Kopako aurkaria, Espanyol

Athleticek Kataluniako taldea izango du aurkari final-zortzirenetan; itzulikoa Bartzelonan jokatuko da

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek atzo jakin zuen zein talde izango duen aurkari Espainiako Kopako final-zortzirenetan: Espanyol. Zuri-gorriek eta zuri-urdinek datorren asteazkenean jokatuko dute joaneko partida, San Mamesen. Itzuliko norgehiagoka, berriz, astebete geroago jokatuko da, Lluis Companys estadioan. Aurrera eginez gero, Athleticek ere badaki noren aurka ariko den final-laurdenetan, Zaragozaren eta Racingen arteko kanporaketako irabazlearen aurka, hain zuzen ere. Final-laurdenak hilaren 23an eta 30ean jokatuko dira.

Final-laurdenetan aritzeko, hala ere, Athleticek Espanyol utzi beharko du bidean, erronka zaila, Kataluniako taldea denboraldi bikaina ari baita egiten -hirugarren da Espainiako Ligako sailkapenean, Txapeldunen Ligako postuetan, alegia-. Oso bestelako egoeran da Athletic, hamalaugarren postuan, eta gora egin ezinik. Bi taldeok orain ia bi hilabete jokatu zuten elkarren aurka, Bartzelonan, eta Espanyolek 2-1 irabazi zuen, partida amaitzear zela Aitor Ociok bere atean sartutako gol bati esker. Zuri-gorriek, hala ere, kanporaketa bi partidara jokatzen dela baliatu nahi dute Espanyol kanporatzeko.

Athleticeko entrenatzaile eta jokalariek ondo hartu zuten zozketaren emaitza. «Lehen Mailako bi talde ariko dira elkarren aurka. Beraz, kanporaketa parekatuta dago, %50ean. Joaneko neurketan San Mamesen gertatzen dena gertatzen dela, kanporaketa itzulikoan erabakiko da, Bartzelonan», esan zuen atzo Joaquin Caparros talde zuri-gorriko entrenatzaileak.

Caparrosek aitortu zuen «zaleen hain babes handia» duen Athleticen gisako talde batentzat «nahiago» zuela itzuliko partida etxean jokatzea. «Hala ere, hori guztia teoria da, auskalo, inoiz ezin da jakin zer gerta daitekeen. Zozketa horrelakoa izan da, eta orain sinetsita nago onena joanekoa etxean jokatzea dela», gaineratu zuen.

Caparrosen iritzi berekoa zen Igor Gabilondo. Athleticeko erdilariaren arabera, kanporaketa parekatuta dago. «Ziur naiz oso kanporaketa gogorra izango dela. Espanyol talde ona da, baina guk Espainiako Kopan lan ona egiteko itxaropena dugu».

Pablo Orbaizek ere «kanporaketa zaila» aurreikusi zuen, Espanyol «talde handia» delako. Hala ere, garrantzia kendu zion itzuliko partida etxetik kanpo jokatu behar izanari. «Lehen Mailan talde guztiak oso parekatuta daude, eta edozein taldek irabaz dezake etxetik kanpo. Kanporaketaren ordenak ez du garrantzirik». Ligan bi taldeek elkarren aurka jokatu zuten neurketak kanporaketan gerta daitekeenarekin zerikusia ote duen galdetu zioten ere Orbaizi, eta erdilariak azpimarratu zuen Liga eta Kopa «bi lehiaketa ezberdin» direla.



«KANPORAKETA BEREZIA». Espanyolen aritutako jokalari bat dago egun Athleticen: Gorka Iraizoz atezaina. Espanyolen, berriz, hiru dira inoiz elastiko zuri-gorria jantzi dutenak: Ernesto Valverde entrenatzailea eta Iñaki Lafuente eta Mari Lacruz jokalariak. Aurreneko biek hitz egin zuten atzo kanporaketaren inguruan. «Polita eta oso irekia», horrela definitu zuen kanporaketa Valverdek. Espanyoleko entrenatzaileak ere ez zion garrantzi handirik eman itzuliko partida etxean jokatzeari. «Ez da adierazgarria. Taldea dagoen bezala, ez dut uste alde handirik egongo denik etxean edo etxetik kanpo jokatuta». Aurkariari buruz, berriz, Valverdek esan zuen Athletic «tradizio handiko taldea» dela Espainiako Kopan, nahiz eta azken denboraldietan lehiaketa horretan «ezer gutxi» egin duen.

Lafuenterentzat ere «kanporaketa berezia» izango da. «Berezia izango da, noski. Nolanahi ere, Kopako aurreko partidei bezala egingo diot aurre; sailkatzea besterik ez dut buruan». Athleticeko atezain ohiak, halaber, aitortu zuen «bitxia» egingo zaiola aurrean Iraizoz izatea, atezain nafarra Bilbora iristeko joan baitzen utzita bera Espanyolera. Lafuenteren iritziz, Athleticentzat «lehiaketa berezia» da Kopa, nahiz eta azken txapela irabazi zuenetik urte asko joan diren. «Ziur naiz aurrera egiteko duen guztia emango duela; guk ez dugu gutxiago egingo».



ZenBaKIa

11

Athletic-Espanyol kanporaketak Espainiako Kopan. Athleticek eta Espanyolek 11 kanporaketa jokatu dituzte elkarren aurka Espainiako Kopan. Estatistikak zuri-gorrien aldekoak dira nabarmen, hamar aldiz egin baitute aurrera. Espanyolek, aldiz, behin bakarrik kanporatu du Athletic; bi taldeok elkarren aurka jokatutako azken kanporaketan, hain zuzen ere. 1956-1957ko denboraldian izan zen. Joanekoan, Espanyolek 3-0 irabazi zuen, eta itzulikoan, hutsean amaitu zen partida.





«San Mamesen gertatzen dena gertatzen dela, kanporaketa itzulikoan erabakiko da»

joaquin caparros
athleticeko entrenatzailea
«Edozein taldek irabaz dezake etxetik kanpo; kanporaketaren partiden ordenak ez du garrantzirik»

pablo orbaiz
athleticeko jokalaria
«Taldea dagoen bezala,ez dut uste alde handirik egongo denik etxean edo etxetik kanpo jokatuta»

ernesto valverde
espanyoleko entrenatzailea
«Berezia izango da, baina aurreko partidei bezalaaurre egingo diot; sailkatzea besterik ez dut buruan»

iñaki lafuente
espanyoleko jokalaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.