Irribarretsu agertu da elkarrizketara Maider Bereau Arraun Lagunak-eko arraunlaria (Senpere, Lapurdi, 1989). Ez da gutxiagorako. Lugañene ontziak laugarren aldiz jarraian irabazi du Kontxako Bandera, eta taldeak merezi bezala ospatu du lorpena. «Lan handia dago atzean, eta badakigu zer egin dugun hori lortzeko», azpimarratu du Bereauk.
Irabaztera ohitu zarete, edo ez dago horretara ohitzerik?
Ohitu ez, baina heldutasuna lortu dugu. Nerbioak eta emozioak beste modu batera kudeatzen ditugu orain.
Lehen igandean bideratuta utzi zenuten Kontxako Bandera. Bigarren iganderako lasai zeundeten? Astea luze egin zitzaizuen?
Aurten oso-oso berezia izan da. Etxabek [Juan Mari, entrenatzailea] moldaketa bat egin du. Adibidez, joan den urtean, azken bi asteetan Kontxako entrenamenduetan bagenuen gure hamalaukoa, eta bagenekien elkarrekin egingo genituela Kontxako estropadak. Baina aurten desberdin egin du: entrenamenduero aldatu du tripulazioa. Beraz, egunero beste hamalauko bat zen, eta egunero moldatu behar genuen horretara. Lehen igandean bederatzi segundoren aldea lortu genuen, baina sumatu genuen ez zela gure arraunkera, zerbait falta zitzaigula. Bigarren iganderako, Kontxako Bandera eta azken estropada, nahi genuen gure etxeko lanak ondo egin eta Etxabe ez dezepzionatu. Xubane Uribarrenak aste hori bakarrik egin du istriborrean, 2021etik ez zen istriborrean izan, eta hor lehiatu da Kontxako Banderan. Berezia izan zen atzoko hamalaukoa. Lana egin dugu gure arraunkera lortzeko, eta atzoko estropada ikusitakoan, zera esan genuen: bai, gu gaude, gu gara.
Alde handiz aritu zarete sasoi honetan. Horrek eman du modua uda osoan aldaketak egiteko, baita Kontxako Banderaren bigarren igandean ere. Taldea pizteko ere balio dute?
Bai. Tentsioa ere bada, baina piztu ere egiten du. Atzo Etxaberekin hitz egin nuen apur bat horren inguruan, eta esan nion ondo egin zuela. Entrenatzaile oso ona da, eta konfiantza osoa dut harengan. Azken bi asteetan bagenuen tentsio hori, eta negar asko egin dugu elkarrekin. Baina horri esker lortu dugu emaitza hori.
Ziaboga eman ostean, San Juan une batean gerturatu zitzaizuen. Nola bizi zenuten hori traineru barruan?
Ondo. Uretara joan aitzin, Etxaberekin solasaldia izan genuen, eta esan zigun zati hori oso txarra izango zela. Esan zigun une horretan gainera etorriko zirela, baina lasai egoteko, eta gure arraunkerari eutsita alde egingo genuela gero. Beraz, lasai hartu eta segitu behar genuen, eta hori egin genuen.
Kontxako Bandera irabazita, denboraldia biribildu duzue. Den-dena irabazi duzue. Historian arrastoa uzten jarraitzeko gogoz eta motibatuta zaudete?
Nahi bada zehatz-zehatza izan, San Pedroko jaitsiera ez genuen irabazi, baina ligako estropada guztiak bai. Ez dakit nola azaldu, baina egunero etortzen ginen beste erronka bati aurre egiteko gogoz. Beti zegoen beste zerbait. Ez dugu ilusioa galdu. Aldatu da, ez da lehen aldian bezala, baina ez dugu galdu.
Ligan eta Kontxan ez duzue aurkaririk izan. Gustatuko litzaizueke lehia estuagoa izatea?
Joan den urtean, Sestaon adibidez, egundoko estropada egin genuen Oriorekin, ehunenetan ibili ginen. Beste zerbait da, baina, hala ere, ez dakit... Santurtzikoa aurten oso berezia izan da. Emaitza begiratuta, aurretik goaz, baina barruan beste zerbait zen. Castroko emaitza begiratuta ere ikusten da urrun garela, baina barruan beste zerbait bizi genuen. Ez dakit zer erantzun. Gurea hobetzen saiatzen gara.
