Txirrindularitza. Espainiako Vuelta. Mikel Azparren. Caja Ruraleko managerra

«Lagoseko etapari marka jarria nion, eta negar ere egin nuen»

Bi milioi euro inguruko aurrekontua soilik izan arren, beste talde askok lortu ez dutena poltsikoratu du Caja Ruralek Vueltan: etapa garaipena, non eta Lagoseko mendatean. Pozez txoratzen dago taldeko managerra.

«Lagoseko etapari marka jarria nion, eta negar ere egin nuen».
jon eskudero
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Igandea. Espainiako Vueltako hamabosgarren etapa. Mendateen gogortasunari aurre eginez txirrindulariak, eta eguneko ihesaldian Caja Ruraleko bi lagun: David De la Fuente eta Antonio Piedra. Atzetik Mikel Azparrenautoan, taldeko managerra (Donostia, Gipuzkoa, 1981). Egoera ederra nafarrentzat. Baina ezin hobea Lagos azken mendateari ekin bezain laster. Piedra bakarrik buruan, eta Azparren ezin sinetsita, animoak emanez eta sakelako telefonoa astinduz, gertuko guztiei telebista pizteko esateko. Sufrimenduaren ondoren, poztasuna nagusi Caja Ruralen, 23 urteren ondoren Vueltako etapa bat irabazteagatik. Azparren, berriz, galtzetan ezin kabituta, baina bi hankak lurrean dituela. Halaxe mintzatu zaio BERRIAri atseden egunean, umiltasunez.

Pozik zaudetela esatea gutxi esatea da akaso.

Itzuliaren hausnarketa egiteko momentua ez da iritsi oraindik, baina balorazio ezin positiboagoa egingo dugula ez egin zalantzarik. Helburua etapa garaipen bat eskuratzea zen, eta lortu dugu, non eta Lagosen. Mendate horretako helmugan lehena sartzea izugarria da. Taldeko buru gisa, ezin nezake gehiago eskatu.

Dena den, itzulia ez zenuten ederki hasi, taldekako erlojupekoan azkenak izan baitzineten.

Baina banekien hala izango zela. Vueltara ekarri ditudan txirrindularien ezaugarriak aintzat hartuta, ez daukagu espezialistarik erlojuaren aurka. Talde gehienek oreka bat mantentzen dute, bai mendian eta bai etapa lauetan. Guk ere baditugu pare bat ziklista ordekan moldatzen direnak, baina gehienbat igotzaileen aldeko apustua egin nahi izan dut.

Eta apustua ongi irten zaizu. Dena den, lan asko egin duzue Vueltako gonbidapena jasotzeko.

Dudarik gabe. Urte guztian ero moduan ibili gara lanean, hainbat lasterketari uko ere egin diogu, eta jaso dugu merezitako fruitua. Vueltako antolatzaileek deitu zigutenean itzulian parte hartzeko, sekulako poza hartu genuen, baina uste dut justizia egin zela. Deia ez zen kasualitatez izan. Talde lehiakorra baino zerbait gehiago daukagu, eta hori errepideak berak erakutsi du. Normalean, talde txikioi lehiakorrak izateko eskatzen zaigu; alegia, ihesaldietan sartzeko eta daukagun dena emateko. Baina gu haratago iritsi gara. Lasaitasunez eta umiltasunez gauza handiak lor daitezkeela argi eta garbi dago. Gurea da adibiderik onena.

Lagosen amaitzen zen etapari marka gorria egina izango zenion aurrez.

[Kar, kar...]. Txirrindularitzaren jarraitzaile sutsua naiz ezeren aurretik, eta denok dakigu zein mendate garrantzitsua den Lagosekoa. Eta bai, aurrez seinalatuta neukan. Baina markatuta edukitzetik dena pentsatu bezala ateratzera alde handia dago. Egia da De la Fuenterentzat aproposa zela, baina... Hiru baldintza zail ezin hobeto bete ziren guretzat.

Lehena, eguneko ihesaldian bi txirrindulari sartzea, eta, gainera, guk nahi genituenak. Bigarrena, ihesaldi horrek etorkizuna izatea eta tropelak baimena ematea. Eta azkenekoa, noski, guk irabaztea. Indartsuena De la Fuente zela uste genuen, baina ez, Piedrak denok harrapatu gintuen ezustean.

Negar malkoak ere irten omen zitzaizkizun emozioarekin.

