainarekin. «Indarkeriaren erroa berdintasunik eza da». Kirola «emakumeak ahalduntzeko modu bat» dela ere esan du; eskubidea dutela kirola «askatasunez eta libreki» egiteko.

Ez dago Euskal Herriko jazarpen kasuen datu zehatzik. Olatz Legarda Basque Team fundazioko koordinatzaileak adierazi du zerbitzuak egoera ezagutzeko aukera emango duela. «Jazarpen eta gehiegikeria kasuak egon izan dira, eta oraindik ere badaude. Hori dela eta, ezin dugu beste alde batera begiratu». Aipatu du oraindik ere «lan handia» dagoela egiteko kirol esparruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.