Kubica, txapela buruan

BMW-Sauberreko pilotuak bikain hasi du urtea; hala ere, gaurko proban Ferrari da faborito

Laurentzi Garmendia
2008ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Robert Kubica poloniarrak bere bizitzako eta BMW-Sauber taldearen lehen podiuma lortu zuen atzo Sakhir-en, Bahraingo Sari Nagusiko sailkatze saioan. Australian lortzear izan zen, eta Malaysian lasterketan bigarren amaitu zuen. Azkenean, bigarren postua utzi eta lehenengoaren jabe egin da. Epsilon-Euskadirekin 2005ean erakustaldia eman zuen, eta azkoitiarrekin batera, ikurrin, txapel eta guzti ospatu zuen. Hango mailak eman zion sarrera BMWn, eta 1 Formulan ere onenetakoa dela frogatzen du atzoko pole-ak.

Hogeita hiru urte dauzka Kubicak, eta, Alonso, Rosberg nahiz Hamiltonekin batera, belaunaldi berriaren ordezkari da. Ingelesez The Pole -poloniarra- deitzen dioten gidariak duela bi urte egin zuen debuta 1 Formulan, BMW taldeak Jacques Villeneuve bota zuenean. Iritsi bezain pronto Italiako Sari Nagusian podiuma zapaldu zuen. Berehala ikusmin handia piztu zuen, batez ere oso gidari fina zelako, esperientzia handia zuten taldekideak baino azkarragoa. Baina hurrengo urtean, taldeak gora egin bazuen ere, poloniarra ez zen neurri berean hobetu.



URTE BATETIK BESTERA, ALDAKETA. Izan ere, iaz Kubicaren erreferentziarik aipagarriena Kanadako istripua izan zen. Zorionez osorik atera bazen ere, nahiko zukeen berak horren ordez atzokoa bezalako lorpenen bat gogoratzea. Nick Heidfeld taldekideak aurrea hartu zion arlo guztietan, erregularragoa izan zelako, eta une zailenetan esperientziak emaitza txukunak lortzen lagundu ziolako. Baina 2008a iritsi, eta Kubicak bestelako jarrera dauka, ez baita inoiz lehen postuetatik oso urrun izan.

Astea zoroa izan da 1 Formulan, Max Mosleyren bideoak eragin duen iskanbilagatik. Nazismo garaiko alemaniarrei erreferentzia egiten omen zitzaien bertan. BMWk garbi esan du halako iskanbilarik ezin duela egin talde guztiak ordezkatzen dituen agintari batek, eta haren dimisioa eskatu du. Pista gainean ere ozen hitz egin nahi izan dutela dirudi, historiako lehen pole-a lortuz; norekin, eta poloniar batekin.

Denborak ikusita, gidarien artean estrategia desberdinak daudela ondoriozta daiteke. BMW aspaldi zebilen pole-aren bila, eta horregatik aritu izan dira erregai gutxirekin. Oraingoan Kubicari esleitu diote lana, eta hark ondo bete du, baina jakinda lasterketari begira kalte egingo diola horren erregai gutxirekin ateratzeak. Ferrari taldeak parekorik ez duen abiadura izan du orain arte, eta lasterketan faborito dira. Massa bigarren irtengo da, eta Raikkonen laugarren. Horrek esan nahi du pistaren alde zikinetik ekingo diotela, hondarrez josia dagoen aldetik. Irteeran posturen bat gal dezakete.

McLareneko gidariak nahiko apal aritu dira orain arte, beste munduko erakustaldirik eman gabe. Ez dute saio bakar batean ere denborarik onena markatu, eta bi txapelketetan lidertza baldin badute ere, Sakhir-eko basamortuan lanak izango dituzte. Badirudi Hamilton eta Kovalainen gehiago lehiatuko direla BMWko gidariekin, Ferrarikoekin baino. McLarenek ez du inoiz irabazi Bahrein-en, ez eta pole-rik lortu ere. Alonsok bitan irabazi du, biak ere Renaultekin, baina atzo argi gelditu zen aurrekoen lehian ezin dela sartu, eta bestelako estrategia erabiliko du, lehen geldialdia asko atzeratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.