Kopa, botika

Denboraldiko lehen garaipena lortu nahi du Osasunak gaur Madrilen, Getaferen aurka, Kopako final-hamaseirenetako joanekoan

2008ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Oraindik Ligako lehen laurdena jokatu ez den arren, Osasunako zale orok argi du mailari eustea dela denboraldi honetako erronkarik garrantzitsuena. Halere, Ligako atsekabeak une batez ahaztu eta beste itxura bat eman nahi dute Iruñeko taldeko jokalariek Espainiako Kopako estreinaldian. Gaur Getafen (Espainia) irabazteak ez die Lehen Mailako sailkapenean hobera egitea ekarriko, baina gorritxoek badakite boladaka izaten direla emaitzak askotan eta beste lehiaketa bat izanagatik Osasunarentzat premiazkoa dela sasoiko lehen garaipena lortzea. Irabazteak, Kopan izan arren, adorea emango lieke Osasunako jokalariei Ligarako, eta etsitzen hasiak diren zaleen itxaropena berritzeko ere balioko luke. Beraz, horixe da helburua: irabaztea. «Berriro indarra eta konfiantza hartzeko aukera dugu Kopan. Honek ez du zerikusirik Ligarekin, joaneko partidaren ostean itzulikoa dago, eta itzulikoan erabaki beharko dugu kanporaketa», esan zuen atzo Jose Antonio Camachok.

Asteko saio guztietan 4-1-4-1eko joko sistemarekin entrenatu eta besteak beste Masud eta Plasilekin probatu duen arren, Camachok deialditik kanpo utzi zituen atzo irandarra zein txekiarra, eta horrekin argi geratu da aurreikus zitekeen iraultzarik ez dela izango Osasunaren hamaikakoan. Hori bai, aldaketa txiki bat izango da eta oso litekeena da Camacho Osasunako entrenatzailea denetik lehendabiziko aldiz nafarrek aurrelari peto bakarrarekin hastea norgehiagoka. Aurrelariaren atzetik Hector Font ariko da, eta, hura hamaikakoansartuta, zelai erdia indartu nahi du Camachok. Jose Angel Zigandak ez zuen asmatu bi aurrelarirekin jokatzen, eta Camachori ere ez zaio gustatu berak zuzendutako lehen bi partidetan taldeak bi aurrelarirekin nola jokatu duen. Betisen aurka, esaterako, egundoko tartea zegoen euskarrien eta aurrelarien artean eta ez zuten asmatu jokatzen. Fonten sarrerarekin konpondu nahi du hori Camachok, nahiz eta erasoan indarra galtzeko arriskua izan.

Txapeldunordea aurkari

Camacho etorri denetik gutxi edo batere jokatu ez duten jokalari dezente izango dira hamaikakoan, dena dela, eta horrek gorritxoen grina ziurtatu beharko luke, Kopa Liga bezain garrantzitsua ez dela argi egon arren Kopan egindako jokoak zabaldu ahal baitizkie Ligarako ateak gaur ariko diren jokalariei. Eta gaur ariko direnetatik bat baino gehiago ariko da beharbada igandean Espanyolen zelaian, baldin eta gaur ondo jokatzen badute. Argi dago Betisen aurka hain itxura negargarria eman ostean Ligako hamaikakoan ere aldaketak egingo dituela Camachok, eta Getafeko aukera baliatu beharra dute Robertok, Fontek, Delportek, Jokinek eta Pandianik.

Bi taldeok orain arte jokatutako kanporaketek ez dute baikor izateko arrazoirik ematen, dena dela. Egia da Osasunak 2004-2005eko Espainiako Kopako finala jokatu zuenean Getafe utzi zuela kalean, besteak beste, Javier Aguirreren taldeak. Baina azken kanporaketan gertatutako hura baino baliagarriagoa izan daiteke alderaketa egiteko, eta orain bi denboraldi Getafek erraz menderatu zuen Osasuna: 3-0 galdu zuen Zigandaren taldeak Alfonso Perez futbol zelaian, joanekoan, partida negargarria jokatuta, eta, itzulerako lehian 1-0 irabazi arren, Bernd Schusterrek zuzendutako taldeak gainditu zuen kanporaketa. Urte hartan finaleraino iritsi zen Getafe, eta Sevilla indartsuaren aurka amore eman zuen finalean, 1-0 -hain zuzen ere, gaur gaueko partidako epaileak zuzendu zuen finala, Rodriguez Santiagok, eta haren lana gogor kritikatu zuten Getafeko zaleek, penalti argi bat ez adierazteagatik-.

2006-2007an Kopan bikain aritu zen, eta iragan sasoian ere gauza bera egin zuen Getafek. Finalera iritsi zen, besteak beste Osasunaren borreroa -Mallorca- mendean hartu eta gero. Finala irabazteko faboritoa ere bazen Michael Laudrupek zuzendutako taldea, Ronald Koemanen Valentziaren aurka jokatu arren. Baina, azkenean, Valentzia aise nagusitu zen finalean (3-1). Txapeldunordea izatearekin konformatu behar izan zuen Getafek berriz. Hirugarrengoan lortu nahiko dute espainiarrek titulua, baina Osasuna hori galarazten saiatuko da.

Ustez, Getafek izan beharko luke kanporaketa gainditzeko faboritoa, baina Camachok ez du hala uste: «Ez dut uste Getafekoek euren burua faboritotzat jo nahiko dutenik, eta Osasunaren aurka aritzen denak badaki ezin duela faboritoa dela sinetsi, nahiz eta sailkapeneko azken postuan gauden. Azken bi partidak aztertuz gero, agian jaurtiketa gutxien jaso duen taldea gara», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak.



Berriro indarraeta konfiantzahartzeko aukera dugu Espainiako Kopan»

jose antonio camacho
Osasunako entrenatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.