Beldarra ez da zuzenean tximeleta bihurtzen. Lehenago, krisalidaren barruan gorde beharra izaten du. Osasunaren kasuan, krisalidak krisi itxura izan du. Gorritxoek zortzi partida galdu zituzten lehen hamahiru partidetan, eta behea jo zuten Realaren aurka etxean huts egin zutenean (1-3). Bada, garai ilun horretatik eraldatuta atera da Alessio Liscik zuzentzen duen taldea. Erromatarrak hasiera zaila izan zuen Osasunaren teknikari gisa, baina neurria hartu dio aulki gorritxoari, eskema eta estilo egokia topatzearekin batera. Jokalaririk onenak bikain dabiltza, neguko fitxaketek maila handitu dute, eta etxetik kanpoko joera goitik behera aldatu da. Gauzak hala, nafarrek hegaldi betean egingo diote aurre Real Madrili.
Oroz gain, lehiakorra
Jarrera aldaketa
Osasunak 11 partida jokatu ditu Realak Sadarren azpiratu zuenetik, eta bi besterik ez ditu galdu: Bartzelonak kostata azpiratu zuen, eta Girona merezi izan gabe nagusitu zitzaion. Gainontzean, menderaezin bilakatu da. Ondo edo gaizki jokatu, irudi lehiakorra eman du beti. Atzean utzi du sasoi hasierako jokaera beldurti, uzkur eta zalantzatia; orain, aurkariei begietara begiratzen die, bai atsedenaren aurretik, baita ondoren ere. Epaileak azken txistua jo arte aritu izan da ekinean, eta ahaleginak saria ekarri dio: garaipen berantiarrak lortu ditu Oviedo, Rayo Vallecano eta Celtaren aurka.
Akabo madarikazioa
Puntu jasa etxetik at
Mentalitatez aldatu eta konfiantza lortzeko, emaitza onak kateatzeko beharra zeukan Osasunak. Eta horretarako, ezinbestekoa zen etxetik kanpoko jarduna hobetzea. Lehen itzuli osoan, gorritxoek ez zuten garaipen bakar bat ere lortu Iruñetik urrun. Lehen Mailako talderik eskasena izan ziren bisitari moduan. Bada, egoera erabat irauli dute: bigarren itzulian, inork ez du etxetik kanpo Osasunak adina puntu lortu. Madarikazioa Rayoren zelaian apurtu zuen (1-3), eta jarraian, Celtari gailendu zitzaion (1-2). Hori gutxi ez, eta azken jardunaldian puntu baliotsua lortu zuen Elxen zelaian (0-0).
Bizi eta emankor
Hobe lau atzelarirekin
Martinez Valero estadioan, aurkaria Osasuna baino gehiago izan zen. Salbuespentzat jo daiteke hori, Nafarroako taldea, gainontzean, merezita ari baita puntuak biltzen, joko onaren bidetik. Sasoi hasieran, zaleentzat arrotz samarra izan zen gorritxoen jarduna. Arraroena ez zen izan bost atzelariko eskemarekin jokatzea —azken sasoietan ere hartu izan du itxura hori—, hegaletan sakontasunik gabe aritu eta erdiraketa oso gutxi egitea baizik. Lisci ez zen gai eskura zituen baliabideak optimizatzeko. Bestela da orain: bizitasuna eta presioa ardatz harturik, gustagarri dabil taldea. Horrek isla izan du gol kopuruan: lehen hamahiru partidetan hamar gol egin zituen, eta azken 11 lehietan 18 aldiz zulatu du aurkarien atea. Hots, golen batezbestekoa 0,77tik 1,63ra igaro da.
Onik eta osorik
Lesioak ia ahaztuta
Sasoi hasierako ezinak zerikusia izan zuen zenbait jokalariren lesioekin. Izan ere, talde murritza osatu zuten gorritxoek, eta hutsuneak sortu zitzaizkien erizaindegia bete ahala. Zulorik handiena Aimar Orozen lesioak eragin zuen. Sei partida galdu zituen Aratzurikoak, Valentin Rosierrek bezalaxe. Asteen joanean, baina, handitu egin da Liscik eskuragarri zituen jokalarien zerrenda. Bertan finkoa da Iker Benito, Kopan belauna txikitu zuenetik, eta Boyomok orkatilako lesioa izan zuen Celtaren zelaian. Kamerundarra jokalari garrantzitsua da, baina ez ezinbestekoa; hura Afrika Kopan egon bitartean, ederki moldatu ziren Catena eta Herrando. Jokalari gehienak osasuntsu egonda, Osasuna indartu egin da.
Berrien eragina
Galan, hemen eta han
Fitxaketek ere on egin diote. Esaterako, Javi Galan galanki moldatu da Iruñera iritsi zenetik, eta bere egin du ezker hegala. Defentsa argia eta itsaskorra da, eta kalitatea darie erasoan egiten dituen agerraldiei. Raul Morok, berriz, hiru lehia jokatu ditu bakarrik, baina honezkero garbi dago erasoan jokalari berezia dela. Celtaren aurka, adibidez, goleko pase dotorea eman zion Budimirri. Fitxaketak fitxaketa, kroaziarra da, oraindik ere, Osasunaren ikur nagusia. Bost gol daramatza bigarren itzulia hasi zenetik. Eta zelaiaren beste muturrean ere, izar bat dute nafarrek: Sergio Herrera. Eskularruak prest ditu Real Madrilen aurka beste erakustaldi bat egiteko.