Koparako txartela nafarrentzat

San Antoniok irabazi du Arrateren aurkako derbia, eta Espainiako Koparako sailkatzea lortu du jada

edurne elizondo
Iruñea
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Iruñean irabazi ezinik jarraitzen du Arratek. San Antonio nagusitu zen atzo derbian, eta eskuratutako bi puntuei esker, Espainiako Koparako sailkatzea lortu du jada Juanto Apezetxeak zuzentzen duen taldeak. Partida gogorra izan zen atzokoa. Bi taldeek bazuten puntuen premia, baina nork bere arrazoiak zituen. San Antoniok Kopa jokatu nahi zuen; Arratek, berriz, jaisteko postuei so egiten zien. Hiru puntura urruntzeko aukera galdu zuen atzo, partidarekin batera.

Lehia bizia izan zen atzoko norgehiagokaren ezaugarri nagusia. Hasi zen une beretik argi utzi zuten talde bateko zein bertzeko jokalariek nola edo hala lortu nahi zituztela jokoan ziren bi puntuak. Sumatzen zitzaien tentsioa, bai eta partida kontrolpean hartzeko irrika ere.

Lehendabiziko 30 minutuetan oreka handia izan zen San Antonioren eta Arrateren artean markagailuan. Pistan, berriz, Arrate izan zen erritmoa ezartzen lehena. Etxeko taldeak hotz hasi zuen partida, eta nekeak gehiegizko zama izanen ote zuen pentsatzen hasi ziren nafarren zaleak. Sumatzen ziren joan den astean jarraian jokatutako hiru partiden ondorioak. Kosta egiten zitzaien pistan gora eta behera korrika egitea. Eta, batez ere, kosta egiten zitzaien Voncinaren atea zulatzea.

Arratek hartu zuen norgehiagokaren gidaritza lehendabiziko ordu laurdenean. Nekeak nafarren artean eragindako hutsak profitatu zituzten Eibarko jokalariek. Penaltietan ere ez ziren fin aritu iruindarrak atzo. Bitan egin zuten huts. Lehen zatia amaitu baino lehen, defentsa aurreratu behar izan zuen San Antoniok, Arrateren erasoak geldiarazteko asmoz. Apezetxeak, gainera, Ristanovic kendu zuen atetik, eta Lucau atera zuen pistara. Erabaki horrekin betean asmatu zuen nafarren entrenatzaileak, ederki aritu baitzen atezaina. Horri esker, eta lehen zatiko azken minutuetan egindako ahaleginari esker, 15-14ailegatu ziren bi taldeak atsedenaldira. Nafarrak aurretik.

Etenaldiak on egin zien nafarrei, eta bigarren zatia ongi hasi zuten, partidan sartuta. Garaipenak garrantzi handia zuen haientzat, eta argi utzi zuten puntuak eskuratzeko ahalegin berezia egiteko prest zirela. Lucauk atean egindako lanak defentsan izan zuen segida. Defentsa sendotuta, kontraerasoari etekina ateratzea lortu zuten San Antonioko jokalariek, eta, pixkanaka-pixkanaka, aldea handitzen joan ziren.

Partida bideratua zutela ematen zuen bigarren zatiaren erdialdean. Baina Arrate ez zegoen amore emateko prest. Iruñeko madarikazioa apurtu nahi zuten gipuzkoarrek, eta etxeko taldea mendean hartu, behingoz. 1990-1991 denboraldian irabazi baitzuen azkenekoz Arratek Iruñean.

Atzo ere, ahaleginak hutsean gelditu ziren. Arratek, hala ere, lortu zuen San Antonio urduri jartzea. Segidan hiru kontraeraso nahiko izan ziren Eibarko taldea 22-20 hurbiltzeko markagailuan.

Kolpea Arraterentzat

Arratek gora, eta San Antoniok behera egin zuen. Hori baino gehiago, Voncinaren sarea zulatzeko arazoak bazituzten nafarrek. Hau da, jaurtiketetan egiten zuten huts. Humetek ez zuen egunik onena izan atzo. Jokalari eraginkorra izaten ohi da, baina atzo kosta egin zitzaion lehen gola sartzea. Mindegia eta Urdiales izan ziren atzoko golegileak.

Arrateko jokalarien artean, berriz, Beljanskik eta Tokicek min handia egin zioten San Antoniori, bai eta Szabok ere, penaltien bidez. Etxeko taldeak lortu zuen suspertzea, hala ere, eta Arrateren erasoari kontraeraso baten bidez erantzun zion. Partidaren eta jokoaren kontrola bere esku hartu zuen berriz ere. Aldea ongi kudeatzen asmatu bertzerik ez zuten egin behar izan etxeko jokalariek. Azkenean, 33-26iruindarren alde.

Garaipenak Espainiako Kopa jokatzeko sailkatu du San Antonio. Porrota, berriz, kolpe latza izan da Arraterentzat, hurbilegi ikusten baitu jaisteko postuen zuloa. Bolada txarra atzean utzi nahi dute, lehenbailehen.



San Antonio 33

Arrate 26

Amaya Sports San Antonio. Ristanovic, Gedeon (3), Vargas (1), Urdiales (5), Eloy (1), Rasic (5, 2p), Agirrezabalaga (5) -hasierako zazpikoa-; Lucau, Sevaljevic (2), Borragan (1), Mindegia (7), Humet (3) eta Crowley.

Arrate. Voncina, Beljanski (7), Berrios (2), Szabo (7, 4p), Tokic (7), Kurilenko (1), Petricevic -hasierako zazpikoa-; Moiua, Cid, Romero (2), Petritxev eta Redei.

Markagailua. 2-1, 5-4, 7-8, 10-10, 12-11, 15-14 (atsedenaldian); 18-16, 21-17, 22-20, 26-22, 28-23, 33-26.

Epaileak. Fernandez eta Rodriguez. Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Gedeon, Borragan, Vargas eta Agirrezabalaga. Txartel gorria Sevaljevici; eta Arrateko Berrios, Tokic, Kurilenko (2) eta Petricevici (2).

Bestelakoak. 1.100 ikusle inguru Iruñeko NUPeko pabiloian, Asobal ligako hamabigarren jardunaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.