Realak eta Osasunak elkarren aurka jokatuko dute Espainiako Kopako final-zortzirenetan, Anoetan

Athleticek Cultural Leonesaren aurka jokatuko du, Leonen, eta Alavesek Rayo Vallecano hartuko du Mendizorrotzan. Norgehiagokak urtarrilaren 13an, 14an eta 15ean izango dira.

Mikel Oiartzabal Realeko jokalaria eta Enzo Boyomo Osasunakoa nor baino nor gehiago, joan den denboraldian Anoetan jokatutako kanporaketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mikel Oiartzabal Realeko jokalaria eta Enzo Boyomo Osasunakoa nor baino nor gehiago, joan den denboraldian Anoetan jokatutako kanporaketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2026ko urtarrilaren 7a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argitu da zeintzuk izango diren Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketak. Gaur egin dute zozketa Espainiako Federazioak Madrilen duen egoitzan, eta bi euskal talderen arteko derbi bat izango da: Realaren eta Osasunaren artekoa. Athleticek Cultural Leonesaren aurka jokatuko du, eta Alavesek Rayo Vallecanoren kontra. Datorren astearte eta osteguna bitarte jokatuko dituzte kanporaketak, partida bakarrera.

Espainiako Kopako kanporaketetan ohikoa bihurtzen hasia da Realaren eta Osasunaren arteko norgehiagoka bat izatea. Txuri-urdinek eta gorritxoek hirugarren denboraldiz jarraian neurtuko dituzte indarrak. Orain arteko bietan Donostiako taldeak egin du aurrera. Duela bi denboraldi, Sadarren jokatu zuten final-zortzirenetako partida, eta, orduko hartan, Reala 0-2 nagusitu zen. Joan den denboraldian, Anoetan aritu ziren elkarren aurka, eta berriro ere txuri-urdinak gailendu ziren: 2-0. 2019- 2020ko denboraldian ere final-zortzirenetan tokatu ziren elkarren aurka, eta orduan ere Donostiako taldearentzat izan zen garaipena: 3-1. Denboraldi hartan txuri-urdinek garaikurra irabazi zuten.

Sasoi honetan ligan aritu dira nor baino nor gehiago. Azaroaren 22an izan zen, eta artean Sergio Franciscok zuzentzen zuen taldearentzat izan ziren puntuak. Gorritxoak jarri ziren aurretik, lehen zatia amaitzear zela, Catenak sartutako gol bati esker, baina bigarrenean txuri-urdinek hiru sartu zituzten. Hauek izan ziren golegileak: Brais Mendez, Guedes eta Barrenetxea. 

Espainiako Superkopa jokatuta, jakina zen Athleticek Bigarren Mailan ari den talde bat izango zuela kontrario: Ernesto Valverderen taldeak Leonera joan beharko du, Cultural Leonesa egokitu baitzaio aurkari. Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak Saudi Arabian izan du horren berri, bertan jokatuko baitu Espainiako Superkopako lehen finalerdia, gaur, Bartzelonaren aurka.

Hain zuzen ere, klub zuri-gorrian aski ezaguna den entrenatzaile batek zuzentzen du Cultural Leonesa: Jose Angel Ziganda Kuko-k. Larraintzarko (Nafarroa) entrenatzaileak zazpi denboraldi egin zituen Athleticeko lehen taldean jokatzen, eta beste horrenbeste Lezaman, entrenatzaile. Horietako bat lehen taldean izan zen: 2017-2018ko denboraldian. Aurretik,  2014-2015eko denboraldian Athletic B Bigarren Mailara igotzea lortu zuen.

Ez da izango Kopan zuri-gorriek Leonera egingo duen lehen bisita; izan ere, 2004-2005eko denboraldian Athleticek 1-2 irabazi zuen han, gau hotz eta elurtsu batean. Luzapenean egin zuten aurrera zuri-gorriek, Santi Ezkerrok sartutako gol bati esker. 1944-1945eko eta 1955-1956ko denboraldietan ere nor baino nor gehiago aritu ziren Kopan. Bietan, Athleticek aurrera egitea lortu zuen. Cultural Leonesa hamabosgarren dago sailkapenean, Bigarren Mailan, 24 punturekin. 

