Kopa da garrantzitsua orain

Finalerdietatik urrats batera dago Osasuna, eta partida garrantzitsuenetako giroa izango da gaur iluntzean Nafarroako Erresuman

Iruñea
2010eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Osasunarentzat garrantzitsuena Liga dela eta denboraldiko helburu nagusia mailari eustea dela esan eta esan aritu dira Osasunako jokalariak. Kopako partida bat jokatu behar zuten bakoitzean hori esan dute. Arrazoia zutela argi dago, baina jardun horrek etena izan du aste honetan. Ligako azken bi partidak irabazi ostean, Osasuna eroso antzean dago Ligan, eta, gaur iluntzean Racingen aurka Santandertik ekarritako 2-1ekoari buelta emanez gero finalerdietan daudela jakinda, aste honetan Kopak aurrea hartu dio Ligari gorritxoen lehentasunetan. Igandean Vila-realen partida zaila dute, baina aste honetan Kopa da lehiaketa garrantzitsua. Finalerdietatik urrats batera dago Osasuna, eta partidarik garrantzitsuenetako giroa izango da gaur iluntzean.

Jose Antonio Camacho zuhur mintzatu zen atzo, baina bere taldeak kanporaketa gaindituko duela sinetsita dago. Orain arte, Ligan gutxien jokatu duten aurrelariak jarri ditu Kopan hasierako hamaikakoan. Baina, partidaren garrantziaren jakitun, litekeena da gaur iluntzean Pandiani, Camuñas, Aranda edo Juanfran hasieratik lehiatzen jartzea. Atzoko entrenamenduan ez zuen hamaikakoaren arrastorik eman, Aurreko kanporaketetan halako misteriorik gabe ibili zen, eta beharbada aldaketak egingo dituen seinale da hori, zalantzarik gabe. Gainera, larunbateko prentsaurrekoan, Racingek daukan aldea dela-eta aurrealdea indarberritu egin beharko zuela eman zuen aditzera.

Nolako partida nahi duen aurreratu zuen atzo gorritxoen prestatzaileak: «Partida ez da lehen minutuan amaitzen, eta erritmo batean jokatu behar dugu. Ez zaigu interesatzen partida irekia izatea, guk golen bat sartuko dugula sinetsita bainago», esan zuen. Kopan etxean jokatutako bi norgehiagoketan, Osasunak ez zuen golik jaso, ez Xerezen aurkako kanporaketan, ezta Herculesen aurkakoan ere. Eta argi dago gaur ere ateari hutsean eustea lortuz gero Osasunak dena alde izango duela kanporaketa gainditzeko.

Aurkariak, Racingek, jokalaririk onenak zelairatuko ditu gaur Iruñean, joanekoan lortutako aldeari eusteko. Miguel Angel Portugal entrenatzaileak atseden eman zien Munitis, Canales eta Xiscori Sportingen aurkako Liga jardunaldian. Azken minutuetan soilik zelairatu zituen, Osasunaren aurkako partida gogoan. Eta, erronka erraza ez dutela izango jakin arren, baikor dira Santanderkoak.

Kanpotarren zale ugari

«Kanporaketa gaindituko dugu, seguru», esan zuen Portugalek, Racingeko entrenatzaileak, joaneko partida amaitu orduko eman zuen prentsaurrekoan. Racingeko jokalariak eta zaleak hotz utzi zituen Pandianik azken unean lortutako golak, baina entrenatzaileak baikortasuna zabaldu nahi izan zuen haien artean. Eta lortu du asmoa betetzea Portugalek, gainera. Baikortasuna da nagusi Santanderko taldearen inguruan. Atzo, esaterako, Osasunak bidalitako 400 sarrerak salgai jarri zituen Racingek, eta jende ilarak izan ziren 30na euroko sarrerak eskuratzeko. Zale ugari etorriko da handik.

Gaur iluntzeko partida harmailetatik ikusteko, ordaindu egin beharko dute Osasunako bazkideek ere. Ez da Izkok bere kluba aberasteko hartutako erabakia izan: gaur bildutako diru guztia Gurutze Gorriaren bitartez Haitiko lurrikaran kaltetutakoei igorriko die Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.