Malaga. Kameni; Rosales, Sanchez, Weligton, Boka; Recio, Darder, Samuel (Horta, 62. min.); Amrabat (Javi Guerra, 88. min.), Samu Castillejo eta Juanmi (Duda, 73. min.).
Reala. Rulli; Zaldua, Ansotegi, Iñigo, Yuri; Markel, Granero (Pardo, 66. min.), X. Prieto, Canales (Hervias, 66. min.); Chory Castro (Finbogasson, 77. min.) eta Agirretxe.
Golak. 1-0. Reciok (55. min.). 1-1. Ruben Pardok (83. min.).
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Malagako Sergio Sanchezi, Hortari eta Weligtoni; eta Realeko Markel Bergara, Ansotegi, Xabi Prieto eta Iñigo Martinezi.
Bestelakoak. 22.000 ikusle inguru Rosaleda futbol zelaian. Aste Santuaren harira, zale txuri-urdin asko egon zen harmailetan.
Bolada ona zela eta, beste hitzik ez zen entzuten aspaldian Realaren inguruan: Europa. Hiru partida jarraian irabazi ostean, bazirudien eta txartel preziatu hori lortzeko aukera izango zutela txuri-urdinek. Bada, horren harira, partida ezin garrantzitsuagoa zuten atzo Malagan, eta lehen bezalaxe jarraitzen dute kontuek, puntu bat lortu baitzuen David Moyesen taldeak. Lehen zatian hainbestean, baina bigarrenean gaizki jokatu zuen, eta ontzat jo daiteke puntua. Hori bai, ez da aski inondik ere Europako postuetara hurbiltzeko. Partida hasi aurretik bezala, zortzi puntura baitu orain Realak Malaga, sailkapeneko zazpigarren sailkatua, eta bederatzi lehia falta dira liga amaitzeko.
Lehen minutuak oso izan ziren sufrimenduz beteak Realarentzat. Batez ere, hastapeneko ordu laurdena. Malagak indar erakustaldia azaldu zuen, eta nagusi izan zen jokoan. Ordea, nagusitasun hori ez zuen azaleratu golen bidez. Egiari zor, Juanmik gola egin zuen 12. minutuan, baina jokoz kanpokoa adierazi zion epaileak. Ongi. Reala, bere aldetik, nahi eta ezin aritu zen. Hasierako hamaikakoan ezusteko aldaketa bat egin zuen David Moyesek, Pardoren lekuan Markel zelairatuta, eta taldeak arazoak izan zituen baloia hanketan izateko. Huts asko egin zituen. Hori bai, 18. minututik aitzin Malaga baretu egin zen, eta indarrak parekatuta geratu ziren.
Bada, orduantxe hasi zen Reala azken jardunaldiotako jokoa azaltzen. Distiratik urrun, baina, gutxienez, gol aukerak sortuz. Lehena Zalduak izan zuen, bakar-bakarrik jokaldi on bat josi ostean. Ondoren Canalesen eman zuen abisua, areaz kanpotik sekulako jaurtiketa eginda. Kamenirekin egin zuen topo, baina. 27. minutuan, berriz, Granerok huts egin zuen, Malagako atezainaren aurrean bakarrik geratu eta ezin okerrago jo baitzion baloiari. Eta, atsedenaldiaren atarian, Chory Castro partidako lehen gola egiteko zorian izan zen. Berriz ere Kameni azaldu zen. Minutu guzti horietan, Malaga gehiago izan zen jokoan, baina gol aukera garbienak Realak izan zituen. Hortaz, bigarren zatirako itxaropentsu erretiratu ziren aldageletara Moyesen jokalariak.
Berriz ere, hasiera txarra
Ordea, lehen zatian gertatu bezala, hasierako minutuetan nagusi izan zen Malaga, eta ez zuen barkatu. Bistakoa zen denbora kontua zela, eta, 55. minutuan, 1-0ekoa egin zuen Reciok, burukada baten bitartez. Gol horrek jota utzi zuen Reala, eta burua altxatu ezinik ibili zen kasik bigarren zati osoan. Malagak nahi adina gol aukera izan zuen dozena bat gol egiteko, baina ez zuen asmatu. Eta, hara non, Pardok banakoa egin zuen 83. minutuan, arez kanpotik maisuki jaurtita. Hortaz, puntuak zapore gozoa du txuri-urdinentzat, itxaropenari eusteko moduan baitira.
Atseden hartzeko betarik gabe, etzi, 20:00etan, Atletico Madrilen zelaian jokatuko du Realak. Zelai gaiztoan oso.
Malaga 1. Reala 1
Kontuak, lehen bezala
Partida eskasa jokatu du Realak Malagan, baina Pardok amaieran egin duen gol bikain bati esker, Europara sailkatzeko aukerekin jarraituko du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu