Kopa ez dago krisian

Athleticek jokalaririk onenekin aritu behar izan du Alcorcon bidean laga eta final-zortzirenetara pasatzekoBartzelonak eta batez ere Real Madrilek garrantzia handia eman diote lehiaketari

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Ligak interesa galdu duela uste dute askok. Real Madrilen eta Bartzelonaren nagusitasuna handitu egiten da egunetik egunera, eta horrek interesa kentzen dio. Hirugarren sailkatzen den taldea txapeldun senti daiteke kasik. Begi guztiak Santiago Bernabeura eta Camp Noura begira daude. Madrilgo eta Bartzelonako izarrek sortzen dute interesa. Gainerako protagonista guztiak bigarren mailan daude. Eta, horrenbestez, asko balio dute ligako talderik onenetako protagonistek igortzen dituzten mezuak. Ba aspaldiko partez, pozik egon daitezke betidanik Espainiako Kopan sinistu dutenak. Liga eta Txapeldunen Liga lehenetsi eta Kopa alde batera utzi dute goi mailako teknikari gehienek azken sasoietan. Jokalari garrantzitsuenei atseden eman eta ohikoak ez direnei erritmoa hartzen laguntzeko baliatu dituzte Kopako partidak. Apustu horrek ezusteko asko ekarri ditu. Eta, horrekin batera, interesa galdu du txapelketak.

Denboraldion gauzak aldatu egin dira, ordea. Jose Mourinho da horren erantzule nagusia. Real Madrileko entrenatzaileak Bernabeuko oholtza baliatu du Kopari galdutako indarra berreskuratzen laguntzeko. Mundu osoan gehien jarraitzen duten teknikariak Kopari sekulako garrantzia eman dio. Merezi duen seriotasunarekin prestatu du Bigarren B Mailako Murtziaren kontrako kanporaketa. Xabi Alonso, Cristiano Ronaldo, Higuain, Casillas eta enparauak bideratuta zegoen kanporaketa bat jokatzen ikustea da horren adibiderik garbiena. Gainera, ez da ahaztea komeni Portugalen, Ingalaterran eta Italian entrenatu duenean Kopa irabazteko gai izan dela Mourinho. Ez dabil txantxetan, beraz.

Ez da Mourinho izan Kopari garrantzia eman dion entrenatzaile bakarra. Aulkietako beste galaktikoak ere lagundu du Kopa indarberritzen. Pep Guardiolak Bartzelonarentzat ez dagoela «lagunartekorik» esan zuen joaneko partidatik erabakita zegoen Ceutaren kontrako itzulikoaren bezperan. Gainera, jakinekoa da Bartzelonak beti eman izan diola garrantzia lehiaketari. Athleticekin batera Kopako erregea baita. Talderik indartsuenen apustuak beste talde asko gauza bera egitera behartuko ditu.

Gaur egingo dute zozketa

Baina Guardiola eta Mourinho ez dira Kopari garrantzia ematen dioten entrenatzaile bakarrak. Athleticek ere beti erakutsi du ez duela Kopa frogak egiteko erabiltzen. Kopak asko eman dio Athletici eta Joaquin Caparros Lezama zapaldu zuen lehen egunean konturatu zen horrekin. Entrenatzaile zuri-gorriak ere sarri erakutsi du gustuko duela. Eta, askotan, Kopari Ligari baino garrantzi handiagoa eman dio. Hau da, Kopako partidari aurre egiteko futbolaririk onenei Ligan atseden emateko erabakia hartu du behin baino gehiagotan. Denboraldi honetan, oraindik, ez du horrelakorik egin. Ligari eta Kopari garrantzia bera eman die. Bi lehiaketetan onenek jokatu dute. Iraizoz, San Jose, Iraola, Llorente eta Gurpegi, esaterako, neurketa guztiak ari dira jokatzen. Denboraldiaren lehen herenean egonda, astean bi partida jokatzeak ez diela aparteko nekerik eragiten iritzi dio entrenatzaile espainiarrak. Hala ere, arazoak badaude. Susaetak, San Josek eta Toquerok giharretako arazoak dituzte, eta litekeena da euretako baten batek harmailatik ikusi behar izatea bihar San Mamesen Almeriaren kontra jokatu beharreko norgehiagoka.

Arazoak arazo, Caparrosek erabaki zuzena hartu zuen Alcorconen kontrako kanporaketan sasoi onenean daudenak zelairatzea erabaki zuenean. Bi partidetan erakutsi baitu Espainiako taldeak Athletic estu hartzeko gai izan zitekeela. Juan Antonio Anquelak zuzendutako jokalariek maila ona eman zuten joaneko partidan, etxean, eta San Mamesen ere aurpegia eman zuten. Ez ziren turismo egitera etorri.

Kontuak kontu, Athleticek merezita eskuratu du final-zortzirenetara pasatzea. Lehen kanporaketa gaindituta, gaur jakingo du talde zuri-gorriak zein izango den hurrengo aurkaria. Eta, hori jakindakoan, hilabetez Koparekin ahazteko aukera izango dute teknikari eta futbolariek. Hurrengo kanporaketaren joaneko neurketa abenduaren 22an jokatu beharko baitute. Bitartean, ligan postuak aurreratzeko aukera izango du Athleticek. Eta, gero, barruan duen guztia eman beharko du Kopan, zaleen artean duela sasoi biko ilusioa berreskuratzeko. Athletic gai da, eta kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketetan edozein aurkariri aurre egiteko. Etxean zein kanpoan golak egiten dituen taldea da. Orain arte sasoiko partida ofizial guztietan zulatu du aurkariaren atea. Eta horrek asko balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.