Labaka: «Gero arte, Reala»

Atzelariak agur esan dio Realari, taldean 15 urte igaro ondoren, eta Rayo Vallecanon jokatuko du hurrengo bi sasoietanLagun eta senide asko bildu ziren Zubietara, azpeitiarra agurtzeko asmoz

Mikel Labaka, Realeko jokalari gisa azken prentsaurrekoa eman ondoren, atzo, Zubietan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Lasarte-Oria
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Mikel Labaka jadanik ez da Realeko jokalaria. Atzo goizean agurtu zuen talde txuri-urdina. Prentsaren aurreko agerraldian, haren senide eta lagunez gain, Bittor Alkiza, Gaizka Garitano eta Iosu Esnaola izan ziren, beren taldekide ohiari agur esateko. Oier Mendizabal pilotaria eta Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariak ere bertaratu ziren. Azpeitiarrarentzat taldea uztea ez da erabaki samurra izan, hamabost urte egin baititu talde txuri-urdinean. «Egun berezi bat da, eta tristura pixka batekin ibilbide luze bat amaitu behar dut. Orain beste ibilbide bat hasiko dut, eta ilusionaturik nago».

Esker ona adieraziz agertu zen Zubietako prentsa aretoan, Realak agurtzeko eman zion aukera baliatuz. «Jende asko, toki asko ezagutu ditut, eta lagun asko egin ere bai. Oso urte onak izan dira niretzat. Esker ona adieraztea besterik ez da gelditzen». 31 urte bete berri ditu, eta horietatik hamabost talde txuri-urdinean eman ditu, ia bizitza erdia. «Sentimendu bat da. Realekoa izango naiz aurrerantzean ere, nahiz eta beste talde batean aritu. Nire bizitza Reala gabe ezin da ulertu; dena izan da. Oso une onak pasa ditut, eta gaur hainbeste jende hemen ikustea niretzat oso hunkigarria da», onartu zuen. Erabakia zaila izan den arren hartu beharrekoa zela garbi zuen. «Guztiontzat da erabakirik onena; niretzat, jokatzen jarraituko dudalako, eta baita Realarentzat ere, jokatuko ez dudanez nik taldean jarraitzea ez zelako ona».

Philippe Montanierrek hasieratik esan zion ez zuela erraza izango bere asmoetan sartzea. Erdiko atzelariak Donostian jarraitu nahi zuen, frantziarraren erabakia aldatzeko asmoz, baina ez zuen lortu. «Egoera ez da aldatu, ez dit aukera askorik eman, eta etorkizunean ere ez da aldatuko. Horregatik, erabaki bat hartu beharra zegoen, Liga hurrengo astean hasiko delako; hasten bada, noski. Gainera, nork daki, etorkizunean itzul naiteke».

Ez da Realetik joan den aurreneko aldia, lehen taldearekin jokatzen hasi aurretik utzita joan baitzen. «Murtziara joan nintzenean, egoera ez zen berdina niretzat; orain, helduagoa naiz. Kirol alorrean, berriz, bai, lehen eta orain minutu bila bainoa. Murtziara joatean ez nintzen damutu; orain ere ez damutzea espero dut», esan zuen.

Orain etorkizunari begira dago, eta hori Rayo Vallecanon izango du. «Ilusionaturik nago, nire bizitzan beste etapa bat izango delako, eta, gainera, Lehen Mailan jarraitzeko aukera izango dut». Lehen Mailan jokatzeko aukera baino gehiago eskertzen du, jokalari izaten jarraitzekoa. Realean azken hilabeteetan sentipen hori galdu baitu. «Kirolariok lehiatzeko aukerak izan nahi ditugu gutxienez, eta, alde horretatik, taldeko bat gehiago izango naizenez, postu batengatik lehian ariko naiz. Beste hiri batera joango naiz, eta hori aberasgarria izango da, bai niretzat eta bai nire familiarentzat ere». Nestor Susaeta eibartarrak talde berriaren inguruko albisteak kontatu dizkio, hitz egin duten hiruzpalau alditan. «Susaetak animatu nau bertara joatera. Konkurtso Legean jarraitzen duten arren, jendea ilusionaturik dago, Lehen Mailara itzuli direlako, eta ilusio hori eskertzen dut».

Jadanik talde ohia denaren etorkizunaz ere mintzatu zen. «Jokalariak ongi entrenatzen ari dira, urte ona izan dezaten opa diet, eta, batez ere, Lehen Mailan denbora askoan jarrai dezaten. Beheko taldeetan lan ona egiten ari dira, eta hori nabari da lehen taldean», esan zuen. «Eskerrik asko denarengatik, ikusiko dugu elkar, zorte on guztiei, eta gero arte», esan zuen Mikel Labakak agurtzeko, txalo artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.