Zuek aise ibili zarete, baina gainerako ontziak segundo gutxian ibili dira. Nola ikusi dituzu aurkariak?
Ondo dago hori, haien artean borroka hori egotea. Borrokatzen bazara beste norbaiten kontra, zure maila ere hobetzen da. Espero dut badutela hori gurekin ere. Gu irabazteko asmoz ateratzen gara, baina badakigu besteak ere irabaztera aterako direla. Ez dugu inoiz irabazi bukaerara iritsi arte. Faboritoak gara, baina hori kazetarientzat da, guretzat ez. Erronka bat da, eta dena emateko helburua dugu.
«Etxabek aurten moldaketa bat egin du. Entrenamenduero aldatu du tripulazioa. Berezia izan da»
Batzuek lehendabizikoz irabazi dute Kontxa. Haien ilusioak zuei ere eragiten dizue?
Bai. Naroa Landa, adibidez, harrobikoa da, eta Arraun Lagunak taldean ibili da txikitatik. Bigarren igandean aritu da. Lehenengoan, Nerea Agirrezabal aritu zen, eta haren lehen Kontxa zen ere. Haientzat berezia da. Ni beti oroitzen naiz nire lehen Kontxaz, 2023koaz. Ez dut ilusio hori galdu nahi. Momentu hartan, barkura igo ginenean, elkarrizketatu ninduten, eta fama du gure artean. Ez nuen hitzik. Espero dut haiek ere ilusio horrekin bizi izatea estropada.
Talde honek non du langa? Oraindik baduzue hobetzeko tartea?
Beti daude gauzak hobetzeko. Bai fisikoki, bai teknikoki eta bai mentalki. Badaukagu lana.
Lau urte daramatzazu ontzian. Iritsi zinenean, uste zenuen halako ibilbidea egingo zenuela?
Inoiz ez. Lapurdiko arraun taldean ibili nintzen 2021era arte, eta han oso ondo moldatu nintzen Joana Halzuetekin. Gero, bidaiatzera joan nintzen urte batez. Bueltan, Etxabek deitu zion Joanari traineruan sartzeko, patroia eta arraunlaria izateko. Beraz, Joana taldean sartu zen. Hor, 2023ko otsail hasieran, neska batek min hartu zuen, eta Etxabek galdetu zien neskei ea ezagutzen zuten libre zegoen arraunlariren bat, eta taldera etorri nahi bazuen, abisatzeko. Joanak deitu zidan, eta hori esan zidan. Esan nion nahi bazuen emateko nire zenbakia, baina bazela urte eta erdi arraun egiten ez nuela, eta ez nengoela sasoiz. Elkartu nintzen Etxaberekin, eta hortik hasi zen dena. Ni talde horretan sartu nintzenean, nire asmoa zen ordezkari gisa aritzea, Euskotren ligako abentura hori bizitzeko. Ez nuen inoiz pentsatuko titularra izango nintzenik behin ere. Eta ezin dut esan amets bat dela, ez baitut inoiz pentsatu posible zenik.
Arraunera itzultzeko asmoa bazenuen?
Ez dakit. Ukan nuen momentu bat baietz, eta momentu bat ezetz. Egia esan, bidaiatik bueltatutakoan ez nuen etxerik eta ez nuen lanik; beraz, arrauna ez zen nire lehentasuna. Baina begira, egundoko esperientzia izan da. Ez nuen espero inoiz halakorik bizitzea. Pertsona zoragarriak ezagutu ditut, eta oso eskertuta nago.
Hain zuzen, askotan esan izan duzue talde honen sekretua lana eta multzoa direla.
Bai, hori da. Kanpotik begiratuta, ikusten duzu taldea bat eginda. Baina barruan sartzen bazara eta neskak banan-banan hartzen badituzu, neska oso-oso desberdinak gaude, eta uste dut hori dela gure indarra. Oso desberdinak izanagatik, ulertu nahi dugu elkar, eta hori da gure indarra.
Bukatu da denboraldia. Pena duzu? Edo gogoa ere bazenuen atseden hartzeko?
Aurten ez dut bizi sasoi amaiera beste urteetan bezala. Aurten pila bat gozatu dut: bai fisikoki, bai teknikoki eta bai mentalki. Eta ez nuen gogorik denboraldia bukatzeko. Bukatu da, baina oraindik ez dut guztiz asimilatu.