Jon Gaztañaga. Realeko jokalaria

«Kopan finaleraino iristea da helburua»

Aulkian «nahi baino gehiagotan» egotea tokatu arren, ondo bidean, hasieratik jokatuko du gaur, Vila-realen zelaian. Kopan ez ezik, ligan ere Realak aurrerantzean hobera egingo duela uste du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2015eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hankak lurrean bai, baina «arima zeruetan» duela ekin dio Realak urte berriari. «Bartzelonari irabazi izanak mesede izugarria egin digu. Behar genuen halako garaipen bat», aitortu du Jon Gaztañagak (Andoain, Gipuzkoa, 1991). Dena den, liga alboan utzi eta Espainiako Kopan zentratu behar dute txuri-urdinek, final-zortzirenetako joaneko partida jokatuko baitute gaur Vila-realen zelaian. «Ilusioz gainezka gaude». Bada, ondo bidean, Gaztañagak hasieratik jokatuko du.

Ezin hobeto hasi duzue urtea. Zerbaiten seinale ote?

Espero dezagun baietz. Egia esan, 2014. urtea txarra izan da. Gauza onak lortu genituen; esate batera, Kopan finalerdietarako sailkatu izana. Baina, oro har, urte txarra egin genuen, gorabehera handikoa. Ea 2015a hobea den. Hasi,behintzat, bikain hasi gara, Bartzelonari irabazita. Orain, bide horri eustea tokatzen zaigu.

Zer eskatzen diozu 2015ari?

Gauza asko eskatuko nizkioke, baina, errealista izanda, ez naiz urrunegi joango. Ligan ongi ibili eta Espainiako Kopan iragan sasoiko lanak hobetzearekin konformatzen naiz. Realarekin final batera iristea ametsa betetzea litzateke. Ametsa ez ezik, helburua ere bada finaleraino iristea.

Hori lortzeko Vila-real gainditu behar. Zaila izango da, ezta?

Oso zaila. Ligan bertan 4-0 galdu genuen, sekulako astindua jasota. Partida txarra jokatu genuen, eta haiek nahi erara jokatu zuten. Halere, Kopako kanporaketak ezberdinak izan ohi dira. Aurreko denboraldian garbi geratu zen hori. Vila-real zen faborito, baina gauzak ongi egin, eta guk irabazi genuen. Gainera, itzulerako partida Anoetan jokatuko dugu, eta hori alde daukagu.

Zein da helburua, Donostiara bizirik iristea?

Ez ez. Helburua partida irabaztea da. Hasiera-hasieratik gol baten bila zelairatu behar dugu, gakoa hor egon daiteke eta. Aspaldian defentsa lanean ongi gabiltza, atea hutsean utziz, eta aurrean asmatzen badugu, aukerarik izango dugu final-laurdenetara pasatzeko.

Taldeak aukera izango du hurrengo fasera pasatzeko, eta, zuk, Moyesi zure berri emateko.

Hori da. Orain arte apenas izan dudan aukerarik eta. Ezohiko jokalariok Kopa baliatzen dugu minutuak pilatzeko, eta ni gogoz eta indarrez nago jokatzeko. Aurtengo sasoian hiru entrenatzaile izan ditugu, eta hirurekin ere berdintsu joan zaizkit gauzak. Aulkian edota deialditik at sarri geratu naiz. Hori aldatzea nire esku dago, eta Kopa balia dezaket.

Ziurra al da hasieratik jokatuko duzula?

Ez. Eta beldur pixka bat badut jokatuko ez ote dudan. Izan ere, txartel pilaketak direla tarteko, Markelek eta Granerok ezingo dute igandean Granadan jokatu, eta baliteke Kopan beraiek aritzea. Ez dakit. Auskalo. Ni prest nago, behintzat, edozertarako.

Zer pentsa sortzen al dizu hain gutxi jokatzeak?

Bai. Norberak beti galdetzen dio bere buruari ea zergatik ote den. Joan den sasoian Javi Rosi antzeko zerbait gertatu zitzaion, eta jada ez dago Realean. Nik badakit estreinako urtea dudala Lehen Mailan eta zaila dela toki bat izatea, eta lanean jarraitzea besterik ez zait geratzen. Deialdietatik kanpo geratzean sufritu egiten dut, baina buruz mutil gogorra naiz, eta ez dut etsiko.

Pentsatu al duzu utzita beste talderen batera joatea?

Inola ere ez. Denboraldia hasi aurretik zuzendaritzarekin hitz egin nuen, eta Realean nahi nindutela esan zidaten. Egia esan, lesioek ere ez didate lagundu, eta oraindik luzea da sasoia. Ni ez naiz inon egongo hemen baino hobeto; aukeraren bat iritsiko zait, ziur.

Akaso, igandean izango duzu aukera, Granadan.

Nahiago nuke hala balitz. Azkenean, Kopa lehiaketa polita da, baina ligak ematen digu jaten, eta gustatuko litzaidake gehiago jokatzea. Zaleen babes eta laguntzarik ez zait falta, baina entrenatzaileek konfiantza txikia erakutsi dute orain arte nirekin. Igandean, Markel eta Granero faltako dira, eta uste dut badudala jokatzeko aukerarik.

Zer moduz Moyesekin?

Oso ondo. Nire iritziz, entrenatzaile berriak mesede egin dio taldeari. Hark garbi dauzka kontzeptuak, guk ere gero eta barneratuago daukagu jokatzeko era, eta hobetzen ari gara. Indar handia jartzen du beti, eta emaitzak bistakoak dira. Atea hutsean uzten ari gara, eta hori da bidea.

Bartzelonaren kontrako garaipena mugarria izango ote da?

Hala nahi genuke. Real Madrili eta Atletico Madrili irabazita, uste genuen gora egingo genuela. Baina ez zen hala izan. Dena den, joan den igandekoa ezberdina izan zen. Inoizko ilusio handiena sortu zigun garaipenak. Behar genuen halako zerbait. Hemendik aurrerako guztia gora egingo dugu, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.