Athleticek laino ilunak besterik ez du ikusten aspaldian San Mameseko zeru gainean. Sevillaren eta Espanyolen aurkako partiden ostean zerua garbitu egin zitekeela zirudienean, laino ilunekin batera behe lainoa agertu zen talde zuri-gorriko jokalarien begi aurrean. Nafarroako Erresuman ez baitzen futbolik ikusi. Zoritxarrez ez zen behe lainoaren erruz izan. Lainorik barik ere ez zen ezer ikusiko. Athletic grisena bueltatu zen. Inork ikusi gura ez duena, hain zuzen ere.
Jarraitzailerik baikorrenari ilusioa ken diezaiokeen partidaren ostean, ez da erraza Athleticekin konfiantza izatea. Norberaren burua engainatzeko argudiorik ere ez dago. Beharbada, bi aldiz jarraian gauzak horren txarto egin ezin daitezkeela pentsatzea izango da Sardinerora joatea erabaki duten zaleen motibazioa bakarra. Baina Athleticekin sekula ez dago jakiterik. Norgehiagoka txar bati are eta txarragoa den beste batekin erantzuteko gaitasuna dauka talde zuri-gorriak. Bartzelonako Leo Messik Liga irabazteko otoitz egitea besterik ez zaiela geratzen adierazi badu, zer egin beharko dute Kataluniako taldearen talentuaren laurdena ere ez duten jokalariek mailari eusteko? Joaquin Caparrosek galdera guztientzat dauka erantzuna. «Hamaikako berberak zelairatu arren, epailea bera izan arren eta zelai berean jokatu arren, futbolean ez dira sekula partida bi berdin ikusten». Futbolean denbora tarte laburrean gauza asko aldatzen direla, alegia.
Bada, gauza asko aldatu beharko dira Athleticek Espainiako Kopan aurrera egin gura badu. Kanporaketa bidez erabakitzen den lehiaketa bere fase interesgarrienean sartu da. Lehiaketako zortzi talde onenak geratzen dira lehian final-laurdenetan. Beraz, arrakastarako bidea ez da luzea. Kopak ez baitauka Ligarekin zerikusirik. Erregulartasunaren txapelketan ia ezinezkoa da goi mailako taldeei aurre egitea, baina bi partidatara edozein mendean hartzeko gaitasuna dute Ligako talde gehienek. Marcelino Garcia Racingeko entrenatzaileak argi dauka hori. Ligan Europara bidean jarri du Racing. Hala ere, jakin badaki denboraldiak aurrera egin ahala Ligari esker UEFA Kopako txartela eskuratzea ez dela samurra izango. Racingek talde mugatua dauka, eta bizpahiru jokalarik ez badute ondo jokatzen, behera egingo du nabarmen. Horregatik egingo du Koparen aldeko apustua. Ligan lasai aritzeko adinako abantaila lortu duenez, eta Athletici aurre egin aurretik azken aurkaria Bartzelona indartsua zela kontuan hartuta, Nou Campen jokatutako partidan zenbait jokalariri atseden ematea erabaki zuen entrenatzaile espainiarrak. Horrenbestez, Garay, Pinillos eta Colsa, besteak beste, ez zituen hasierako hamaikakoan zelairatu. Koparako prest gura zituen.
Athleticek, berriz, bestelako estrategia erabili zuen. Egun zelaira dezakeen hamaikako indartsuena zelairatzea erabaki zuen Caparrosek euskal derbian. Emaitza zein izan zen jakinekoa da. Baina Athleticek badauka Racingek izango ez duen abantaila bat. Maila beretsuko bi talde egiteko aukera du. Jokatzen ez duten futbolari askok ohiko hasierako hamaikakoan egoten diren jokalarien antzeko maila dute - ez oso ona-. Beraz, gaur ikusiko den Athletic ez da joan zen igandean Nafarroako Erresuman ikusi genuen baino txarragoa izango. Ez baita erraza, besteak beste.
DAVID LOPEZ DEIALDITIK KANPO. Txartelak eta erabaki teknikoak tarteko, ohiko lau titular deialditik kanpo geratu dira: Yestek, David Lopezek, Koikilik eta Javi Martinezek ez dute jokatuko. Luis Prieto ere zigortua dago, baina jokatzeko moduan egongo balitz ere, ez zuen parte hartzeko aukerarik izango. Aitor Ramos eta Eneko Rubio gazteak ere ez daude aukeratuen zerrendan. Caparrosek nahiago izan du esperientzia handiagoa duten jokalarien aldeko apustua egin. Igor Gabilondo da euretako bat. Azken asteotan min hartuta egon ostean, deialdira bueltatu da Añorgako erdilaria. David Lopezek eta Yestek ez dutela jokatuko kontuan hartuta, hasieratik aritzeko hautagai nagusien artean dago, gainera. «Kanporaketa %50ean dago. Sardineron gol bat sartzea garrantzitsua izango da. Aukerak izango ditugu. Kanporaketa San Mamesen erabakiko dela uste dut». Caparrosek lainoak baino haratago ikusten du. Esaten dituenak sinetsi edo ez sinetsi, entrenatzailearen betebeharra da mezu baikorra zabaltzea.
Laino artean ikusi ezinik
Athleticek Racingi egingo dio bisita gaur, Espainiako Kopako final-laurdenetako joaneko partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu