Jon Olasagasti. Orio Arraunketa Elkarteko presidentea

«Klubak duen historia handi horri jarraipena eman nahi diogu»

Jon Olasagasti 'Errota' da Orioko lehendakari berria. Orain arte San Pedroko arraunlaria izan denaren hautagaitza izan zen hauteskundeetan aurkeztutako bakarra, eta jadanik lanean da «Orio indartsu bat» berreskuratzeko.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
pettan uralde
Aia
2023ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Orio Arraunketa Elkartea ez da edozein arraun elkarte. Exijentzia handiko kluba da, beti oso ondo aritzeko presioa duena. Horrexegatik aurkeztu da hautagaitza bakarra aurtengo hauteskundeetan: Jon Olasagastirena (Aia, Gipuzkoa, 1983). Olasagastik, ordea, ez dio beldurrik erronka handi horri, eta Orio maite duten pertsonez inguratu da klub historiko hori ahalik eta hobekien gidatzeko.

Duela bi aste aurkeztu zinen Orio Arraunketa Elkarteko presidente berri moduan. Nola iritsi zara honaino?

Presidente lana baino gehiago, klubeko lana egingo dut. Oriotarra naiz, oso Orio zalea, eta txikitatik dena eman dut bertan. Gauza bat zela edo bestea zela, San Pedron aritu naiz orain arte, eta berriro Oriora bueltatzeko zortea izan dut. Zuzendaritzan bildu garenok klubaren inguruan hausnartzen hasi ginen, eta azkenean hautagaitza ateratzea erabaki genuen. Inork ez zuen presidente izan nahi, baina kanpoko pertsona bat taldean sartzerik ere ez nuen nahi; beraz, nik eman nuen pausoa.

Noiztik dator hautagaitzaren atzeko lan hori?

Denbora dezente da jada. Andoni Campos informazioa biltzen hasi zen bere kabuz, bai Orio barruan, eta baita kanpoan ere. Andoni ere kanpoan aritu da arraunean, eta bazuen beste ikuspegi hori ere. Informazio hori aztertu genuen, eta hitz egiten hasi ginen. Duela bi urte inguru izan zen hori guztia. Ni, orduan, San Pedron nengoen anaiekin, eta Andonirekin harreman zuzena izan nuen. Sanpedron ahalik eta hobekien itxi nahi nuen zikloa, eta lehen mailara igotzea momenturik onena zen hura utzi eta Oriora itzultzeko.

Bertigoa ematen dizu pentsatzeak orain elkarteko buru zarela?

Beti esan dut beldurrik ez zaiola ezeri izan behar, baina errespetua bai. Duela hamar urte, ez nuke pentsatuko hemen izango nintzenik, ezta erotuta ere. Baina denborak aldatu egiten dira, eta pertsonak ere bai. Gauzak ahalik eta hobekien egiteko gure garaia orain zen.

Emaitza onak ateratzen badira, kritika positiboak jasoko ditugu, eta emaitzak txarrak badira, kritikak negatiboak izango dira. Baina gu ez gatoz emaitzak bakarrik begiratzera. Orion hasi nintzenetik, oraindik Jose Luis Korta bertan zela, baten erara edo bestearen erara gauzak asko aldatu dira. Orduan zeuden gauza askoren falta sumatzen dut orain. Klubeko talde nagusiak badakigu zeintzuk diren, baina harrobiak izan beharko luke klubaren ardatza. Jolastera etortzen diren lehen umeetatik hasten da harrobia, eta hor hasi behar zaie benetan Orio zer den erakusten. Kimuetatik gazteetaraino, hor dago lana, baina gazteetatik senior mailara zulo handia dago, eta zulo horretara arraunlari asko erori dira. Gure eginbeharretako bat hori konpontzea izango da. Arraunlariei lagundu egin behar diegu, eta gazteekin lan gehiago egin nahi dugu.

Anbizio hitza behin baina gehiagotan erabili duzu presidente zarenetik. Anbizioa berreskuratu beharrean zaudete?

Denborak aldatuz doaz, eta arraunlariaren gose hori lasaitu edo apaldu egin dela esango nuke. Ez da arraunlari guztien kasua, ezta klub guztiena ere, baina arraunlariak baino gehiago, kirolariak ikusten ditut gaur egun. Kirolari oso onak daude, baina arraunlariak ez dakit hain onak dauden. Zuzendaritza taldetik hiru hitz azpimarratu ditugu: anbizioa, kalitatea eta apaltasuna.

Zer estrategia duzue kalitatea lortzeko, edo arraunlarien kalitatea handitzeko?

Zaila da 30 urterekin hasi den mutil edo neska bati erakustea: lan asko egin behar da. Orain, txikitatik hasten bagara umeei erakusten, maitatzen, eta arrauna odolean sartzen... ume hori seniorretara iritsiko da, eta ez diozu azalpenik eman beharko: bere anbizioa eta kalitatea ekarriko du. Gure lana hortik doa. Entrenatzeko erak aldatu egin dira; entrenatzaile guztiak noranzko berean jarri behar ditugu, eta urte batzuetan asko nabarituko dugu lan hori. Kalitate handiko arraunlariak izango ditugu, eta ez dugu hainbesteko lanik izango seniorretan arraunlari asko mantentzeko.

