Olav Kooijek esprintean irabazi du Giroko bederatzigarren etapa

Helmugarako metro gutxi falta zirela harrapatu du tropelak Jhonatan Narvaez. Pogacar dabil lider oraindik.

Olav Kooij, garaipena ospatzen, gaur, Napolin. LUCA ZENNARO / EFE
Olav Kooij, garaipena ospatzen, gaur, Napolin. LUCA ZENNARO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko maiatzaren 12a
18:00
Entzun

Emozioz betea izan da Italiako Giroko bederatzigarren etaparen amaiera. Jhonatan Narvaezek (Ineos) buruan egin ditu azken kilometroak, hamar segundo ingururen abantailarekin, eta balentria lortzear izan da. Ekuadorgoa ia-ia Napoliko helmugan bertan harrapatu du tropelak; aurtengo Giroko bigarren garaipena izango zuen. Esprinterren artean Olav Kooij (Jumbo) izan da indartsuena, Jonathan Milani (Trek) aurrea hartuta.

Orokorrean egun lasaia izan dute ziklistek, baina azken 25 kilometroetako mendatetxoek klasiko itxura eman diote etapari. Biziraupen proba bat izan da esprinterren taldeentzat. Hogei kilometro falta zirela jo du erasoa gisa horretako ibilbideetan jaioa den Julian Alaphilippek (Quick-Step), Arkeako Costiou gaztearekin batera. 

Milan esprinterraren Trek taldeak gogotik egin du lan bi horiek harrapatzeko, eta lortu dutenean heldu da Narvaezen ekinaldia. Ikusgarri aritu da, beste behin, ekuadortarra, eta oso gutxi falta izan zaio sekulako garaipena eskuratzeko. Azkenean, ordea, tropelak bere legea ezarri du.

Denboraldiko bosgarren garaipena da Kooijentzat; Giroko lehenengoa Jumborentzat. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Tadej Pogacarrek (UAE) lider jarraitzen du bigarren den Daniel Felipe Martinezekiko (Bora) 2.40ren abantailarekin. Bihar lehen atseden eguna izango dute txirrindulariek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.