Klik bat, ehun euro, eta mila ikusle

Buruz buruko finalerako sarrera guztiak salduko dira, oraindik ere 200 inguru gelditzen diren arren. Enpresek 1.000 jarri zituzten salgai Internet atari baten bitartez, eta atzo 800dik gora saldu ziren, «espero baino gehiago». Horietatik %90 Bilbo ingurutik erosi zituzten.

Xalaren aldeko zaleak, Bizkaia pilotalekuko harmailetan. M. DEL VALLE / A. PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Internet bidez ikuskizunetarako sarrerak erostea ez da berritasuna. Pilotan ere ez, aspaldi urratu baitzuten bide hori. Hori bai, final baterako 1.000 sarrera sareko atari baten bitartez salgai jartzea bada berritasuna, eta lehen egunean 900 inguru saltzea, arrakasta. «Hemeretzi egun falta dira finalerako, eta ia dena salduta dago. Beteko dugu», adierazi zuten atzo enpresetatik.

Interneten lehen finala izango da 19koa. Enpresek atzo jarri zituzten salgai sarrerak, eta ohiko telefonoko eromenak internetera egin zuen jauzi. Guztira 2.000 sarrera jarri zituzten salgai, 500 enpresa bakoitzeko telefonoetan—aurreko finaletan baino gehiago—, eta beste 1.000 Internet bidez, Ticketmaster.com atarian. Finalean ariko den pilotari bakoitzak 200 sarrera inguru eskatu ditu, eta gainontzekoak konpromisoetarako dira: pilotariak, ohiko bezeroak, babesleak, udalak...

Internet bidezko sarrera salmenta ez zen arrakasta handiz hasi pilotan. Iragan apirilaren 10a, ordea, mugarri izan zen, Bilboko pilotalekuan antolaturiko bigarren jaialdia. Bost euroko sarrerak jarri zituzten pilotalekua espresuki betetzeko, eta horietatik 500 Internet bidez saldu ziren. Bilboko pilotalekuak berritasuna ekarri du pilotara, eta, enpresen iritziz, irudi horrekin bat dator Interneten murgiltzea.

Apirileko arrakasta ikusita, lehenbizikoz final bateko sarrerak ere Internet bidez saltzea erabaki zuten, Bilbon delako ere bai, eta erantzuna oso ona izan da. Sarrerak asko merketu izanak ere eragina izango zuen —aurtengo manomanistarako kantxako sarrerak iaz baino %33 merkeagoak dira—, baina telefonoaren estuasunak saihestu ahal izateak salmentaasko dibertsifikatu du.

Enpresen iritziz, Internet bidezko salmentak ikusle berria erakar dezake pilotalekuetara. «Gazteak» gerturatuko direla uste dute, eta eremu geografiko berrietako zaleak. Atzora arte Internet bidez salduriko sarreren %90 Bilbo eta inguruetako jendeak erosi zituen, orain arte finaletarako eskaera asko egoten ez zen zonaldekoa. «Orain, sarrerak saltzeko bide hori finala ez den jaialdietan saltzea falta da», opa dute enpresetatik. Gauzak hala, bart gauean guztira 200 bat sarrera gelditzen ziren salgai finalerako, gehienak kantxakoak, 100 eurokoak.

Xalaren lehen saioa

Xalak atzo egin zuen lehen entrenamendua Bilboko pilotalekuan, buruz buruko finalera begira. 45 minutuz jokatu zuen Aritz Laskurainekin, eta gero ariketa teknikoak egin zituen Jokin Etxanizen aginduetara. Lekuindarrak beste bi entrenamendu egingo ditu finala prestatzeko. Aurretik, binakako partida bat jokatuko du, igande honetan, Eibarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.