11:00ak dira, eta Donostiako kaian jende andana dabil dagoeneko. Batzuk argazki kamera eskuan hartuta paisaiaz gozatzen ari dira; beste hainbat, berriz, jatetxeetako mahaiak atontzen ari dira otorduek ezustean ez harrapatzeko. Zurrunbiloaren erdian heldu da Amaia Eguren Arraun Lagunak-eko patroia (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 2000). Irribarrea ahoan duela ekin dio hizketaldiari, eta ez da gutxiagorako; izan ere, Euskotren ligan orain arte jokatutako bandera guztiak irabazi dituzte. Lekeition (Bizkaia) jokatutako azken estropadan, Juan Mari Etxabe entrenatzaileak taldea gidatzeko aukera eman zion, eta Egurenek bikain baliatu zuen aukera, denboraldiko hamargarren bandera eskuratuta.
Nola joan zen igandeko estropada?
Ez zen estropada erraza izan. Etxabek [Juan Mari Etxabe, Arraun Lagunak-eko entrenatzailea], beheko korrontea tarteko, hasierako zatia zaila izango zela ohartarazi zigun. Irteera ona egin genuen, eta horrek aldea areagotzen lagundu zigun. Ziabogara heldu aurreko zatian, korrontea lagun izan genuen, eta maniobra oso ona izan ez bazen ere, lortutako abantailak bira lasaiago emateko beta eman zigun. Berotzen ari ginela egindako itzuliko zatian, olatuak hartuz sentsazio onak izan genituen, baina estropadan gehiago kostatu zitzaigun. Zalantza genuen bosgarren kalera edo bigarrenera jo, baina Tolosaldea eta San Juan gainean genituen, eta ezin genuen nahieran aritu. Beste estropada batzuetan baino tentsio handiagoa egon zen, baina olatu gainean joan ginen amaieraraino.
Hiru estropadetan aritu zara patroi lanetan. Zer moduz?
Pozik nago. Arraroa egiten zait neure burua traineru barruan ikustea. Orain arte, eskubaloian aritu izan naiz, eta arraunean kasualitatez hasi nintzela esan dezaket. Horregatik, estropadako girotik irtetean edo irudiak ikusten ditudanean, kosta egiten zait ontzi barruan doana ni naizela sinestea. Ontzi barruan asko bizi dut lehia, eta aurretik banekien Etxabek emango zizkidan aukerak baliatu egin beharko nituela. Neguan egin dudan lana agerian geratzen ari da. Konfiantza dut taldekideengan, eta eurek berdina transmititzen didate.
Nagore Osororekin batera ari zara. Ibilbide luzeko patroia da hura. Zer moduz harekin?
Gustura nabil. Jendeak agian harekin tratuan aritzea zaila dela pentsatzen du, baina, nortasun handia eduki arren, bihotz onekoa da. Duen esperientzia edukita, ni albo batera utzi eta bere bidean jarraitzeko aukera zuen; guztiz kontrakoa gertatu da, ordea. Hasieratik harreman ona egin genuen. Izan genuen solasaldian, biok une oro taldeari laguntzeko prest egon beharko genuela adostu genuen, hark ere ni prest egotea nahi baitu. Hasieratik lagundu dit, eta asko erakutsi dit. Bata edo bestea aritu, biok pozten gara, eta horrelako lehia edukitzea polita da.
Aholkurik ematen al dizu?
Askotan ematen dizkit. Urte asko daramatza, eta asko daki itsasoaren inguruan. Ni heldu berria naiz, eta hainbat alor tekniko oraindik ikasteko dauzkat. Aritu behar ez dudanean ere, estropada eremuen inguruko xehetasunak ematen dizkit, eta pixkanaka arraunak dituen zirrikituak deskubritzen ari naiz.
Eta zuk hari?
Aholku gutxi ematen dizkiot [barrez]. Animoak ematen dizkiot, eta lehorretik oihuka taldekideei babesa ematen aritzen naiz.
