Konfiantza handia dario

Eskuetako minetik osatuta, buruz buruko lau onenetan sartu nahi du Dario Gomezek bigarren urtez jarraian. Uste baino sasoi hobean dagoela iritzi dio, eta baikor da Jokin Altunari irabazteko, igandean, Eibarren. Partida «fisikoa» izatea nahi luke.

Dario Gomez pilotari jotzen, Zabaletaren aurkako ligaxkako partidan.  IDOIA ZABALETA / FOKU
Dario Gomez pilota jotzen, Zabaletaren aurkako ligaxkako partidan. IDOIA ZABALETA / FOKU
jon eskudero
2024ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Pilotaren munduak nekez ahaztuko du iaz Dario Gomezek (Ezkarai, Espainia, 1996) buruz buru jokatu zuen txapelketa. Besteak beste, atariko lehiatik abiatu ondoren podiumeko hirugarren postuan sailkatu zelako. Geroztik, baina, kalbariotik gehiago izan du haren ibiliak gozamenetik baino. Joan den udan eta udazkenean oro har bigarren mailako partidak jokatzen aritu ondotik, bi hilabete kantxetatik kanpo egin berri ditu, eskuetako minaren ondorioz. «Pilotari sentitzea ere kosta egin zait», aitortu du. Hots, garaiz osatu ondotik, berriz ere buruz buru lau onenetan sartzeko aukera du errioxarrak. Horretarako, aurkari gogorra gainditu beharko du igandean, Eibarko Astelenan (Gipuzkoa): Jokin Altuna. Errioxarrak ez dio sekula irabazi izan banaka, baina beti dago lehen aldi bat. «Gaitasuna badut irabazteko, eta uste baino egoera hobean aurre egingo diot. Konfiantza dut».

Hain zuzen, 2019an bigarren mailako buruz buruko txapela jantzi izana mugarri izan zen Dariorentzat. «Ordura arte presiopean bezala sentitzen nintzen kantxan, eta txapela horrekin hasi nintzen gauzak beste era batera ikusten eta, ondorioz, gozatzen». Batez ere, banaka kantxa osoan gozatu ohi du errioxarrak, eta jada lehen mailan bosgarren parte hartzea du aurtengoa. Emaitzari eta jokoari dagokionez, iazkoa izan zuen onena, oraingoz. «Zaila izango dut iazko joko maila berriro ere hartzea, baina uste baino askoz hobeto ari naiz. Ez nuen espero hain ondo sentitzea». Izan ere, final-laurdenetako ligaxkan Jose Javier Zabaletaren aurka irabazi (22-17) eta Unai Lasoren kontra galdu (22-11) eta gero, kale edo baleko partidan erabakiko du bere etorkizuna. «Horixe zen nire helburua, azken neurketara bizirik iristea, eta lortu dut. Pasatu ditudan kalbarioen ondoren, sari ederra da».

Azken hamar hilabeteak gogorrak izan ditu errioxarrak, kirol arloan, betiere. Lehenbizi, banaka lan bikaina osatu arren, Aspe enpresak ez zion aukerarik eman Sanmateo torneoa jokatzeko. «Hori kolpe dezentea izan zen». Gero, lau eta erdiko txapelketan atarikoa galdu zuen, eta gehienbat bigarren mailako partidak jokatzen aritu zen gerora. «Okerrena iristeko zegoen» ordea. Eskuetako mina jarri zitzaion urtarrila aldera, eta bururik altxatu ezinda ibili da pare bat hilabetez. «Aurretik ere justu antzera nituen eskuak, baina urte hasieran txikitu nituen. Zalantza ugari nituen ea buruz burukoa jokatzeko osatuko ote nintzen. Buruari buelta asko eman dizkiot azken bi hilabeteetan».

«Zalantza ugari izan nituen ea buruz burukoa jokatzeko osatuko ote nintzen. Buruari buelta asko eman dizkiot azken bi hilabeteetan».

Dario GomezAspeko pilotaria

Ez dio entrenatzeari utzi, baina nahi bezala aritzerik ere ez du izan. «Fisikoki sasoiko nengoen oraindik, baina kantxa barruko lanketarik apenas egin nezakeen. Pilotan hasi, eta egunero eskuko toki ezberdin batean sentitzen nuen mina. Takoekin probak eta probak egiten ibiltzea tokatu zait». Pilotari sentitzea ere «kosta» egin zaio. «Egun askotan tokatu zait entrenamendu ahaleginetik burumakur itzultzea etxera, baina oso harro nago egoerari buelta eman diodalako». Zabaleta eta Lasoren aurka eskuetatik ongi amaitu izanak poz handia eta lasaitasuna eman dio. «Bi partidetako bat bera ere ez da izugarri gogorra izan, baina zalantza eta beldur asko nituen. Zabaletaren kontrako partida hasieran, hankak dardarka nituen, lehen tantotik eskuetako mina jarriko ote zitzaidan beldurrez». Gauzak ondo atera ziren. «Pentsamendu negatiboak alde batera uztea lortu nuen, eta horixe izan zen garaipenik handiena».

Altuna III.a, aurkari madarikatua

Lehenengo partidan ez bezala, ligaxkako bigarren partidan galdu egin zuen Dariok, Lasoren kontra, baina gustura samar geratu zen hala ere. «Lan erdiak egin arte parean ibili ginen, eta, sakearengatik izan ez balitz, pentsatzen dut lan handiagoak emango nizkiola». Horregatik, bi asteko atsedena «gustura» hartu ondoren, «berme osoz» jokatuko du Altuna III.aren aurkako partida erabakigarria. «Zaila da bigarren mailako partidak jokatzen ohitu ondoren izarren kontra lehiakor agertzea, beste erritmo batean jokatzen baitute, baina oso baikor nago». Eta motibatuta. Banaka inoiz irabazi ez dion arren, errioxarrak badu itxaropena aurkaria estu hartzeko. Besteak beste, duela bi urte oso gertu izan zuen garaipena, 19-13 aurretik joan baitzen. Azken bederatzi tantoak jarraian egin zizkion amezketarrak. «Memorian iltzatuta daukat neurketa hura. Adinkideak gara Altuna III.a eta biok, eta oso ongi ezagutzen dugu elkar. Badakit detaile teknikoetan pilotaririk onena dela; beraz, partida fisikoa izatea komeni zait. Ongi hastea erabakigarria izango da».

Dariok irabaziko balu, bi errioxar ariko lirateke banakako finalerdietan, Javier Zabalak joan den asteburuan eskuratu baitzuen sailkapena. «Hori lortzea izugarria litzateke». Hots, errioxarren arteko final batekin ere amets egiten du Dariok. «Historia egin nahi dugu, baina, lehenbizi, nahiko lan izango dut Altuna III.arekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.