Hasi dira Euskotren eta Eusko Label ligak, eta TKEko presidente Borja Rodrigok (Bilbo, 1977) sakon aztertu ditu denboraldia, elkartearen egoera, osasuna...
Madrilen jokatu ziren Euskotren eta Eusko Label ligetako lehen estropadak, igandean. Zer balorazio egiten duzu?
Ontzat jotzen dugu iniziatiba berriz hartu izana. Uste dugu ona dela bai arraunaren interes orokorrerako, bai lehiaketaren intereserako. Noizean behin halako estropadak egitea ondo dator lehiaketa beste lurralde batzuetara eramateko eta gure jarduna ezagutarazteko, lagundu nahi diguten marka publiko eta pribatuek ere ezagut gaitzaten. Beraz, hamar urteren ostean halako zerbait antolatzea ona da. Zale asko joan ziren, eta poz handia eman zigun horrek. Gustura gaude traineruak normal lehiatu zirelako eta estropada polita izan zelako.
Hainbat arraunlarik adierazi zuten ez zeudela Madrilen lehiatzearen alde. Klubekin batera hartutako erabakia izan zen?
Egutegia, azken finean, batzarrean onartzen da. Iritzi guztiak errespetatzen ditut, eta badakit estropada guztiak ez direla denen gustukoak. Badakit zein den arraunaren tradizioa, baina uste dut ondo dagoela aldizka, eta berriz diot aldizka, beste kokaleku batzuetan antolatzea, gure jarduna, egiteko modua, kultura, historia eta nortasuna erakusteko. 21 estropada jokatuko dira, eta hogei izango dira Kantauri itsasoan. Uste dut Madrilen itxura ona eman genuela.
Erabakiak dudak sortu dizkizu?
24 denboraldiotan bi aldiz joan gara Bartzelonara, eta Sevillan, Malagan eta Zaragozan ere aritu gara. Beti izan ditugu harremanak beste herri batzuekin. Madrilen aritzeko aukera 2024an sortu zen, eta bi urte kostatu zaigu gauzatzea. Baditugu beste proposamen batzuk ere. Aztertu behar da zein den egingarria antolakuntzari, logistikari eta jasangarritasunari dagokienez. Madril gure egunerokotik urrun dagoen ingurua da, eta, erakusleihoan jarriko gintuenez, interesgarria iruditu zitzaigun.
Irabazleei Isabel Diaz Ayusok eman zizkien banderak, Madrilgo Erkidegoko presidenteak. TKEri harreman horiek interesatzen zaizkio? Zertan egiten dio mesede?
Bandera nork eman ez dugu guk erabakitzen, banderen babesleek baizik. Kasu honetan, emakumezkoena Canal de Isabel II.ak babestu zuen, eta entitate horren ordezkari nagusia erkidegoko presidentea da. Eta berdina gizonezkoen kasuan. Pueblos con Vida zen babeslea. 24 denboraldiotan TKEk askotariko lurraldeak bisitatu ditu, eta denetariko agintariekin egin dugu topo. Kontu politikoetatik aldendu behar dugu, eta arreta honetan jarri behar dugu: arrauna ohikoa ez den tokian gure jarduna ezagutarazten. Gure helburua da guztia normal egitea, jendea gustura geratzea, kirolariek arraun egiteko baldintza ezin hobeak izatea eta zaleek gozatzea. Uste dut jarraitzaileek gozatu zutela. Nahikoa dugu kirol proba antolatzearekin...
Pentsatzekoa da alor ekonomikoak ere eragina izan duela erabakian. Zer moduz dago TKE ekonomikoki?
Arrauna gure gizartearen DNAn txertatuta dago, gure kulturan, historian... baina, instituzioen babesari edo aurrekontuei dagokienez, ez da kirol maioritarioa eta lehentasunezkoa. Zaila da babesleak lortzea. Zorionez, egonkor gaude, bermeak ditugu, eta gure lehiaketek interesa pizten dute. Telebistan estropada guztiak zuzenean emateak ere asko laguntzen du marka batzuetara iristeko. Ez gaude gaizki; lehiaketek sortzen duten gastuak estaltzeko adina badugu, baina soberakinik gabe. Ez dago lehendabizi alor ekonomikoa, baizik alderantziz. Beste elementu batzuk aztertzen ditugu lehenago. Niretzat lehentasuna du estropadak jokatzeko baldintzak ezin hobeak izateak.
