Kontziliazioa dela eta, etxera itzuli da Osertz Aldai

Azken hamar urteetan gizonezkoen Isuntza taldeko entrenatzailea izan da Aldai, gaur arte. Gustura dago egindakoarekin, eta, orain, erronka berri bat du parean: emakumezkoen Hondarribia taldeko teknikaria izango da.

Osertz Aldai arraun entrenatzailea, Hondarribian. GORKA RUBIO / FOKU
Osertz Aldai arraun entrenatzailea, Hondarribian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Hondarribia
2025eko urriaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lotua da kirol mundua, eta lotuenetako bat da arrauna; denbora asko exijitzen du. Horregatik, askotan zaila izaten da kontziliatzea; eta are zailagoa etxetik kilometro askora ari bazara. Azken hamar urteetan gizonezkoen Isuntza taldeko entrenatzailea izan da Osertz Aldai hondarribiarra —arraunean ere aritu da—, baina etapa horri azken puntua jartzea erabaki du, familia arrazoiengatik. Hamabost hilabeteko alaba bat du, eta, aitortu duenez, konturatu zen konplikatua egingo zitzaiola hurrengo denboraldian guztia kudeatzea.

90 kilometro daude Hondarribitik Lekeitiora, eta autoz ordu eta erdi behar da. Joan-etorria eginez gero, 180 kilometro eta hiru ordu. «Distantzia horrekin, etxeko laguntza eta alaba txikiarekin egoteko denbora sakrifikatu behar nituen. Arraunak sakrifizioa eta esfortzua eskatzen ditu, baina horri ia hiru orduko bidaiak gehitu behar badizkiozu, dena zailtzen da». Gainera, arraun entrenatzailea izateaz gain, irakaslea ere bada. Zuzendaritzari udan eman zion erabakiaren berri. 

Dena den, ez du arrauna bazter utzi, eta beste erronka bati heldu dio: emakumezkoen Hondarribia taldeko teknikaria izango da. Etxera itzuli da, beraz. Ilusioz eta gogotsu dago, nahiz eta dolua bizitzen ari den oraindik, aldaketa asimilatzen. «Denboraldian buru-belarri aritu naiz, eta azken estropadara arte bigarren planoan nuen nire azken urtea izango zela. Orain lehen planora eraman dut, eta uste nuen errazagoa egingo zitzaidala. Denbora behar dut guztia asimilatu eta barneratzeko. Denboraldian eguneroko dinamikan sartuta zaudenean, gauza asko ez dituzu hausnartzen. Amaitzen denean, orduan hasten zara egindakoaz jabetzen, eta hausnartzen eta konturatzen». 

Isuntzan oso gustura aritu dela esan du, eta esker hitzak baino ez ditu zuzendaritzako kideentzat, arraunlarientzat, herriarentzat... «Orain dela hamar urteko argazkia eta oraingoa ikusten baditugu, nabari da ibilbide bat dagoela, eta gauzak hobetu direla. Ez bakarrik mutilen goi mailan. Lehen ez zegoen ia umerik, eta orain mutil eta neska pila bat daude. Nesken trainerua ere uretan dago. Zuzendaritza indartsu bat dago, jende asko lanean, herria ere gainean... Bi argazkien artean salto handi bat dago». 

Harrobian egindako lanean ere azpimarra egin du. Haren ustez, ezinbestekoa da gazteak zaintzea, eta, noski, aukerak ematea: «Gazteek denbora behar dute jauzia egiteko, baina lagundu egin behar zaie ibilbide horretan. Konfiantza behar dute. Uste dut trantsizio hori garrantzitsua dela». 