Arraunean, nire ustez, kalitatea asko galdu da teknikoki. Hemen gezurra esaten ez duen bakarra denbora da. Joan hamabost, hogei edo hogeita bost urte atzera, eta ikusi zer denbora egiten ziren. Eta ez dut Oriora bakarrik mugatzen: orokorrean gertatzen da. Zergatik gertatzen den hori? Ba, zerbait falta delako. Kalitatea galdu egin da, eta berreskuratu egin behar dugu.

Orduan, anbizioa eta kalitatea falta izan da azken urteetan klubeko traineru nagusietan?

Agian, anbizio puntu hori bai. Gure ikuspegiak asko aldatu dira. Arraunlariek beste taldeen berri dute; batzuek gauza batzuk bilatzen dituzte, eta besteak beste batzuk... Badakit ezin garela oso zorrotzak izan, eta arraunlariei kalitatea eskatzeko garaian haiei ere baliabideak eman behar zaizkiela. Arrauna gogorra da: asko sufritzen da. Horregatik, oreka bat bilatu nahi dugu. Dena ez dira emaitzak, dena ez da dirua. Anbizio puntu hori behar dugu arraunlariak lotzeko, eta klubarengatik borrokatu dezaten.

Zuek lau urtez egongo zarete zuzendaritzan. Aldaketa horiek guztiak egiteko aukera ikusten duzu?

Oso klub handia da, eta baita zaila ere. Hemen presioa beti dago, gauzak hobeto zein okerrago joan. Klubak duen historia handi horri jarraipena eman nahi diogu, eta, zaila izango bada ere, denborak jarriko gaitu gure tokian.

Kluba, berez, ondo dago. Materiala zahartzen ari da, eta gastu handia izango da hori dena berritzea. Hasteko, aurten zegoen aurrekontu berarekin atera ditugu zenbakiak, eta aste hauetan hainbat bilera izango ditugu orain arte hitz egindakoa martxan jartzeko.Dena ondo aztertu, eta joango gara aurrerapausoak ematen pixkanaka.

Lehen lanetan, entrenatzaileen kontuak izan dituzue zehazteko. Batez ere, Jon Salsamendiren inguruan. Ez zarete amestu bezala hasi, ezta?

Jon Salsamendi Orioko erreferente bat da, eta uste dut gu baino lan gehiago egin duela Oriogatik. Ez da izan bat kentzea beste bat sartzeko. Arraunlariei entzun, herrian entzun, eta hari ere bai. Pentsatzen genuen aldaketa egiteko garaia izan zitekeela, nahiz eta zail ikusten genuen nola egin. Baina hausnarketa bat egin dugu, eta aldaketa hori bilatzea iruditu zaigu aproposena. Ez da amesgaiztoa izan, baina, diozun moduan, ez da hasiera erraza izan. Azken hiru urteetan ez dira ongi atera gauzak, eta, nahiz eta ez den izan Salsamendiren errua, figura hori aldatzeko aukera genuen.

Hotzean pentsatuta, erabaki onena hartu duzue?

Salsamendi bezalako pertsona bat beharrezkoa du klubak, baina ez da bere garaia. Orain Mikel Arostegiren garaia da. Harengan konfiantza osoa dugu, eta denbora ere eman behar zaio bere lana egiteko. Herrikoa da, gaztea da, etaongi egingo du. Neguan berriro elkartuko gara, arraunlariekin hitz egingo dugu, eta aztertuko dugu zer eman digun entrenatzaile aldaketa honek.

Jonek ere esaten zigun TKEk asko erretzen duela. Harremana izango du klubak harekin, gauzak lasaituko dira, eta ez diogu atea itxiko inori.

Arostegi ere aipatu duzu herrikoa dela eta gaztea dela. Herriarekiko lotura hori indartu nahi duzue?

Noski, eta horregatik aipatzen dut hainbeste harrobia. Harrobiaren inguruan gehiegi hitz egiten da, baina ez da behar bezala lantzen. Aurten, adibidez, begira nolako polemikak piztu diren Eusko Label ligako hainbat talderekin.

Beste ontzi nagusian ez duzue arazorik izan entrenatzailea lotzeko. Patxi Francesek jarraituko du ontzia gidatzen.

Ikaragarri gogoko dut nola erakusten duen arraunean. Emakumezkoen arraunean errendimendu bikaina erakutsi du, eta, urterik onena izan ez badu ere, gogo handiz dago. Traineru horrekin ere lan handia dago egiteko, emaitzak alde edo kontra izan.Oso talde ona gaude traineru nagusien inguruan hausnartzeko, eta emakumezkoenari garrantzi handia emango diogu. Emakumeen arraunak eman duen aurrerapauso handia ez dut oso gertutik bizi izan. Ez ditut gizonezkoetan ditudan erreferentzia berak, baina buru-belarri nabil ahalik eta informazio gehien pilatzen. Harrituta nago harrobian zenbat neska dauden, eta nolako gogoa duten.

Hemendik lau urtera, nolako Orio gustatuko litzaizuke izatea?

Zaila da jakitea. Lana gogotik egingo dugu, eta ez dugu amore emango. Kluba eta herria gustura egoteko esfortzua egingo dugu. Ideiak argi ditugu: traineru nagusiak harrobi guztiarentzat erreferente izatea nahi dugu, eta harrobian anbizioa sortu. Herrian gogoa piztu nahi dugu, umeak Orioko arraun taldera etortzeko irrikan egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.