Kroaziako arerioa, ziurrenik

Ezustekorik ezean, Slaven Koprivnicaren aurka ariko da Athletic Europako Ligan; joaneko partida San Mamesen izango daKroaziarrek 6-0 irabazi diote Portadawn taldeari, bigarren kanporaketako joanekoan

Slaven taldeko jokalariak, herenegun, Portadawnen aurka jokatutako partidan, gol bat ospatzen. BERRIA.
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Athleticek badaki zein talde izan ditzakeen aurkari Europako Ligarako hirugarren kanporaketan. Atzo jakin zuen, Nyonen egindako zozketan, UEFAren egoitzan.Slaven Belupo Koprivnica Kroaziakoa edo Portadawn Ipar Irlandakoa izango da zuri-gorrien arerioa. Bigarren kanporaketa dute jokoan bi taldeek, eta aurrera egiten duenak jokatuko du Bilbokoekin. Haatik, nahiko argi dago zein izango den garaile, kroaziarrek6-0 irabazi baitzuten joaneko partidan. Beraz, Slaven izango da, ia ziur, Athleticen aurkaria.

Joaneko partida etxean jokatuko du Athleticek, San Mamesen, abuztuaren 2an. Itzulerakoa, berriz, astebete geroago izango da, abuztuaren 9an. Kroaziarren aurka arituz gero, Koprivnicako Gradski estadioan jokatuko da.4.000 lagunentzako tokia baino ez du.

Pozik egon daiteke Bilboko taldea zozketaren emaitzarekin. Arerio indartsuagorik izan zezakeen, Servette Suitzakoa edo Vitesse Herbehereetakoa, besteak beste. Egokitu zaizkion bi aukeretan garaile edozein suertatzen dela ere, maila apaleko taldea izango dute aurrean zuri-gorriek. Kroaziakoa ez da liga entzutetsua, eta, hala ere, Slaven taldea ez da inoiz txapeldun izan. 2007-2008 denboraldian lortu zuen emaitzarik onena, bigarren amaituta. Iaz hirugarren sailkatu zen, eta Europako Ligako kanporaketak jokatzeko aukera lortu zuen.

Kroaziako Ligan izan duen ibilbidearekin, Europako txapelketetan esperientzia gutxi duen taldea da. 2000-2001 sasoian jokatu zuen lehenengoz herrialdeko mugetatik kanpo, Intertoto kopan. Beste bost denboralditan ere jokatu zuen txapelketa, eta bitan jokatu zituen finalerdiak: Stuttgarten aurka aritu zen 2002-2003an eta Lilleren aurka 2004-2005ean.

UEFA kopan beranduago egin zuen debuta, 2007an. Hiru aldiz jokatu du, baina behin bakarrik gainditu ditu sartzeko kanporaketak, 2008-2009an. Orduan ere, ez zuen askorik iraun, lehen txandan kanporatu baitzuen Moskuko CSKAk. Guztira, hamazazpi partida jokatu ditu UEFA kopan: zortzi irabazi ditu, bi berdindu eta zazpi galdu.

Azkena herenegun jokatu zuen, Portadawnen aurkako joanekoa, bigarren kanporaketan.6-0 irabazi zuen, eta taldeko bi jokalari nabarmendu ziren. Hiru gol sartu zituen Nikola Rak erdilariak, eta beste bi Tomislav Busic aurrelariak. Taldeko jokalari guztiak dira kroaziarrak, bi izan ezik. Bi bosniar dira taldeko kanpotar bakarrak: Borislav Pilipovic eta Mato Grgic.

Slaven Koprivnica 1907an sortu zen, eta hainbat izen izan ditu bere historian. Oraingoa 1994an hartu zuen, Belupo botika enpresa taldearen babesle bilakatu zenean. Horren ondorioz, botikariak goitizenez dira ezagunak taldeko kideak.

Jose Mari Amorrortu Athleticeko kirol zuzendariak onartu zuen ez dutela Kroaziako taldea ezagutzen: «Hemendik abuztuaren 2ra izango dugu denbora taldea aztertu eta haren indarra ezagutzeko». Edozein modutan, kontuz ibili behar direla azaldu zuen, Kroaziako Ligan «zenbait talde indartsu» daudelako eta hango jokalariek «goi mailan aritzeko prestaketa» dutelako. Horregatik ezin dutela konfiantza handiegirik izan adierazi zuen, Europako txapelketetan «mailarik onena» eman behar delako.

Prestaketa, Slaveni begira

Aurkariaren inguruan, argitu zuen Slaven taldea baino ez dutela buruan, eta horretara bideratuko dutela prestaketa. Lehen partida San Mamesen jokatzea ez datorkie «ongi», aurreko sasoian ikusi zutenez. Hala ere, hori ez da «aitzakia izango», zuri-gorriek «berdin» jokatzen baitute etxean eta kanpoan. Carlos Gurpegik ere garrantzia kendu zion, eta adierazi zuen San Mamesen «golik ez jasotzen» saiatu behar dutela. Izan ere, «emaitza on batekin» joan nahi dute Kroaziara.

Erdilari nafarrak uste du «kontuan hartu beharreko taldea» dela Slaven, herenegun sei gol sartu zituelako: «Badakigu ez dela erraza izango». Hala ere, kanporaketa pasatzea espero du, Athletic «aurkari gogorra» delako talde guztientzat. Gainera, argitu zuen Kroaziako taldeak prestaketa «aurreratuago» daramala, asteburu honetan hasiko baitu liga.

Europako Ligako kanporaketari begira, lagunarteko torneo bat jokatuko du Athleticek gaur eta bihar, Wroclawen (Polonia). PSVren aurka ariko da gaur lehen finalerdian (14:00). Beste finalerdian, Slask Wroclaw eta Benfica neurtuko dira (17:00). Irabazleek, bihar jokatuko dute finala (14:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.