Koronabirusak guztia astindu du. Baita kirola ere. Makina bat txapelketa, lehiaketa, torneo eta lasterketa bertan behera geratu dira. Futbolean, adibidez, Europako Futbol Federazioak (UEFA) bertan behera utzi ditu gaur Txapeldunen Liga eta Europa liga. UEFA datorren asteartean bilduko da, eta erabaki dezake Eurokopa ere ez jokatzea. Ekainaren 12tik uztailaren 12ra da jokatzekoa, hamahiru herrialdetan, tartean Euskal Herria, Bilbo. Futbolean, halaber, ez da gehiago jokatuko Ingalaterrako liga. Hasieran, normal jokatuko zen, baina, Mikel Arteta Arsenal taldeko entrenatzaile donostiarrak koronabirusean positibo eman ondoren, Premier Leagueko ordezkariek bertan behera utzi dute liga. Alemanian, berriz, ateak itxita ariko dira asteburu honetan, eta, gero, eten egingo dute lehiaketa.
Txirrindularitzan, berriz, RCS Sportek, Italiako Giroa antolatzen duen enpresak, jakinarazi du bertan behera utzi duela lasterketa. Maiatzaren 9an zen hastekoa, Budapesten. Hain zuzen, RCS Sportek erabakiaren berri eman aurretik, Hungariako Gobernuak esan zuen lehen hiru etapak ez zirela herrialde horretan jokatuko. Paris-Nizak, ordea, bere hartan dirau, eta gaur etapa jokatu dute. Hori bai, antolatzaileek jakinarazi dute igandean amaitu ordez larunbatean amaituko dela. Hori, hala ere, ikusteko dago, Bahrain taldeak jada esana baitu bihar ez dela lehiatuko. Giroa baino hilabete lehenago jokatuko da Euskal Herriko Itzulia, apirilaren 6tik 11ra, eta antolatzaileek jada adierazi dute oso zaila izango dela lasterketa jokatzea.
Azkenik, pilotan, Frantziako Esku Pilotako Federazioak bertan behera utzi du Binakako Trinket Txapelketa. Gaur zen hastekoa. Federazioak, halaber, bertan behera utzi ditu afizionatuen mailako txapelketa guztiak. EPELen eta Emakume Master Cupen binakakoak ere bertan behera geratu dira.