Gizakiok arazo bat daukagu sentimenduak azaleratzeko, baina nik ezin izan nion eutsi neukan emozioari, eta bai, negarra gogotik egin nuen. Garen bezain txikiak izanda, zenbat lan egin dugun jakinda, eta lortu genuena ikusita, nola eutsiko nion ba negarrari! Taldeko kide guztiok ospatu genuen gogotik garaipena. Oso pozik geunden.

Zure telefonoa sutan egongo zen momentu horretan.

Ez zen isildu ere egin. Dena den, aurrez nik deitu nien Caja Ruraleko agintari gehientsuenei, telebista pizteko esanez. Konbentzituta nengoen irabazi egingo genuela, eta halaxe izan zen. Ondoren eurak aritu ziren niri deika, zoriontzeko.

Lagosen erakustaldia eman zenuten, baina, oro har, beste etapetan ere ongi ari zarete.

Nik uste baietz. Burutsu ari gara lanean, eta lasai. Talde txiki batean lan egitea ez da erraza, eta Caja Ruralen utzi didate nire erara lan egiten. Garaipena Lagosen iritsi da, baina kontuan eduki behar da joan den urrian hasi ginela prestaketa lanetan. Psikologo bat sartu genuen taldean, taldeko terapia bat ere ipini genuen martxan motibatzeko, elkartasunerako eta giro ona sortzeko ere ariketak egin ditugu... Egunez eguneko lana argitara ateratzen da errepidean. Norberaren sakrifizio pertsonala ere itzela izan da. Ziklistentzat ez da erraza familiagandik denbora asko banatuta egotea, baina merezi izaten ari da. Zazpi aste daramatzagu etxetik kanpora, nahiz egun pare bat egin ditugun gertukoekin. Sakrifizio gogor horretan dago sekretua.

Sakrifizioaz gain, zer eskatzen diezu txirrindulariei?

Beti esaldi bat erabiltzen dut: umiltasunak ez du garaipen gosea kentzen, eta hori agintzen diet, sekula ez etsitzeko. Zera barneratzen diet: niri ez dit inork irabazi helmugako marra gainditu arte. Irteera lerroan etapa irabazteko konbentzituta egotea agintzen diet. Txirrindulari profesional bati gutxienez hori eskatu behar zaio.

Ez dizute hutsik egin, bada. Gainera, jada 23 urte ziren Caja Ruralek ez zuela Vueltako etapa bat irabazten.

Pentsa, makina bat euri bota izango du ordutik. Talde indartsuenak aztertuz gero, ikus daiteke denek erakunde publikoen laguntza daukatela. Guk ez, bi milioi euro inguruko aurrekontua dugu, eta enpresa pribatu batenak gara. Beraz, gure filosofia enpresarena berarena da. Ordu asko sartzen ditugu lanean, eta 23 urteren ondoren halako garaipen bat lortzea ona da bai guretzat eta bai enpresarentzat.

Eta askoz hobea izango litzateke beste bat lortzea. Hori da orain daukazuen helburua?

Bai, noski, eta bihar [gaur] bertan irabaztera aterako gara. Garbi neukan Vueltako etapa nagusian ez genuela zereginik, baina besteetan bai. Etapa nagusiari dagokionez, komeria dezente izan genuen taldeko txirrindulariak kontrolaren barruan sartzeko. Bola del Mundoko etapa ikustekoa izango da.

Zuen balentria ikusita, hurrengo urteko Vueltan egoteko aurrerapauso itzela eman duzue.

Galanta, bai, eta hori badakite Vueltako antolatzaileek. Eta zaleak ere ari dira konturatzen Caja Ruralek baduela tokia onenekin. Hainbat zale euskaldun aritu zaizkigu animatzen kolore berdez, eta hori ederra da. Normala da Euskaltel-Euskadik izatea jarraipen gehien euskal herritarren artean, baina guri lotzen ere gero eta jende gehiago ari da.

Joaquim Rodriguezek irabaziko al du Vuelta?

Ikaragarri polita dago. Esan beharra daukat Abraham Olanok eta Paco Ginerrek bete-betean asmatu dutela ibilbidearekin, eta hori lagungarri egiten ari da. Horrez gain, zortea izan dugu ziklistak ematen ari diren mailarekin. Uste dut Purito egingo dela aurtengo Vueltaren jabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.