«Gaur oso gaizki entrenatu da taldea; arreta galdurik gabiltza, eta tarteka entrenamendu txar bat egitea ez da larria, baina Santiago Bernabeun jokatu bezperan gaizki entrenatzea ez da oso ulergarria. Aste honetan UEFA Kopako partida, bidaia eta entrenamendu ugari izan ditugula aintzat hartuta, normala ere izan daiteke, baina haserre nengoela jakinarazi diet. Zorionez, garaiz hitz egin dugu, eta badakigu bete-betean aritu beharra dugula Real Madrilen aurka», esan zuen atzo Zigandak, Santiago Bernabeun punturen bat eskuratu nahi badute azken entrenamenduan erakutsitako jarrera erabat aldatu beharko dutela dakienaren segurantzarekin. Azken finean, harrokeria baretuz gero,kontua da azken emaitza onen ostean jokalariek duten konfiantza itzela ongi bideratzea: «Santiago Bernabeun jokatzeak motibazio berezia ematen du, eta hiru puntuak lortzeko ilusioarekin jokatu behar dugu. 43 puntu batu bitartean ezer oparitzerik ez daukagu; konfiantza handiz gaude, eta une gozo batean gaudela berretsi nahi dugu Madrilen», adierazi zuen Osasunako entrenatzaileak.
Mundua aldrebes: Real Madril eta Osasuna aurkari Santiago Bernabeun, eta Europako lehiaketekin arreta galdurik dabilena Osasuna da: «Leverkusenen jokatu genuen partida ikusi baldin badute, uste dut errespetua izango digutela. Herrenak ez garela, behintzat, esango dute. Baina oraingo honetan ez da Real Madril Europako lehiaketaren batekin Ligari behar bezalako arreta jarri ez dion taldea. Alderantziz gertatu da: gu iritsiko gara okerrago partidara».
BIGARREN TALDEKO LAU DEIALDIAN. Eta UEFA Kopan egundoko erakustaldia eman berri duten arren, Osasunako jokalariek oso erronka zaila dute gaur, bai. Real Madril Liga irabazteko hautagaien artean da oraindik, eta Fabio Capelloren taldea etxetik at etxean bertan baino erosoago aritzen dela egia bada ere, Osasunakoek ezin dute ahaztu bederatzi hutsunerekin egin beharko diotela aurre Real Madrili: Juanfranek eta Soldadok ezin dute jokatu bere jatorriko klubaren aurka; Hector Font zigortuta dago, txartel pilaketaren ondorioz; eta Delporte, Puñal, Nekunam, Miguel Flaño, Raul Garcia eta Corrales arazo fisikoekin daude. Deialdia osatzeko bigarren taldeko lau gizon deitu zituen atzo Zigandak: Ion Erize erdilaria, Iñaki Astiz erdiko atzelaria, Cesar Azpilikueta hegalekoa eta Oier Sanjurjo erdilaria. Itxura guztien arabera, Erize berriz ariko da hasieratik euskarri postuan -hirugarren partida izango luke astebetean-.
Capelloren taldeak kritika gogorrak entzun arren, liderrengandik bost puntura dagoela azpimarratu zuen atzo Zigandak: «Konparatzea gorrotagarria izaten da, baina Real Madril Bartzelonarekin alderatzen dute beti. Orain Bartzelonak ikusgarriago jokatzen du, baina hain ikusgarri ez aritu arren, Real Madrilek ere partida asko irabazten ditu. Eta Bartzelonak 4-0 irabazita hiru puntu batzen dituen bezalaxe, Real Madrilek ere hiru puntu biltzen ditu 1-0 irabazita». Zigandak ez du harrokeriarik.
Van Nistelrooijek lau gol sartu zizkion Iruñean
Lehen itzulian denboraldiko jipoirik gogorrena hartu zuen Osasunak Real Madrilen aurka, 1-4 nagusitu baitzen Capelloren taldea Iruñean. Zigandaren unerik zailenak haiek izan ziren, eta Van Nistelrooij aurrelari herbeheretarrak kinka larrian jarri zituen gorritxoak; Real Madrilen lau golak Manchester Unitedeko jokalari ohiak sartu zituen. Ingalaterran taldekide izan zuen Ricardo atezainari sartu zizkion, hain zuzen ere. Ronaldok Milanera jo eta gero, Van Nistelrooij da Real Madrilen erasoko erreferentzia nagusia, zalantzarik gabe.Gaur ere Van Nistelrooijek sor dezake arrisku larriena Osasunaren atzealdean, eta begirune handiz hartuko dute Osasunako atzelariek. Hargatik, Van Nistelrooijek berak ere begirune itzela erakutsi dio Osasunari aste honetan: «Leverkusenen jokatu zuten partida ikusi nuen, eta ikusgarri aritu ziren. Golak sartu eta gero ere gogor jarraitu zuen presioan, beti borrokarako prest. Gogo itzelarekin jokatzen du beti, eta konfiantza handiz etorriko denez, ez da batere aurkari samurra izango».