«Arraunak sakrifizioa eta esfortzua eskatzen ditu, baina horri ia hiru orduko bidaiak gehitu behar badizkiozu, dena zailtzen da»

OSERTZ ALDAI Arraun entrenatzailea

Denboraldia biribilduta esan dio agur hondarribiarrak Isuntzari. Izan ere, aspaldiko partez, taldea Kontxan lehiatu da. Azkenekoz 1999an hartu zuen parte; hots, duela 26 urte. Hori lortuta, zama kendu du gainetik Aldaik: «Hamar urte hauetan arraunlari on asko pasatu dira trainerutik, eta ikusten nuen denbora pasatzen ari zen bezala ez genuela sailkatzea lortzen. Batez ere haiengatik eta herriarengatik sentitzen nuen nahi hori, Kontxa zer den bizi izan zezaten. Jada erabakita neukan ez nuela beste urtebetez jarraituko, eta aurtengoa azken aukera moduan ikusten nuen. Arraunlariei ez nien helarazi. Sumatu nuen horrek sortu zidan pisua denboraldi guztian. Ez Kontxan bakarrik, baita ligan ere. Ez nuen amaitu nahi mailaz jaitsiz». 

Ezta hurrik eman ere. «Uste baino hobeto» aritu da ontzia, eta urrun utzi ditu jaitsiera postuak; ligan zazpigarren amaitu du. «Denboraldiaurrean taldeak hutsune batzuk izan zituen, eta borroka handia aurreikusten zen. Bagenekien gure lana ondo eginez gero eta gure errendimendua ona izanez gero maila ona eman genezakeela, eta gauzak zail jarri. Baina zazpigarren postu hori sinatuko genukeen hasieratik, agian baita zortzigarrena edo bederatzigarrena ere». 

Besteak beste, Iñaki Goikoetxea Sagua patroiaren lana goraipatu du. «Duela 30 urte ezagutu nuen, eta ordutik pertsona berezi bat da niretzat. Lotura berezia dut harekin, eta oso eskertuta nago. Estropadetan izugarrizko lasaitasuna ematen du, batez ere itsasoa mugitua dagoenetan. Maila handiko patroia da». 

Momentu bat aukeratzeko eskatuta, duda egin du, baina taldea Eusko Label ligara igo zen sasoia hautatu du azkenean, 2018koa, «herriarentzat, taldearentzat eta klubarentzat zer izan zen kontuan hartuta». 

Burua martxan 

Aldaketa garaia datorkio Aldairi. Batetik, Isuntza utzi eta Hondarribian hasiko delako entrenatzaile. Eta, bestetik, ez duelako arraun egiten jarraituko. «Argi nuen Lekeition ezin nuela segitu, distantziagatik. Ez nekien arraun egingo nuen edo ez, edo nola ikusten nuen neure burua. Urteak dira arraunean ari naizela, eta momentu batean iritsi behar zuen amaierak, baina ez nuen inoiz ikusten noiz zen momentua. Horrela suertatu da». 

Erronka berrirako gogoz dago: «Gozatzeko aukera izango dudala uste dut». Euskotren ligatik ETE ligara jaitsi da aurten Ama Guadalupekoa, eta bigarren mailan arituko da, beraz. «Asmoa arraunaz gozatzea eta taldeari poliki-poliki ahalik eta etekin eta errendimendu onena ateratzea da. Ikusi beharko da hori lortuz gero emaitza zein den. Agian mailaz igotzea lortuko dugu, edo ez. Garrantzitsuena da arraunlariak gustura egotea eta arraunaz gozatzea». 

Mailaz jaisteak psikologikoki eragiten duela adierazi du, eta gogoratu lehia estua izan dela ontzi askoren artean. «Talde bat baino gehiago zeuden maila antzekoan, baina puntuak dira balio dutenak. Azkenean, zuzenean jaitsi ziren, kanporaketa jokatu gabe. Jokatu balute, uste dut lortuko zutela mailari eustea. Gogorra da hori onartzea. Demostratzeko gogotsu egongo dira». 

Lehen eginbeharra eskifaia ezagutzea izango da. «Entrenatzaile batek ezagutu egin behar du arraunlaria, eta orduan ateratzen dio etekina taldeari. Lehen helburua hori da, poliki-poliki martxan jartzea». Burua martxan du jadanik, aitortu duenez. Deskonektatu nahi, baina ezin: «Baiezkoa eman nuenetik, buruari bueltaka ari naiz. Ideia asko ditut». Kapitulu bat bukatu du, baina beste bat hasi. Eta non hobeto etxean baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.