«Kluben oinarria babestu behar dugu, eta arraunlariak sortu; fitxatuta bakarrik, ez dago segidarik»
Arraun Lagunak-ek eta Oriok irabazi zuten lehen estropada, espero bezala. Nola ikusten dituzu Euskotren eta Eusko Label ligak?
Orain arte ikusi dugunaren arabera, badirudi bi ontzi horiek direla faboritoak. Bai Euskotren ligan eta bai Eusko Label ligan aldaketa asko izan dira, eta badaude oraindik ere finkatu behar diren proiektuak. Erregularrena izan den ontziak irabazten du liga, baina banderen lehia irekiagoa da, kaleak, estropada eremuak eta bestelakoek ere eragina dutelako. Gustuko dugun beste gauza bat zera da: txanda bakoitzak pizten duen interesa, baita azpiko lehiak ere. Uste dut sailkapenaren erdialdean eta behealdean lehia interesgarriak izango direla, kontuak estu egon baitaitezke.
2024an kupoen araudi berria onartu zen, eta denboraldi honetan gutxienez bost harrobiko arraunlarik egon beharko dute traineruan. Harrobia zaintzea da helburua?
Arrauna kirol berezia da. Beste kirol batzuetan, zazpik taldea utzita ere, beste batzuk hautatu ditzakezu; arraunean arduraz aritu behar dugu. Kluben oinarria babestu behar dugu, eta arraunlariak sortu; fitxatuta bakarrik, ez dago segidarik. Beheko mailetan arraunlari asko daude, baina asmatu behar dugu horiei eusten. Etxeko arraunlariek kirol proiektuan segitzea nahi dugu. Uste dugu horrek egonkortasuna ekar dezakeela. Hala ere, jakitun gara gauza gehiago hartu behar direla kontuan, eta ez dela hori soluzio bakarra. Uste dut orain dagoen kupo kopuruarekin bi ereduak bateragarriak direla: harrobiko lana eta kanpotik jendea etortzea.
Gizonezkoetan arraunlari gazte geroz eta gutxiago daude. Kezkatzen zaitu horrek?
Hainbat gauza hartu behar dira kontuan: azpitik datozen arraunlarien maila, kopurua... Inportantea da harrobian lan egitea, maila duten arraunlariak sortzeko, eta aldaketak egin ahal izateko. Lan egin behar da ere gazteek aukerak eta segida izan dezaten.
Emakumezkoetan, berriz, goraka ari da.
Bai, bestelakoa da egoera. Emakumeen kirola goraka doa, eta, gainera, hori dagoeneko ez da berria. 18 denboraldi daramatzagu Euskotren liga antolatzen, eta balioa eman behar zaio horri. Hasieran selekzioak aritzen ziren, eta ordutik asko aurreratu da: estropaden formatua, parte hartzaileen kopurua, sariak, azpiegiturak... Baina urratsak egiten jarraitu behar dugu.
2027tik zara TKEko presidentea. Urte hauetatik zer nabarmenduko zenuke?
Arraun ligak osasuntsu daude, eta meritu handia du horrek; denon artean lortu dugu. Maila handiko lehiaketak ditugu, interes handia pizten dugu urtero, eta udako kirol ekitaldi nagusietako bat da.
Eta zer erronka dituzue aurretik?
Askotarikoak. Ez diogu bakarrik ikusgarritasunari erreparatu behar; lan egin behar dugu probek segida izan dezaten. Balizajea, epaileak, kontu teknologikoak... mahai gainean ditugu beti. Hala sortu ziren GPSa, semaforoa eta beste erreminta batzuk. Arrauna inguratzen dugun eragile guztiek lanean segitu behar dugu.