Biak sailkatu dira Espainiako Kopa jokatzeko, baina bataren zein bestearen asmoak ez dira berdinak. Izan ere, Reala aurrenekoz ariko da. Eskarmentua pilatzea eta ahal bezainbeste gozatzea da, hortaz, Javier Garmendiak entrenatutako jokalarien helburua. Athletic, berriz, puntako taldea izanda ere, ez da gai izan azken zazpi denboraldietan lehen kanporaketa gainditzeko. Sasoi honetako Kopako Lauko Finala, baina, Basaurin (Bizkaia) jokatuko da ekainaren hasieran, eta hartarako sailkatzeko premia sentitzen dute, ia-ia, zuri-gorriek.
Final-zortzirenetako joaneko lehia jokatuko dute gaur Lezaman, Las Palmasen kontra (11:30). Berez Athletic da faboritoa. Izan ere, Superligako titulurako ligaxka jokatu du Alberto Berasaluzek entrenatutako taldeak azken hilabeteotan, haren kontrarioak ez bezala. Gainera, sasoiko daude. Gutxigatik ez dira titulurako kanporaketa jokatzeko sailkatu. Las Palmas, berriz, Superligako bigarren multzoan aritu da; ez zela titulurako lehian sartu, alegia. Hirugarren tokian sailkatu zen. Itzuliko lehia datorren igandean jokatuko da.
Reala, berriz, Torrejonen ariko da (11:30). Kanporaketak ez dauka faborito argirik, baina azken hilabeteotako joera kontuan hartuz gero, aurrera egiteko aukera gehiago dauzkate espainiarrek. Reala titulurako lehian aritu da. Torrejon, berriz, bigarren multzoan, baina lider gisa.
Kopako lehen kanporaketa jokatuko dute gaur Realak eta Athleticek
Final-zortzirenetako joanekoan Las Palmasen aurka ariko da Athletic, eta Torrejonen, berriz, Reala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu