kirola

Kirolhaerria jaialdia, Euskal Herri osoko egitura sortzeko abiapuntu

Kirolariek ekitaldi handia antolatu dute hilaren 27rako. Donostiako Belodromoan izango da, 18:00etatik aurrera. Dohan izango da sarrera eta jendetza elkartu nahi dute.

2009ko abenduaren 17a
19:27
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal zazpi lurraldeak bilduko dituen egitura eratzeko abiapuntu izan nahian, hilaren 27an (igandea) Euskal Herriko kirolariek ekitaldia egingo dute Donostian, 'Kirolhaerria' izenekoa. Belodromoan izango da, 18:00etatik aurrera, eta jendetza bildu nahi dute -doakoa izango da sarrera-. Selekzioaren ofizialtasuna dute helburu.

Gaur eguerdian aurkeztu dute jaialdia, Belodromoan bertan. Han izan dira, besteak beste, Aimar Irigoien harrijasotzailea, Mikel Orbañanos arraunlaria, Felix Izeta xake jokalaria...

Eneko Olasagasti da ikuskizuneko zuzendaria. Koldobika Jauregi eskulturgileak ekitaldirako propio egindako harria altxatzen saiatuko dira bi harrijasotzaile jaialdian, Irati Anda eta Gorka Karapeto Belodromoko egitura eskalatzen ahalegingo dira, sokatira izango da, arraunlariak ergometroarekin, trontzalariak eta aizkolariak txalapartaren erritmoarekin ariko dira, trial erakustaldia egongo da, xakea ekitaldi osoan zehar...

Lehengo igandean Barakaldon (Bizkaia), BECen aritutako bertsolariek ere hartuko dute parte ekitaldian. Amets Arzallus bera gaurko aurkezpenean izan da.

1.700 kirolari baino gehiago dira dagoeneko aldarrikapenarekin bat egin dutenak. "Kirola egitean, Euskal Herria aintzat hartuz nazioartean, bakarka edo taldeka euskal herritar gisara aritzeko eta Euskal Herria ofizialki ordezkatuz parte hartzeko aukera izatea" nahi dutela adierazi dute eta, horretarako, zazpi lurraldeetako kirolariak "barnebilduko dituen tresna" sortzen saiatuko direla.

Belodromoko ekitaldian izateko dei egin diete herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.