Lutxo Iturrino. Realeko eta Athleticeko jokalari ohia

«Lagunak dira bi taldeetako jokalariak; aberatsa da hori»

Azken derbiek zapore gazia utzi diote Realeko eta Athleticeko jokalari ohiari, baina baikor dago. «Ikusgarria izango da». Zuri-gorrien hutsuneak erabakigarri izan daitezkeela uste du.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2016ko urriaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Ezagun ditu Reala eta Athletic Lutxo Iturrinok (Mutriku, Gipuzkoa, 1963). Herriko taldean hazi eta hezi ondoren, gazte mailan heldu zen Zubietako haztegira. Lau urtez harrobiaren parte izan ondotik, Alberto Ormaetxearen eskutik egin zuen debuta Lehen Mailan. Ordea, aski minutu ez eta, bi denboraldi igaro eta gero, Athleticera jo zuen, 1989an. «Loren eta biok fitxatu gintuen Athleticek. Horregatik, nire erabakiak ez zuen zalapartarik sortu, Lorenen itzalpean joan bainintzen». Hain zuzen, bi jokalari horiek Realaren aurka egin zuten debuta elastiko zuri-gorriarekin. Bilbon ere ez zuen nahi adina jokatu, eta Logroñesetik igaro ondoren, Realak fitxatu zuen berriro. «Garai onak ezagutu izan nituen, baina, bigarren aldiz, nire tokia egin ezinda geratu nintzen Donostian». Salamancan, Eibarren eta Ondarroako Aurreran aritu ondoren, erretiroa hartu zuen. Entrenatzaile hasi zen gero; lehenbizi, Zubietan lan egin zuen lau urtez, eta, ondoren, Lezaman hiru urtez. Talderik gabe dago egun, baina oso gertutik erreparatu ohi dio futbolari.

Gutxik azter dezakete biharko derbia zuk baino hobeto.

Azken urteotako derbiek ez gaituzte guztiz gogobete. Batez ere Athleticek ez du eman izan esperotako maila. Biharko, baina, oso baikorra naiz, eta partida polita bezain lehiatua ikusiko dugula uste dut. Bi taldeak oso garai onean iritsiko dira, eta joko ona nagusituko dela iruditzen zait. Nik ez dut inoiz ezkutatu izan Realaren aldekoa naizela, baina, ezeren gainetik, neurketa ona ikustea nahiko nuke. Aspaldiko derbirik ikusgarriena izango da.

Nor iruditzen zaizu faboritoa?

Athletic etxean oso sendo ikusi dut orain arte. Beñaten gidaritzapean, edozein talderi irabazteko gaitasuna duela ikusi diot. Kasta eta nortasun itzela dauzka taldeak, eta zaleen babesean, joko ona egiten dute. Hori bai, azken urteotan Reala ondo moldatu izan da San Mamesen. Gainera, denboraldia hasi zenetik hobera egin du nabarmen, eta hobekuntzari jarraipena eman nahiko dio. Ikusi beharko da bi entrenatzaileek zein jokalari zelairatzen dituzten. Hamaikakoak ikusi arte, alferrik da faboritoa nor den esatea.

Beraz, bi entrenatzaileen norgehiagoka ikusi ahalko da eskema taktikoari dagokionez?

Litekeena da, bai. Valverdek bi jokalari garrantzitsu faltako ditu ia ziur: Balentziaga eta Beñat. Lehenak ez du askorik arduratuko, edozein ordezkok ongi egingo duelako lana, baina ezinezkoa da Beñat ordezkatzea. Beraz, Valverdek, akaso, beste proposamen bat azalduko du. Jakina da Realak baloia oinetan izatea nahiko duela, gero sakontasuna topatzeko. Horregatik, Athleticek kontraerasora joka dezake, eta falta zein kornerrak baliatu. Bakoitzak bereari eutsiko dio.

Bakoitzak bereari, bai. Eta udan Realak Oiartzabali eutsi dio, Athleticen mehatxua eduki arren. Jokalariak asmatu al du erabakiarekin?

Garbi dago gauzak aldatu egin direla azken urteotan. Filosofiaz aldatu dute Realeko jokalariek, eta nahiago dute Donostian geratu. Azkenean, jokalariak berak dauka azken hitza. Garbi dago Oiartzabal ikaragarri jokalari ona dela. Denok harritu gaitu, ni ere bai, eta normala da Athletic ate-joka etortzea. Merkatu estua dauka, eta normala da bizilagunen etxeetan arrantza egitea. Natural hartu behar dugu hori, baina seinale ona da Realeko jokalariek etxean geratzeko erabakia hartzea.

Zer iruditu zaizu Reala orain arte?

Itxura dotorea dauka. Uste dut zuzendaritzak asmatu zuela Eusebio fitxatuta. Guztiok dakigu zer eskolatakoa den, eta, dauzkan jokalariak aintzat harturik, haren ideiak egokiak dira. Behetik gora dator taldea, eta jokalariak gero eta konfiantza handiagoarekin sumatzen ditut zelaian. Gustura jokatzen dute, besteak beste, entrenatzailearen ideiarekin eroso sentitzen direlako. Baloia oinetan izatea dute helburu, eta Markel aulkian geratzea da horren seinalea. Pazientziarekin emaitzak iristen ari dira, eta zeresana emango du taldeak.

Zein helburu jarri beharko luke Realak?

Jokalari gazteak hezten ari da, eta ikusi besterik ez dago nortzuk diren taldeko zutabe nagusiak: Iñigo, Illarramendi, Zurutuza, Oiartzabal... Pentsatzekoa da sasoi bikainak iritsiko direla. Erregulartasuna topatzen badu, sasoi honetan albiste onak emango dizkigu. Gaur-gaurkoz, sailkapenaren erdialdean dago Realaren tokia, baina xehetasunek lagunduz gero, Europara sailka daiteke. Lortuko duela uste dut.

Eta Athletic zer moduz ikusi duzu?

Konfiantza handia ematen du taldeak. Adurizek, Raul Garciak eta beste askok esperientzia daukate, eta, joko ona ez eginda ere, puntuak ateratzeko gai dira. Horrek asko balio du. Valverde entrenatzaile bikaina da, eta oso ongi kudeatzen du taldea. Gainera, harrobitik ere gazteak ateratzen ari da. Williams, esate batera, jokalari oso ona da.

Non da bereziagoa derbia, Bilbon ala Donostian?

Beti egiten didaten galdera da hori. Derbia berezia da bi tokietan, biek nahi izaten dute irabazi. Egia da euskal talde gehienentzat Athletic dela aurkaria, besteak beste, haien harrobitik jokalariak hartzen dituelako. Baina onartu beharreko zerbait da hori, ez dago besterik. Lagunak dira Realeko eta Athleticeko jokalariak; aberatsa da hori, baloratu beharrekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.