Koadroa beteta, gaur hasiko dira Munduko Kopako kanporaketak

Multzoen faseko azken jardunaldian ez da ezusteko handirik izan, eta final hamaseirenetara sailkatzea lortu dute faboritoek. Kanadaren eta Hegoafrikaren artekoa izango da lehen kanporaketa.

Leo Messi bart Jordaniari sartu dion gola ospatzen, Dallasen. EFE
Leo Messi bart Jordaniari sartu dion gola ospatzen, Dallasen. EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 28a
10:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaitu da 2026ko Munduko Kopako lehen fasea, eta, denborarik galdu gabe, gaur hasiko dira zaleen neurketa gustukoenak: kanporaketak. Bart jokatu da multzokako faseko azken jardunaldia, eta ez da ezusteko handirik izan, baina balio izan du kanporaketetako koadroa osatzeko, eta selekzio faboritoek garaipena lortzeko egin beharko duten bidea aurreikusteko.

Gaur euren partidak irabazi dituzte Ingalaterrak (0-2 Panamari), Kroaziak (2-1 Ghanari), Kongoko Errepublika Demokratikoak (3-1 Uzbekistani) eta Argentinak (1-3 Jordaniari). Hutsean berdindu dute Kolonbiak eta Portugalek, eta horri esker multzoko lehen postua Hegoamerikako taldeak eskuratu du. Emozioz beterikoa izan da, berriz, Aljeriaren eta Austriaren artekoa: Afrikakoek aurrea hartu dute luzapenean eta kanpoan utzi dute Austria, baina 95. minutuan Europako selekzioak lehia berdindu du, eta, azkenean, bi taldeek egin dute aurrera.

Austriak ozta-ozta lortu du final hamaseirenetara sailkatzea. AMY KONTRAS / EFE
Austriak ozta-ozta lortu du final hamaseirenetara sailkatzea. AMY KONTRAS / EFE

Lehen faseak utzi ditu ezustekoak, eta Munduko Kopatik kanpora geratu dira hainbat selekzio indartsu, besteak beste, Uruguai, Hego Korea, Turkia eta Eskozia. Hau da zerrenda osoa, multzoz multzo: Hego Korea eta Txekia; Qatar; Eskozia eta Haiti; Turkia; Curaçao; Tunisia; Iran eta Zeelanda Berria; Uruguai eta Saudi Arabia; Irak; Jordania; Uzbekistan; eta Panama.

Zale eta aditu askok, kanporaketetako koadroari begiratuta, ondorio argi bat atera dute: faborito gehienak koadroaren alde batean elkartu dira, eta, itxuraz bederen, alde bat bestea baino dezente errazagoa da. Esan daiteke zortea alde izan dutela Brasilek, Argentinak eta Ingalaterrak, finalaurrekoetara arte, gutxienez, saihestuko baitituzte Alemania, Frantzia, Herbeheereak, Maroko, Portugal eta Espainia, besteak beste.

Kanporaketa ederrak

Kanporaketak gaur hasiko dira. Los Angelesen (AEB) nor baino nor ariko dira Kanada eta Hegoafrika; Kanada Munduko Kopa etxean jokatzen ari den selekzioetako bat da, eta aukera paregabea du final zortzirenetarako sailkatzeko. Bihar jokatuko dira Brasil-Japonia, Alemania-Paraguai eta itxura onenetakoa duen final hamaseirenetako partidetako bat: Herbehereak-Maroko.

Badaude kanporaketa eder gehiago ere: Frantzia-Suedia, Portugal-Kroazia, Belgika-Senegal, Boli Kosta-Norvegia, Mexiko-Ekuador... aurrerantzean, ezingo dute hutsik egin faboritoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA