Kopara igotzeko azken trena pasako da gaur Miribillatik

Valentziaren aurka jokatuko du Bizkaiak; galtzen badu, ez da sartuko zortzi onenen artean

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Kopez kolpe ikasten omen da bizitzan, eta Gescrap Bizkaiak zer ikasi franko eduki du azken asteetan. Euroligako Top 16a zaila du asteazkenean Canturen aurka azken segundoan galdu ostean, eta ligan ere ez darama bide zuzena. Azken bost partidetatik lau galdu dituzte bizkaitarrek, eta horrek alarma gorria piztu du Miribilla aldean. Hainbesterako, non, gaur Valentziaren aurka galduz gero, Kopak ere ihes egingo dion. Horregatik, funtsezkoa da bosgarren garaipena pilatzea, indarberritzea eta urtea ahalik eta modurik txukunenean bukatzea.

Kopara daraman azken trena da gaurkoa, eta igotzen ez dena ez da joango Bartzelonara. 4-7 balantzearekin, lehen itzulia bukatu aurretik geratzen zaizkion sei partidak irabazi beharko lituzke Katsikarisen taldeak. Irabaziko balu ere, handia litzateke exijentzia, baina ez hainbestekoa: seitik lau edo bost garaipen. Valentziak bi garaipeneko aldea kentzen dio partidaren atarian Bizkaiari, eta horietako bat murriztuz gero, Valentziakoak ere presiopean jarriko lituzke.

Fisikoki nahiko jota dator Valentzia. Nik Caner-Medley hegalekoak bi aste egin ditu jokatu gabe, zuntz haustura baten ondorioz, eta, gaur kantxaratzekoa bada ere, Paco Olmos entrenatzaileak argi esan du ez dagoela bete-betean. Vitor Faverani brasildarrak eta Victor Claver hegalekoek luzerako dute, eta Tiago Splitterren hutsunea ere garrantzitsua da. Pibotak joan den asteazkenean jo zuen AEBetara, lock-out-a bukatuta, eta, alde horretatik, behintzat, zortea eduki dute bizkaitarrek. Brasildarra hamazazpi puntu eta sei erreboteko batez bestekoak lortzen ari zen partidako, eta jokalari handi bat aurrez aurre ez edukitzea beti da ona.

Bizkaiak Raul Lopezen inguruko zalantza dauka. Fisikoki erabat osatu ezinik segitzen du Vicekoak, eta taldea asko nabaritzen ari da haren falta, batez ere Aaron Jackson ez dabilelako fin. Canturen aurka hobekuntza zantzu batzuk sumatu ziren, baina taldeak ahuldade asko ditu oraindik. Presaka jokatzen du; saskipean Banic ez dagoenean hirukoak jaurti beste biderik ez da bilatzen, eta defentsan ere bada zer hobetua.

Buruz ere Cantuk emandako kolpeak zer eragin izan duen ikusi beharko da. Itxuraz, Jackson eta D'Or Fischer mokoka aritu ziren bata bestearekin, eta halako iskanbilak agertzea beti da txarra. Bai, behintzat, iskanbilak erakutsi egiten direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.