«Ontzi barruan asko bizi dut lehia, eta aurretik banekien Etxabek emango zizkidan aukerak baliatu egin beharko nituela»
2024an ekin zenion patroi ibilbideari. Gogorra al da lana?
Gogorra eta presio handikoa da, eta are gehiago Arraun Lagunak bezalako talde batean ari zarenean. 2024an, Andrea Astudillo patroi titular zela hasi nintzen. Denboraldia izugarria izan zen, eta gozatu egin nuen. Hor hasi zen Arraun Lagunak-en gorakada, eta oraindik ere hor dago taldea. Gustura ibili nintzen taldean, eta hasteko esperientzia bikaina izan zen. 2025ean Etxaberi esan nion eskubaloira itzuliko nintzela, eta handik gutxira belauna apurtu nuen. Une gazi-gozoa izan zen, gozatzen ari bainintzen arraunean. 2025eko irailean berriro eskaini zidan itzultzeko, eta gustura ari naiz berriro.
Belauna hautsi ondoren, espero al zenuen berriro horrelako zerbait bizitzea?
Ez nuen espero. Neure buruan zera zegoen: beste kirol batean murgiltzeko aukerak ihes egin zidala. Arraunean jarraitzeko aukerak agortu zirela pentsatu nuen, eta ez zitzaidan burutik pasatu ere egin Etxabek berriro itzultzeko esango zidanik. Baina ziurtasunez eskatu zidan, eta niretzat oparia izan zen. Eskubaloia uzteko erabakia gogorra izan zen, baina gorputzak ez jarraitzeko eskatzen zidan. Banekien gauza askori uko egin beharko niela, baina arraunak ere asko eman dit. Gauza txarrek alde ona ere badutela ikusi dut.
Zein da Juan Mari Etxabe zuretzat?
Arraun munduko erreferentziazko pertsona bat da. Arraunaren eta itsasoaren gainean asko daki. Asko laguntzen du, eta entrenatzailea izateaz haratago, taldeak lagun moduan ere ikusten du. Gertukoa da, eta beti arraunlariek duten onena ematen saiatzen da. Edozeinengan sinesteko gaitasuna dauka, eta hori transmititu egiten du.
Talde askok patroiak aurkitzeko arazoak dituzte. Zergatik?
Lan espezifikoa eta presio handikoa da. Arraunlariak istriborrean, ababorrean edo bietan kokatu ditzakezu, baina patroiak nortasuna edukitzeaz gain, ezinbestean lasaitasuna transmititu behar du.
Lehen postuan zaudete sailkapenean, eta bandera guztiak irabazi dituzue. Zein da balorazioa?
Hasieratik taldean finkatu genituen helburuak liga eta Kontxa irabaztea izan ziren. Estropadaren batean banderak ihes egitea normala da, baina bandera guztiak lortu gabe ere irabaz daiteke liga. Lan ugari egin dugu neguan, eta hori estropadetan islatzen ari da. Badakigu estropada guztietan nahi dugun hori lortzea ezinezkoa dela, eta bolada txarretan talde batasun hori lortzea garrantzitsua da.
«Hasieratik taldean finkatu genituen helburuak liga eta Kontxa irabaztea izan ziren»
Astelehenean jakin zen TKEko diziplina epaileak prozedura zabaldu diela Donostiako estropadan parte ez hartzea erabaki zuten sei kluben aurka. Horietako bat Arraun Lagunak da. Nola hartu duzue albistea?
Oraindik ez dugu hitz egin, asteazken arte [elkarrizketa asteartean egin zen] ez baikara guztiok elkartzen. Guk ez daukagu informazio ugari honen inguruan, baina horretaz arduratzen direnei dagokie hitz egitea. Gu erabakiaren zain gaude, eta bitartean itxarotea baino ez zaigu egokitzen. Bat egiten dut entrenatzaileek hartu zuten erabakiarekin, arraunlarien ongizateari begira hartu baitzuten. Kirolariak gara, baina honetaz gain lan ere egiten dugu. Arraunlarien osasunari lehentasuna ematea ezinbestekoa da.