Txirrindularitza

Kooij garaile azkarrenen arteko lehen lehian

Decathloneko esprinterra bere kasa nagusitu da Pauen, Astana taldeak egindako lanari etekina aterata. Erorketa bat izan da esprint gunearen aurretik, eta faboritoek hamalau segundoko atzerapena izan dute. Pirinioetako etaparik gogorrena jokatuko da bihar.

Olav Kooij txirrindularia Paueko helmugan, etapa irabazi izana ospatzen. YOAN VALAT / EFE
Olav Kooij txirrindularia Paueko helmugan, etapa irabazi izana ospatzen. YOAN VALAT / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 8a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Esprinter batzuek beren jiran antolatutako taldeak dituzte. Olav Kooijek ez, ordea. Paul Seixas sailkapen nagusian ondo kokatzea da Decathlonen lehentasuna, eta, hartara, Kooijek pare bat laguntzaile besterik ez du esprintetarako. Aurrez Visman egon zen, eta ez zuten Tourrera eraman ere egin. Orduan ere, eskalatzaile bat zen taldeburua, Jonas Vingegaard. Kooijek aurtengoa du lehen Tourra, eta gaur aritu da lehenengoz esprintean lehian. Aritu, eta gailendu, hura izan baita azkarrena Paueko helmugan. Taldekiderik ez zuen inguruan, baina aise moldatu da aurkari artean. Astanak hartu du azken ahalegina bideratzeko ardura, baina kukuak oker jo dio, Kooijek aurrea hartu baitio Max Kanterri. Tim Merlier (Soudal) izan da hirugarren.

Hautagaiak hamalau segundo geroago helmugaratu dira, helmugatik sei kilometrora erorketa bat izan eta horrek etena sortu baitu tropelean. Min hartzeko arrisku handia izaten da tropelak esprinta jokatzen duen lehen etapan, eta faboritoek, bederen, onik eta osorik gurutzatu dute helmugako marra. Torstein Traeenek (Uno-X) eutsi egin dio maillot horiari, eta lider gisa iritsiko da bihar Pirinioetan jokatuko den etapara.

Eskalatzaileentzat eginbehar hutsa zen gaurko saioa, eta, orokorrean, lehiarako grina gutxi izan da tropelean. Oso zaila zen ihesaldia esprinterren taldeei gailentzea, eta lehen kilometroetan, txirrindulari bakarrak izan du sailetik ateratzeko adorea: Baptiste Veistrofferrek (Lotto). Hirugarren etapan Arnaud De Lieri laguntzen saiatu zen, eta, esprinterrak etxerako bidea hartu zuenez, askatasuna baliatzen saiatu da Veistroffer. Jakina zen nola amaituko zen haren abentura bakartia, baina, halere, jo eta ke aritu da.

Hiru minuturen aldea izan du asko jota, eta hamalau kilometroren buruan harrapatu dute, eguneko igoera puntuagarri bakarra gainditu ondoren —kilometro bateko koska tente bat—. Beste ihesaldi bat abiarazteko ahalegina egin dute Kasper Asgreenek (Education), Fred Wrightek (Pinarello) eta Valentin Paret-Peintrek (Soudal), baina alferrik izan da. Tropelak ziztu bizian egin ditu Pauera iristeko geratzen ziren kilometroak, eta, sarri gertatzen den bezala, lurrera joan dira hainbat txirrindulari. Faboritorik ez zegoen haien artean, eta esprinterrek, bien bitartean, lokarriak estutu dituzte azken ahalegina egiteko.

Astanaren trenean luxuzko bidaiaria izan da Kooij, eta bagoitik jauzi egin du gero, garaipenaren bila. Merlierrek, berriz, atzetik aurrera egin du, hirugarren sailkatzeraino. Atzerago izan dira beste esprinter nagusiak: Jasper Philipsen (Alpecin) bosgarren izan da, Biniam Girmay (NSN) seigarren, eta Mads Pedersen (Lidl), bezperako garailea, zazpigarren.

Tourmalet dute zain

Oso bestelako ibilbidea izango du biharko etapak, tropela Pirinioetan barrena ibiliko baita. Tourreko mendaterik mitikoenetako bat izango da plater nagusia: Tourmalet. La Mongietik igota, 17 kilometro da luze, eta %7,3ko pendiza du batez beste. Hasierako aldapak leun samarrak dira, baina, gero, %9ko eta %10eko pendiza duten hainbat kilometro topatuko dituzte. Lehenago, lehen mailako mendate bat igoko dute, Aspin —12 kilometro eta %6,5—.

Helmuga, dena den, ez da Tourmaleten gailurrean egongo, handik 40 kilometrora baizik, Gavarnieko zirkuan. Igoera luze eta leun baten ondoren iritsiko dira hara —18,7 kilometro eta %3,7—. Oso zaila izango da lasterketa han puskatzea; beraz, anabasa sortu nahi duten hautagaiek Tourmaleten oldartu beharko dute. Litekeena da taldeburuentzat erabakigarria izatea ihesaldian taldekideak izatea.

Traeenek maillot horiari eustea izango du helburu; 28 segundora du Sean Quinn (Education), 3.50era Mathias Vacek (Lidl) eta 7.53ra Tadej Pogacar (UAE), oilarren artean onena. Esloveniarraren atzerapen bera du Jonas Vingegaardek (Visma). Bestela izan liteke biharko etaparen ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA