Kukullagari irabazita, bolada onari eusteko erronka dauka gaur Itxakok

Bera Berak eta Zuazok ere gaur jokatuko dute, etxean, Guardes eta Alcobendasen aurka, hurrenez hurren

Erredakzioa
Donostia
2013ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Ohorezko Mailako hamazazpigarren jardunaldian derbia jokatuko dute gaur Itxakok eta Kukullagak, Lizarreria pabiloian (18:30). Etxeko taldeak azken jardunaldietako susperraldiarekin jarraitu nahi du, azken bost partidetatik hiru irabazi ondoren. Hobekuntza nabarmena izan dute nafarrek azken lehietan. Orain bi jardunaldi Alcobendasen etxean 34-31 galdu arren, maila ona eman zuten Lizarrakoek. Aldaketa horren ondorio izan zen azken jardunaldian Castelldefelsen pistan lorturiko garaipena (34-37). Gaur, bigarren garaipena eskuratu dezake jarraian, Kukullagaren aurka. Bizkaitarrak hazita iritsiko dira, Bera Beraren aurka oso partida landua jokatu ondoren. Azken minutuetara arte estu hartu zuten liderra, nahiz eta azken zati horretan donostiarren kalitatea nagusitu.

Bera Berak, hain zuzen ere, Guardesen aurka jokatuko du gaur, etxean (19:00). Espainiako Kopa irabazi berritan itzuliko dira lehiara gipuzkoarrak, eta sailkapenean bosgarren postuan den taldea izango dute parean. Azken partiden ondoren, jokalarien nekea zenbaterainokoa den neurtzeko partida izan daiteke gaur Bidebietan jokatuko dena. Zuazok, berriz, sailkapeneko hirugarren postuan den taldeari egingo dio bisita, Alcobendasi (19:15). Bizkaitarrek estu hartu zuten Bera Bera Espainiako Kopako final-laurdenetan, eta ligan ere oso lehia ona jokatu zuten orain bi jardunaldi Barakaldon, Elx bigarren sailkatuaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.