Kitarakoa eman die Nowitzkik Wade eta LeBron Jamesi, eta bana dago finala

Alemaniarrak bederatzi puntu saskiratu zituen azken hiru minutuetan, eta Dallasek 15 puntuko kontrako aldea gainditu

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
NBAko finalak luze joko du. Dallas Mavericksek banakoa lortu zuen atzo Miamiren kantxan, eta orain hiru partida jokatuko ditu jarraian bere kantxan. Hiru garaipen lortu beharko ditu American Airlines Arena erraldoian, berriro Miamira bueltatu nahi ez badu, eta larri ibili, Dallas sendo aritu baita bere zaleen epelean kanporaketa guztietan. Dallasek irabazi zuen bigarrena, bai, baina Miamik galdu ere. Floridako taldeak 15 punturen aldea zeukan azken laurdena bukatzeko zazpi minutu luze falta zirela, eta Dallasek norgehiagokari buelta emateko kemena eduki zuen. Jakina, Nowitzkiren bultzadari esker.

Alemaniarrak izar distiratsuei dagokien protagonismoa bereganatu zuen, eta partida hondarrean, azken hiru minutuetan, bederatzi puntu saskiratu zituen. Tartean hiruko on bat, eta hurrengo jokaldian Miamiko Chris Bosh gerriko minez utzi zuen barneraketa bikaina. 24 puntu eta 11 errebote lortu zituen denera hegalekoak, baina une kritikoan eman zuen eman beharrekoa, eta Miamiko izarrek ez.

Dwayne Wadek bereganatu zituen foko guztiak bigarren deman. 36 puntu saskiratu zituen guztira, eta Dallaseko Rick Carlisle entrenatzaileak prestatutako defentsa guztiak gainditu zituen: Jason Terryrena, DeShawn Stevensonena, Stojakovicena... denena. Wade, ordea, nekatuta iritsi zen bukaerara, besteak beste, LeBron Jamesek eta Chris Boshek ez ziotelako espero zen laguntza eman (20 eta 12 puntu, hurrenez hurren) eta nahi baino erantzukizun handiagoa hartu behar izan zuelako.

Dallasek argi erakutsi zion Miamiri berdinketa nahi zuela,4-9 aurreratu baitzen hasi eta berehala. Atsedenaldian ere aurretik ziren Texaskoak, 42-51, lau jokalarik gutxienez bederatzi puntu saskiratuta. Miamin, Wade, eta Jamesen txinparta suelto batzuk. Hirugarren laurdenean, ordea, berotu egin zen Miami, eta 71-31 aurreratu zen 15 minutu falta zirela. 88-73 ere bai, baina, orduan, Nowitzkik esan zuen eraztuna berarentzat nahi zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.