Alavesek, berriz, Rayo Vallecano hartuko du Mendizorrotzan. Arabarrek Lehen Mailako bigarren aurkaria izango dute sasoi honetan Kopan. Izan ere, final-hamaseirenetan Sevilla kanporatu zuten: 1-0. Partida hura ere Gasteizen jokatu zen. Carlos Vicentek sartu zuen gola.

Rayok atzo lortu zuen Kopan aurrera egitea. 1-3 hartu zuen mendean Granada. Dena den, 0-1 hasi zen galtzen; partida amaitzeko ordu laurdenaren faltan, bana zeuden markagailuan. Iñigo Perezen taldeak ezin izan zuen abenduan jokatu final-hamaseirenetako partida. Izan ere, Konferentzia Ligako partida zuen. Madrilgo taldeak denboraldi bikaina egin zuen aurreko sasoian ligan, eta Europarako sailkatu zen. Denboraldi honetan, ordea, estuago ari da. Hamalaugarren dago sailkapenean, Alaves baino postu bat atzerago. Biek hemeretzi puntu dituzte. Beraz, kanporaketa estua espero da. Ligan urriaren 26an jokatu zuten elkarren aurka, Vallecasen, eta etxeko taldeak 1-0 irabazi zuen, Zurawskik 91. minutuan sartutako gol bati esker. 

Atletico Madril eta Badalona aurkari

Emakumezkoetan final-laurdenak zozketatu dituzte. Bi euskal talde izango dira bertan: Athletic eta Reala. Zuri-gorriei Atletico Madril egokitu zaie, eta txuri-urdinei, Badalona. Kanporaketa partida bakarrera jokatuko dute, otsailaren 3an, 4an edo 5ean. 

Eguberrien aurretik jokatu zituzten final-zortzirenetako kanporaketak. Bertan, Realak Coruñako Deportivo kanporatu zuen. Arturo Ruizen taldeak 1-4 irabazi zuen Riazorren. Intzak, Edna Imadek (2) eta Lucia Rodriguezek sartu zituzten golak. Zozketa alde izan dute txuri-urdinek, etxean jokatuko baitute Badalonaren aurkako kanporaketa. Ligan 0-2 irabazi zuen Realak Badalonan. Irailaren 26an izan zen, eta Ednak eta Lucia Pardok sartu zituzten golak. Realak kolpea jaso du neguko fitxaketen merkatuan, Bayern Munichek Edna berreskuratzea erabaki baitu. Aurrelariak zortzi gol daramatza, eta asteburuan jokatuko du azken neurketa txuri-urdinekin. Ikusi beharko da nola betetzen duten postu hori. Baina Reala denboraldi bikaina egiten ari dira, eta finalerdietara sailkatzea izango du helburu. Ligan hirugarren dago, 30 punturekin; Badalona, berriz, hamargarren dago, hamaseirekin.

Athleticek Madrilen jokatu beharko du. Zuri-gorriek Europa utzi zuten kanpoan final-zortzirenetan. 0-3 gailendu ziren, Agoteren, Valeroren eta Azkonaren golei esker. Oraingo honetan aurkari gaiztoagoa egokitu zaie. Atletico Madril Txapeldunen Liga jokatzen ari da denboraldi honetan. Dena den, Javi Lergaren taldeak bolada oso onean amaitu zuen urtea, eta horri segida eman nahi diote. Hamar jardunaldi behar izan zituzten sasoiko lehen garaipena lortzeko, baina ordutik ez dute galdu, eta dagoeneko sailkapenaren zortzigarren tokian daude, hemeretzi punturekin. Ligan, gainera, estu hartu zuten Atletico Madril, bere zelaian. Bana berdindu zuten. Jone Amezagak partida amaitzear zela lortu zuen berdinketaren gola, 87. minutuan. Atletico Madril laugarren dago egun ligako sailkapenean, 26 punturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.