Beste behin ere Marcel Kittel izan da gaurko etapako azkarrena. Azken 600 metroetan Fabio Sabatini Kitteleren esprint bideratzaileak egindako lanari esker tropel buruan kokatzea lortu eta inolako arazorik gabe menderatu ditu alemaniarrak gainontzeko esprinterrak. Lotto Soudalek Andre Greipelentzat egindako lan handia Kittelek zapuztu du. Kittelek hamahiru etapa irabazi ditu bere ibilbidean Frantziako Tourrean eta Eric Zabel pasa du Tourreko etapa gehien irabazi duten alemaniarren zerrendan.
Frantziako Tourreko hamargarren etapa Perigueuxen hasi eta Bergeracen amaitu da, eta 178 kilometro egin behar izan dituzte txirrindulariek. Ibilbidean zehar, laugarren mailako bi mendate igo behar izan dituzte. Etapak ohiko gidoia izan du. Eguneko ihesaldia Yoan Offredok (Wanty) eta Elie Gesbertek (Fortuneo) osatu dute. Tropelarekiko izan duten alderik handiena 5 minutu eta 25 segundokoa izan da. Halere, amaierako zazpi kilometro falta zirenean ehizatu ditu tropelak. Oro har, etapa lasaia izan da. Chris Froomek jarraitzen du lider.