Alaves 0-1 Osasuna

Kolpe bat, eta nahiko

Osasunak mendean hartu du Alaves, eta eskura gelditu zaio salbazioa. Partida itxia izan da, eta Latoren golak apurtu du oreka.

Alaveseko eta Osasunako jokalariak nor baino nor gehiago atzoko derbian. RAUL BOGAJO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Golak: 0-1 (64. min): Toni Latok. Epailea: Hernandez Hernandez.Txartel horiak Alaveseko Elyri eta Edgarri; eta Osasunako Oierri, Latori eta David Garciari. Bestelakoak: Koronabirusaren pandemia tarteko ez da ikuslerik izan Mendizorrotzako harmailetan.

Bi talde berdinduta direnean puntu eta sentipen aldetik, aukera asko dago haien arteko talka ere oso parekatua izateko. Halaxe gertatu zen atzo Alavesek eta Osasunak Mendizorrotzan jokatu zuten derbian. Elkar neurtzen eman zituzten minutu gehienak, oreka galdu eta lurrera joateko beldurrez. Halakoetan, asko izaten du irabazia lehen kolpea ematen duenak, eta lege hori ere bete zen atzokoan: Osasunak aurrea hartu zuen bigarren zatiaren erdialdean, eta hala, urrea atera ezerezetik. Izan ere, ia ziurtaturik utzi zuen salbazioa. Alavesek, ordea, zalantzak hauspotu zituen.

Hamaikakoak irauli egin zituzten Jagoba Arrasatek eta Asier Garitanok, garaipenaren bidera itzuli asmoz: zortzi aldaketa egin zituen batak, eta zazpi besteak. Itxuraldaketak, ordea, ez zuen arabarren eta nafarren jokoa berpiztu. Zurrun ekin zioten lehiari, gehiegizko beldurrez. Bero sapak ere zaildu egin zuen partidak erritmoa hartzea. Hala, lehen zatia elkar neurtzen eman zuten bi taldeek. Joko lakarra eta astuna egin zuten, eta nagusitasuna ez zen inorena izan.

Alaves apur bat erosoago egon zen, eta zenbait barneraldi egin zituen ezker hegaletik. Horietako batean iritsi zen lehen zati osoko gol aukera bakarra, atsedenerako bost minutu falta zirela. Joseluk aise hartu zion aurrea Latori area barruan, baina aurrelariaren burukada gora joan zen. Osasunaren kasuan, hutsala izan zen erasoko jokoa. Soilik Ruben Garcia saiatu zen zuhaitza apur bat astintzen, ezker hegaletik abiatuta. Herren izan ziren gorritxoak, eskuin hegala ez baitzuten batere baliatu. Erabat zokoratuta egon zen Roberto Torres.

Atsedenetik bueltan, etxekoak aurretik jartzear izan zen Lucas. Aridane eta David Garciaren artean sartu zen, atzelarien lasaikeria lagun, baina ez zuen atera jaurtitzen asmatu. Hortik aurrera, gorritxoenak izan ziren aukerarik onenak. Lehena Aridanek izan zuen, Torresek ezkerrez egindako erdiraketa zehatza gutxigatik gora errematatu ostean. Hurrengoan, berriz, ez zuten barkatu gorritxoek. Gallegok baloi luze bat jaso zuen arean, Elyri bizkarra irabazita, eta bikain bukatu zuen jokaldia Latok. Pachecok ezin izan zuen ezertxo ere egin hegalekoaren jaurtiketa gurutzatua gelditzeko.

Bata hazi, besteak etsi

Golak on egin zion Osasunari, eta aldaketen laguntzaz, arazorik gabe kudeatu zuen azken txanpa. Asko eskertu zuen Torresek baloiarekin emandako patxada, baita aulkitik ateratako Estupiñanek egindako korrikaldi biziak ere. Alaves, aldiz, hondoratu egin zen gola jaso ostean, eta ez zen gehiago agertu gorritxoen arean. Lau aldaketa egin zituen Asier Garitanok, baina alferrik izan zen. Azken uneko oldarraldirik ere ez zuen egin Alavesek. Ez zuen Realari sendotasunez gailendu zitzaion taldearen antzik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.