Mertxe Aizpurua. Getaria-Tolosako arraunlaria

«Lana hobetuz ari gara, eta talde eginagoa daukagu»

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Mertxe Aizpurua (Zarautz, 1985) irrikaz dago beste traineruen alboan jartzeko: «Gu eta besteak nola gauden jakiteko».

Zein dira zuen helburuak?

Iazkoa berdintzea eta, ahal bada, hobetzea. Orain arte jokatu ditugun estropadetan, ikusi dugu iaz bezalatsu gabiltzala.

Faboritotzat jotzen zaituztete.

Tira, hala esaten da, baina uretan ikusi arte ezin da jakin. Klub denetan entrenatzen da gogor, gero lehiatzeko orduan emaitza onak lortzeko.

Faborito izatea onaala txarra da?

Besteek asko espero dutenean kalterako izan daiteke, presioa delako, baina gu lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Garbi daukagu lan egin behar dela aurrean ibiltzeko.

Aurreko urteetako lan bera egin al duzue neguan?

Azkenean berdintsua da, baina urteak aurrera joan ahala, lana hobetuz joaten da, perfekzionatuz. Taldea eginagoa daukagu orain.

Iazko arraunlari multzo ia bera zarete. Abantaila al da hori?

Gu oso gustura gaude, urtero segitzen dugu arraunean, eta abantaila da, taldea hobetzeko aukera ematen duelako.

Emakumezkoen traineru estropadak hasieran baino hobeto antolatzen al dira?

Onera egin du, baina bada zer hobetu. Euskotren ligarako sailkatzeko modua zehazteko estropada maiatzaren 18an jokatu genuen, baina bezperan ez genekien jokatuko zen edo ez. Liga hori klubek jokatuko dugu aurten, eta onera egitea da hori. Pixkanaka hobetuz doa gauza, baina bada zer hobetu. Denborarekin lortuko ditugu gauzak.

Gipuzkoako liga hau al da etorkizuna?

Gipuzkoako ligan hobea da antolakuntza; arazo gutxiago daude. Baina Euskotren ligak izen gehiago dauka; ikusi besterik ez dago zenbat jende joaten den Euskotren ligako estropadetara eta zenbat Gipuzkoako ligakoetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.