Superligako euskal taldeek jardunaldi gozoa izan zuten atzo, hirurek emaitza onak lortu zituztelako. Lagunak-ek 1-0 irabazi zuen Malagan, Athleticek 0-4 Santanderren Reocinen aurka, eta Realak hutsean berdindu zuen Huelva bigarren sailkatuaren etxean. Emaitza horiekin, Barañaingo taldea zulotik aldendu da, Athleticek lehen postuan jarraitzen du, eta Reala zazpigarren da orain.
Sei jardunaldi igaro dira, eta Athletic da Bartzelona ahaltsuaren erritmoa jarraitzen duen talde bakarra. Biak berdinduta daude lehen postuan, Huelvak atzo kale egin zuelako. Bilboko taldeak nagusitasunez irabazi zuen atzo Santanderren Reocinen aurka (0-4). Jokalariak ohartua ziren «trikimailuekin» partida gaiztotu zitekeela: belar artifiziala, baloi puztuegiak... Baina ez, lehen zatian Nekanek bi gol sartu zituen, eta hirugarrena, Guruk, 38. minutuan. Laugarren gola Paulak sartu zuen, azken minutuan.
Lagunak-ek emaitza bikaina lortu zuen Malagaren aurka (1-0). Malagarekin berdinduta zegoen, jaisteko postuetatik oso gertu, eta atzoko garaipenari esker hiru punturen aldea ireki zuen sailkapeneko toki kritikoarekiko. Realak, azkenik, puntu baliotsua lortu zuen Huelvan (0-0). Sporting Huelva liga hasierako ezustekoa izan da, atzora arte partida guztiak irabaziak baitzituen. Atzo, etxekoek izan zuten ekimena, baina Realaren defentsa lan onak emaitza justu bilakatu zuen. Donostiako taldeak Collerense jasoko du igandean; Huelvakoa, berriz, Athleticen aurkaria izango da, Lezaman.
Ruben, jokatzeko moduan
Jose Luis Mendilibarrek behingoagatik zorte pixka bat izan du erdiko atzelariekin. Ruben, azkenean, astelehenean jokatzeko moduan egongo da. Herenegun kolpea hartuta errenka utzi zuen entrenamendua, baina atzo arazorik gabe egin zuen lan. Liga hasieran Roversiok eta Sergiok min hartu zuten, eta Ruben oso ondo baliatzen ari da jokatzeko aukera.
Lagunak-ek 1-0 irabazi dio Malagari, eta Athleticek 0-4 Reocini
Realak puntu baliotsua lortu du Huelvaren zelaian (0-0), eta zazpigarren jarraitzen du Superligan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu