Klasiko bilakatu da jadanik

Alemaniako talde bat eta Frantziako beste bat arituko dira berriz ere gaur Txapeldunen Ligako finalean. Wolfsburgek eta Olympique Lyonek hirugarren titulua irabazi nahi dute, Reggio Emilian

Wolfsburgeko jokalariak, denboraldi honetan lortutako garaipen bat ospatzen. BERRIA.
Julen Etxeberria.
2016ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Klasiko bilakatu da jada: Frantziako talde bat eta Alemaniakobeste bat ariko dira Txapeldunen Ligako finalean. Azkeneko zazpi ekitaldietatik seitan izan dira aurrez aurre bi herrialde horietako talde bana azken partidan. Denboraldi honetakoa ez da izango salbuespena. Wolfsburgek eta Olympique Lyonek jokatuko dute gaur finala Reggio Emiliako (Italia) Citta del Tricolore estadioan. Biek helburu bera dute: hirugarrenez Europako talderik onena izatea.

Bi taldeok duela hiru urte ere aritu ziren elkarren aurka finalean. Oso final parekatua izan zen Londresko Stamford Bridge estadioan jokatutakoa; azkenean, Martina Mueller aurrelari alemaniarrak 73. minutuan penaltiz sartutako gol bati esker irabazi zuen Wolfsburgek. Gaurko finala ere halakoa espero da, parekatua. Hasieran, faborito argirik ez dago.

Talde oso indartsuak dira biak ala biak. Pronostikoak bete dituzte, biak ageri baitziren denboraldi hasieran txapeldun izan zitezkeen faboritoen zerrendan. Bide zuzena egin dute biek finaleraino, eta, emaitzak ikusita, arantzarik gabekoa. Olympique Lyonek Poloniako Medyk Konin, Espainiako Atletico Madril, Txekiako Slavia Praga eta euren herrialdeko Paris Saint-Germain utzi ditu bidean, azken hori Europako txapeldunordea. Txikitu egin ditu guztiak, lehia guztiak irabazi baititu. Kanporaketa bakoitzeko azken emaitzari erreparatzea besterik ez dago Frantziako taldearen nagusitasun ia iraingarriaren berri izateko: 9-0 irabazi zion Medyk Konini, 9-1 Atletico Madrili, 9-1 Slavia Pragari eta 8-0 Paris Saint-Germaini. Beldurgarriak dira estatistikak. Zortzi norgehiagokatan 35 gol sartu ditu, lau pasatxo partidako. Sartu, berriz, oso-oso gutxi sartu dizkiote, bi besterik ez. Aurrean zein atzean, talde indartsua da Lyon.

Antzeko bidea egin du Frantziako Ligan. Partida bakar bat ere ez du galdu —hogei irabazi ditu, eta bi berdindu—, 115 gol sartu ditu —ia sei partidako— eta lau besterik ez dizkiote sartu. Halako zenbakiekin, ez da harritzekoa berriz ere txapeldun izana. Lyonen diktadura, ordea, aspaldikoa da, jokatu diren azken hamar ligak eta azken bost kopak irabazi baititu.

Wendy Renard, Louisa Necib, Eugenie Le Sommer... talde ikusgarria du Gerard Precheurrek bere aginduetara. Denboraldi honetan, ordea, jokalariren bat nabarmendu baldin bada, hori Ada Hegerberg izan da. 20 urteko aurrelari norvegiarrak 53 gol sartu ditu 33 partidatan. Wolfsburgek ondo zaindu beharko du irabazteko aukeraren bat izan nahi badu.

Txapeldunaren borreroa

Wolfsburgek ere bide zuzena egin du Reggio Emiliara iristeko. Sei partida irabazi ditu, bat berdindu eta bakarra galdu, azkenekoa, Frankfurt txapeldunaren zelaian, joanekoan 4-0 irabazi ondoren, kanporaketa erabakita zegoela. Alemaniarrek ere nagusitasun handia erakutsi dute lehiaketa osoan: 4-0 nagusitu zitzaizkion Serbiako Spartak Suboticari, 4-1 Ingalaterrako Chelseari, 6-0 Italiako Bresciari eta 4-1 Frankfurti. Hemezortzi gol sartu dituzte guztira, eta bi baino ez dizkiote sartu.

Etxeko ligan, ordea, eskas aritu dira. Bigarren izan dira, baina Bayern Munichetik oso urruti, hamar puntura. Joan zen asteburuan, halere, apur bat arindu dute kolpea, Alemaniako Kopa irabazi baitute Sand mendean hartuta.

Ralf Kellermannek ere jokalari zerrenda bikaina du esku artean. Lena Goessling erdilaria eta Alexandra Popp aurrelaria nabarmentzen dira, besteak beste. Talde honetan ari zen ere bai Nadine Kessler erdilaria, urte askoan Alemaniako selekzioko izar izandakoa —2014ko Urrezko Baloia irabazi zuen ere—. Kesslerrek, ordea, erretiroa hartu berri du, denbora luzez min hartuta egon ondoren.

WOLFSBURG-O. LYON

Wolfsburg. Schult; Dickenmann, Fischer, Wedemeyer, Peter; Kerstxowski, Goessling, Bussaglia, Jakabfi; Blaesse eta Popp.

Olympique Lyon. Bouhaddi; Bremer, M'Bock Bathy, Renard, Majri; Kaci, Abily, Kumagai; Le Sommer, Hegerberg eta Schelin.

Epailea. Katalin Kulcsar (Hungaria).

Lekua. Reggio Emiliako Citta del Tricolore estadioa (23.717 ikusle).

Ordua. 18:00etan (Eurosport eta France2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.