Lagun Arok beste liga batean ari dela esan nahi dio Alacanti

Garaipenak etxekoen Kopa gosea arinduko luke, baina Alacant orain, Bidorretarekin, askoz hobeto ari da

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
«Alacanten aurkakoa tranpa daukan partida bat da. Denok edo askok pentsatzen duzue: Alacant sailkapeneko zuloan dago; garaipen erraza eta zortzigarren garaipena. Ez nago batere ados. Hobeto ari dira Txus Bidorreta etorri zenetik, eta norgehiagoka gogorra izango da». Pablo Lasok ohar antzeko bat egin nahi izan zuen ostiraleko agerraldian. Gehiegizko baikortasuna sumatzen duelako, agian, eta ez delako inorekin fio, emaitzak txar samarrak izanda ere. Lagun Aro 10. postuan dagoelako, zortzi onenen artean sartzeko aukera ona duela. Alacant, berriz, zuloan dago, hiru garaipenekin, baina zuloan dagoelako daarriskutsua, liga bukatu bitarteko partida guztiak direlako erabakigarriak.

Handikiro izanez gero, Lagun Arok bere liga eta Alacant jokatzen ari dena ezberdinak direla esan nahi dio gaur (18:00). Alegia, bata zortzi onenen artean finkatzeko pausoak ematen ari dela eta besteak pentsatu ere ez duela egiten elite horretan sartzeko ahalegina egitea. Zuhurtasunaren diskurtsoari eutsita, ordea, bi taldeek helburu bera dutela esan genezake: ACB ligan jarraitzea.

Alacantek entrenatzailea aldatu zuen abenduan. Txus Bidorretak Oscar Quintana ordezkatu zuen, eta Indautxukoak beste itxura bat eman dio taldeari. Hasbrouck eskolta eta Rancik hegalekoa fitxatu ditu, eta balantzea oraindik kaskar samarra bada ere (3-10), hobeto ari dira. Joko antolatzaile on bi dituzte: Llompart eta Heurtel. Eta jaurtitzaile oparoak ere bai: Serkan Erdogan eta Mario Stojic. Saskipean dabiltza herren samar, bi jokalarirekin bakarrik: Andriuskevicius handia eta Doellmann.

Iluntzearekin Illunben gertatzen denarekin batera, arretaz erreparatu beharko zaie jardunaldiko beste emaitza batzuei. Kopan sartu nahi duten zortzi taldeetatik seik elkarren aurka jokatuko dute, eta horrek mesede egingo dio Lagun Arori. Alacant menderatuz gero, zortzi onenen artera bueltatuko da berriz, eta dozena puntu inguruko aldea lortuz gero, luzerako agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.