Klasikoetan klasikoenarekin biribildu dezake gaur astea Gilbertek

Amstel Gold Race eta Fleche Wallone irabazita, belgikarra da Lieja-Bastogne-Lieja eskuratzeko faboritoa

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Davide Rebellinek egin bazuen, Philippe Gilbertek (Omega Pharma-Lotto) zergatik ez? Belgikarrak irabazi zuen orain astebete Amstel Gold Race klasikoa, irabazi zuen orain lau egun Fleche Wallone klasikoa eta irabazi nahiko du gaur Lieja-Bastogne-Lieja klasikoa ere. Ardenetako hiru handiak irabazi dituen bigarren txirrindularia litzateke Gilbert. Daukan sasoia kontuan hartuta, gaurko klasiko handia irabazteko faborito argia izango da; «faboritoegia», Andy Schlecken (Leopard-Trek) hitzetan. Eta horixe izango du, ziurrenik, aurkaririk handiena: faboritoegi izatea. Kontrolpean eduki nahiko dute denek, eta ez diote utziko mugimendurik txikiena ere egiten.

Liejan hasi eta Liejan amaitu, 255 kilometro dauzka klasiko guztietan klasikoenak, Doyenne-ak. 255 kilometro, hamar muino, eta, ohi bezala, San Nikolas epaile. Muino bakarra daukate lehen 150 kilometroetan, San Roch (kilometro bat eta %11ko batez bestekoa), baina gogorra da Lieja-Bastogne-Liejaren azken zatia. Mont Theux (2,6 km eta %5,9), Redoute (2 km eta %8,8), Roche Aux Faucons (1,5 km eta %9,5) eta San Nikolas (1,2 km eta %8,3) igo beharko dituzte azken 50 kilometroetan.

Joaquim Rodriguez, gogotsu

Bost kilometro eskas daude San Nikolas gainetik helmugara, eta azken metroek ere gorako joera daukate. 1892an sortu zen Lieja-Bastogne-Lieja, baina 1991n sartu zuten lehenengoz Anseko amaiera bihurria. Ez da igoera gogorra, baina 255 kilometroren ondoren, min egiten dute urtero azken 100 metro horiek.

Gilberten baimenarekin, luzea da Ardenetako azken klasikoa irabazteko faboritoen zerrenda. Joaquim Rodriguez (Katuxa) ageri da hizki larriz idatzita, Amstel Gold Racen eta Fleche Wallonen bigarren postu garratzarekin etsi behar izan duelako. Baina kontuan hartu beharrekoak izango dira beste hautagai batzuk ere: Samuel Sanchez, Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), Aleksandr Vinokurov (Astana), Robert Gesink (Rabobank) eta Andy eta Frank Schleck (Leopard-Trek).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.